Von der Leyenek atzera egin du, eta ziurtatu EBk nazioarteko zuzenbidea defendatuko duela beti

Europako Batasunak bakearen alde egiten jarraituko duela adierazi du Europako Batzordeko presidenteak.

Ursula Von der Leyen gaur, Europako Parlamentuan, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Ursula Von der Leyen gaur, Europako Parlamentuan, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko martxoaren 11
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritziz aldatu du, edo, behinik behin, diskurtsoz. Herenegun, legeetan oinarritutako nazioarteko ordena amaitutzat jo zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak; gaur, ostera, nazioarteko zuzenbidea defendatu du. «Europako Batasunak beti defendatuko du nazioarteko zuzenbidea», ziurtatu du gaur. «Europak ezin du nazioarteko ordena zaharkituaren zaindari izan», adierazi zuen astelehenean.

Europako Parlamentuan hitzaldi bat eman du gaur, eta han gogorarazi du EB Europako Batasuna «bakearen aldeko proiektu» gisa sortu zela, eta hala jarraituko duela aurrerantzean ere: «Bakearen, Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren eta nazioarteko zuzenbidearen aldeko konpromisoak erakundearen sorreran bezainbesteko garrantzia du egun. Beti defendatuko ditugu printzipio horiek».

Mundua aldatu egin dela-eta, herenegun esan zuen formatu tradizionalak jada ez direla «eraginkorrak gaur egungo krisirik larrienak konpontzeko». Horregatik, nazioarteko zuzenbideaz harago, bide berriak hartu behar direla iradoki zuen: «Ezin dugu pentsatu arauetan oinarritutako sistema dela gure interesak defendatzeko modu bakarra. Ezta arau horiek mehatxu konplexuetatik babestuko gaituztela ere».

Von der Leyenen esan horiek kritikak eragin zituzten talde komunitarioko liderren artean ere. Esaterako, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak legeetan oinarritutako nazioarteko ordenaren aldeko hitzaldia eman zuen atzo, Von der Leyenek herenegun esandakoei erantzunez. Esan zuenez, AEBak, Errusia eta Txina «errealitate berri bat» marrazten ari diren honetan EBri dagokio arauetan oinarritutako nazioarteko ordena horren «zaindari» izatea.

«Malkorik ez» Khameneirengatik

Esanak esan, Von der Leyenek ez du txartzat jo AEBek eta Israelek nazioarteko zuzenbidea urratuta Iranen egindako erasoa. «Inork ez luke malkorik isuri behar Irango erregimena erortzeagatik», adierazi du. Izan ere, Europako Batzordeko presidenteak salatu du Teheranek herritarrak kartzelatzen eta torturatzen dituela, ekintza «terroristak» babesten dituela, eta Errusiari laguntza eman diola Ukrainako inbasioan.

Irango herritarrek «askatasuna, duintasuna eta beren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea» merezi dituztela gaineratu du Von der Leyenek. Baina, aldi berean, AEBek eta Israelek beren kabuz hartutako erabaki bat defendatu du: Ali Khamenei Irango lider gorenaren hilketa. «Irandar askok ospatu egin dute Khameneiren erorialdia. Espero dute Iran aske baterako bidea irekiko duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA