GERRA UKRAINAN

Wagnerrek kideak errekrutatzen jarraitzen du

BBC hedabideak kaleratutako informazio baten arabera, errekrutatze bulego batean adierazi diete balitekeela izena ematen dutenak Bielorrusiara joatea. Horri buruz ohartarazi dute EBko zenbait liderrek

Bi gazte, Wagnerren egoitza nagusiaren aurrean, herenegun, San Petersburgon (Errusia). EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 30a
11:28
Entzun

Joan den larunbateko altxamenduaren ondorioak gorabehera, Wagner taldeak Errusia osoan kideak errekrutatzen jarraitzen du, BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak jakinarazi duenez. Informazio horren arabera, Errusiako telefono zenbaki bat erabiliz deitu dute mertzenarioen taldeak herrialdearen luze-zabalean dituen hainbat bulegotara, eta horietan denek erantzun diete segitzen dutela errekrutatzen. Matxinada saiakera bertan behera geratu ondoren, Vladimir Putin Errusiako presidenteak hiru aukera planteatu zizkien Jevgeni Prigozhin buru duen mertzenario taldeko kideei: Errusiako armadan integratzea; Bielorrusiara erbesteratzea; edo «familia eta lagunengana» itzultzea.

Prigozhin Bielorrusiara erbesteratu da, hango presidente Aleksandr Lukaxenkok auzian izandako bitartekaritza baliatuta. Eta Europar Kontseilua Bruselan egiten ari den goi bileraren lehen egunean, atzo, EB Europako Batasuneko zenbait liderrek ohartarazi zuten Wagner taldea Bielorrusian ezartzeak «segurtasun krisia» eragin dezakeela. BBCk argitaratu duenez, errekrutatze bulegoetako batean telefonoa hartu duenak adierazi du balitekeela izena ematen dutenak Bielorrusiara joatea.

Ikusi gehiago: Aliatuak desafio egin dio Putini

«Boluntarioan taldeak» armadan integratzeko agindua emanda dauka Errusiako Defentsa Ministerioak. Armada pribatuak, legez, debekatuta daude Errusian, eta Txetxeniako Akhmat taldeak, esate baterako, kontratu bat sinatu du Errusiako armadan integratzeko. Prigozhinek esan zuen aurreko ostiralean, altxamendua gertatu baino egun bat lehenago, erabakita zeukala taldearen armamentu astuna armadari entregatzea. Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen joan den astelehenean Wagnerrekoak prestatzen ari zirela ekipamendu militarra armadari emateko. Horren guztiaren harira, BBCk jaso du errekrutatze bulego batean esan dietela kide bihurtzen direnek Wagnerrekin sinatzen dutela kontratua, ez armadarekin.

Ikusi gehiago: Wagnerrekoen aurkako zigor auzibidea artxibatu egin du Kremlinek

Bestalde, EBko estatuetako estatuburuek eta gobernuburuek atzo berretsi zuten jarraituko dutela Ukraina behar beste denboraz laguntzen. «Laguntza militarrak luzerako izan behar du», nabarmendu zuen EBren diplomaziaburu Josep Borrellek. Besteak beste, aireko defentsak sistemak eskatzen ditu Ukrainak, eta, Kievek gaur adierazi duenez, horiei esker Errusiak goizaldean Zaporizhia eskualdean azpiegitura militarren aurka jaurtitako hamahiru droneetatik hamar erorarazi ahal izan ditu. Ez da biktimarik egon.

Eta HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, bildu dituen froga berri batzuen arabera, Ukrainako armadak pertsonen kontrako minak erabili ditu Errusiako tropen aurka, eta debekatuta daude. Horiek horrela, Kievi eskatu dio bete dezala hilaren hasieran hartutako konpromisoa, zeinak zehazten zuen ez dituztela arma horiek erabiliko, eta erabiltzen diren kasuetan ikertuko duela horien erabilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.