Venezuelan preso zeuden bi euskal herritar askatu ditu Caracasek

«Preso ugari» askatuko dutela iragarri du Venezuelako Parlamentuko presidente Jorge Rodriguezek, eta xedea «bakea eta bizikidetza baketsua sendotzea» dela.

Jorge Rodriguez, Venezuelako Parlamentuko presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
Jorge Rodriguez, Venezuelako Parlamentuko presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urtarrilaren 8a
19:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelako Parlamentuko presidente Jorge Rodriguezek arratsaldean egindako agerraldi batean iragarri du «preso ugari» askatuko duela gobernuak. Ez dute zehaztu zenbat preso askatuko dituzten, baina, iturri ofizialen arabera, horietako bi euskal herritarrak dira: Andres Martinez Adasme eta Jose Maria Basoa. 

Rodriguezek esan duenez, «kutsu politikorik edo ekonomikorik gabeko» erabakia izan da; «aldebakarrekoa, eta beste inorekin hitzartu gabea», eta «bakea eta bizikidetza baketsua sendotzea» du xede.

Venezolanos en Bilbao-Bizkaia (Venezuelarrak Bilbon-Bizkaian) elkartearen fundatzaile Pedro Diazek Europa Press albiste agentziari baieztatu dionez, Espainiako Gobernuak Venezuelan daukan Enbaxadan daude Martinez eta Basoa. Biak ala biak 2024ko irailean atxilotu zituen Venezuelako Poliziak, Puerto Ayacuchon, Venezuelako Amazonas estatuko hiriburuan, Kolonbiako mugatik gertu. Haiekin batera, hiru estatubatuar ere —armadako kide bat tartean— atxilo hartu zituzten, baita txekiar bat ere. 

Konplot bat egitea eta Venezuelako Gobernuaren aurka egiten ahalegintzea egotzi zieten. Zehazki, ekintza «terroristen» bidez gobernua «ezegonkortzeko operazio» batean parte hartzea egotzi zieten, eta Nicolas Maduro presidentea, Delcy Rodriguez presidenteordea eta beste hainbat goi kargudun hiltzea xede izatea. Madurok akusazio horiek berretsi zituen garai hartan, eta esan zuen atxilotuak «terroristak» eta Espainiako Zerbitzu Sekretuen (CNI) «ezkutuko agenteak» zirela.

Venezuelako Barne ministro Diosdado Cabellok orduan adierazi zuenez, Basoak eta Martinezek aitortua zuten operazio horretan «parte hartze aktiboa» izan zutela. Espainiako Gobernuak, ordea, berehala gezurtatu zituen Cabellok eginiko akusazio horiek, eta beti ukatu izan du Martinezek eta Basoak gobernuarekin nolabaiteko loturarik zeukatela. Hamabost hilabete inguru egin dituzte ziegan, Rodeo I kartzelan, Caracasen.

Horri lotuta, Lehendakaritzako iturriek ohar bidez jakinarazi dute «arretaz» ari direla aztertzen Venezuelan gertatzen ari dena, eta Martinez eta Basoa askatzea espero dutela. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du «beti» eskatu duela «nazioarteko legezkotasuna errespetatzea» eta «gutxieneko berme judizialak» izatea. «Eusko Jaurlaritzak harreman estuan jarraitzen du familiekin, behar den guztian laguntzeko», gaineratu dute oharrean.

Imanol Pradales lehendakariak ere ohar bat zabaldu du X sare sozialean, eta aurreratu du bihar itzuliko direla etxera bi presoak. Biak onik daudela azpimarratu du, eta Eusko Jaurlaritzaren «babes osoa» helarazi die «modu bidegabean» atxilotuta zeuden bi euskal herritarren senitartekoei. «Euskadin nazioarteko legezkotasuna, oinarrizko berme judizialak eta giza eskubideak errespetatzea eskatzen jarraituko dugu beti», gaineratu du.

Bi atxilotuen familiek salatu zuten Martinezen eta Basoaren desagerpena, 2024ko irailaren 9an. Astebete lehenagotik, hilaren 2tik, ez zuten haien berririk, eta handik bi astera baieztatu zien Ertzaintzak haiek zirela Venezuelan atxilotu zituzten bi euskal herritarrak.

Venezuelak askatu dituen presoetako bi dira Martinez eta Basoa, baina beste hainbat askatu dituela adierazi du Caracasek. Horien artean dago, besteak beste, Enrique Marquez, oposizioko kidea eta Venezuelako presidente izateko hautagai izandakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.