CIAren gomendioz alboratu du Trumpek Venezuelako oposizioa

AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren arabera, chavismoak kontrolatzen ditu Venezuelako armada eta polizia indarrak. Horregatik, Delcy Rodriguezekin elkarlanean aritzeko prest agertu da Trump, eta oraingoz baztertu egin du bozak egitea.

Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentea karguaren zina egiten, atzo, Caracasen. EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentea karguaren zina egiten, atzo, Caracasen. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 6a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea harrapatu ostean, AEBek ez dute oztopatu chavismoaren jarraipena. Orain arte Venezuelako presidenteorde izandakoak, Delcy Rodriguezek, hartu zuen atzo jarduneko presidente kargua. The New York Times eta The Wall Street Journal egunkariek kaleratu dutenez, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak Etxe Zuriari gomendatu zion uzteko Rodriguezi boterea hartzen. Izan ere, informazio horien arabera, chavismoak kontrolatzen ditu Venezuelako armada eta polizia indarrak. Halere, Donald Trump AEBetako presidenteak ziurtatu du berak duela Venezuelaren kontrola.

Herrialdearen kargu nor dagoen galdetuta, AEBetako presidenteak ez du zalantzarik izan: «Neu». NBC News hedabidean elkarrizketa bat egin diote Euskal Herrian gaur goizaldea zenean, eta Trumpek ziurtatu du gaur-gaurkoz ez dituztela hauteskundeak egingo Venezuelan: «Lehenik herrialdea konpondu behar dugu, eta denbora beharko dugu».

Trumpen aginduz, AEBek hainbat bonbardaketa egin zituzten Venezuelan larunbatean, eta herrialdeko presidentea eta haren emazte Cilia Flores harrapatu zituzten. Atzo hasi zuten New Yorkeko epaitegi federal batean (AEB) Maduroren eta Floresen aurkako epaiketa; narkotrafiko sare baten buru izatea leporatzen diote Madurori.

Gaur Ordezkarien Ganberako errepublikanoen aurrean hitz egin du Trumpek, eta larunbateko erasoa goraipatu du: «Sorpresaz harrapatu genituen, aparta izan zen». Gainera, operazioan hildako «asko» izan zirela ere jakinarazi du; batez ere, kubatarrak. Venezuelako hedabideek zabaldu dutenez, 57 pertsona hil zituzten: Kubako 32 militar; Venezuelako, 23; eta bi zibil.  AEBen operazioak Venezuelako oposizioaren itxaropena piztu bazuen ere, laster itzali zen.

EB Europako Batasunak eta Hego Ameriketako hainbat herrialdek adierazi dute Edmundo Gonzalez eta Corina Machado buru dituen oposizioaren esku utzi beharko litzakeela Venezuelako Gobernua. Washingtonek, baina, ez du uste oposizioa herrialdeko armada kontrolatzeko gai denik, eta, CIAren gomendioei men eginez, Trumpek asteburuan iragarri zuen Delcy Rodriguezekin elkarlanean arituko dela. Venezuelako jarduneko presidenteak atzo hartu zuen kargua, eta prest agertu da «elkarrekin lan egiteko». Aurrez, Etxe Zuriko maizterrak Rodriguezi ohartarazi zion Maduroren moduan «edo okerrago» amaituko duela «ongi» jokatzen ez badu; hau da, Trumpen esanak betetzen ez baditu.

Etxe Zuriak oposizioko alderdia dauka Venezuelan 2024an egindako bozen garailetzat, baina ez du haien alde egin. AEBetako hainbat hedabidek iradoki dute Trumpek aukera hori alboratu duela Machadori eman ziotelako AEBetako presidenteak horrenbestetan eskatu duen Bakearen Nobel saria. Gaur NBC News hedabideari egindako adierazpenetan ukatu egin du hipotesi hori: «Ez zuen berak irabazi behar, baina horrek ez du zerikusirik izan nire erabakian». 

Oposizioak, bestalde, ez du begi onez ikusten Etxe Zuriaren erabakia, baina, halere, esker hitzak izan ditu Trumpentzat. Machadok Fox telebista katean emandako elkarrizketa batean esan du Trumpen ikuspegi «ausartari» eta hartutako neurri «historikoei» esker Venezuela «trantsizio demokratikorako bidean» dela. Eta jarduneko presidentearen aurkako adierazpenak ere egin ditu: esan du Delcy Rodriguez «torturaren, jazarpenaren, ustelkeriaren eta narkotrafikoaren arkitekto nagusietako bat» dela. Gaineratu du bera ahalik eta azkarrena itzuliko dela Venezuelara, eta hauteskundeak irabazteko prest dagoela. Machado abenduaren 11n berragertu zen Oslon, urtebete inguru ezkutuan eman ostean. Bakearen Nobel Saria jasotzera joan zen hara.

Munduan, «segurtasun gutxiago»

AEBen erasoak erreakzioak sortzen jarraitzen du nazioartean. Gaur, Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak iritzi artikulu bat kaleratu du The Guardian Erresuma Batuko egunkarian, eta salatu du nazioarteko legediaren oinarrizko printzipio bat urratu dutela: «Herrialdeek ezin dute indarra erabili beren helburu politikoak edo lurralde eskakizunak betetzeko». Gainera, adierazi du kezka eragin diotela erasoaren inguruan hainbat estatuk hartutako jarrerak: «Narratiba bat sortzen ari da AEBen esku hartze militarra justifikatzeko».

Tuerkek oroitarazi du OHCHRk askotan salatu duela Venezuelako agintariek giza eskubideak urratu izan dituztela, baina ez du uste horrek AEBen operazio militarra justifikatzen duenik: «Esku hartze militarra ez da garaipen bat izan giza eskubideentzat; nazioarteko segurtasunari kalte egin dio, eta orain segurtasun gutxiago dago herrialde guztietan». Gainera, Tuerken arabera, AEBen erasoak honako mezu hau zabaldu dio nazioarteari: «Boteretsuek nahi dutena egin dezaketela».

Europako herrialdeek Groenlandiaren subiranotasuna defendatu dute

Donald Trump AEBetako presidenteak Groenlandia anexionatu asmo du. Iazko urtarrilean, Etxe Zurira itzuli aurretik, jada adierazi zuen Artikoko uharte hori bere egin nahi duela; eta, Venezuelako erasoaren ostean, berretsi du Groenlandia «behar» duela. Horrek kezka eragin du uhartean, baita Kopenhagen ere —uharteak bere gobernua badu ere, Danimarkaren menpeko lurraldea da—. Eta gaur Europako zazpi estatuk ohar bateratu bat kaleratu dute uhartearen subiranotasuna defendatzeko. Artikoko segurtasuna «ezinbestekoa» dela adierazi dute, baina hori bermatzeko elkarlanean jardun behar dela, eta herrialde baten subiranotasuna ezin dela urratu. Alemaniako, Frantziako, Erresuma Batuko, Italiako, Espainiako, Poloniako eta Danimarkako gobernuburuek izenpetu dute oharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.