Yemengo independentistek salatu dute Saudi Arabiak eraso egin diela

Independentistek iragarri dute akordioa egin dutela gobernuarekin, haren armada Hadramauten hedatzeko. Eskualde horretako gobernadoreak, berriz, iragarri du «operazio baketsua» abiatu dutela gune militarrak berreskuratzeko.

Protestari bat Hego Yemengo bandera irudikatzen duen txapel batekin Aden hirian, Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak deitutako manifestazio batean, joan den asteartean. NAJEEB MOHAMED / EFE
Protestari bat Hego Yemengo bandera duen txapel bat buruan duela, Aden hirian, Hegoaldeko Trantsizio Kontseiluak deitutako manifestazio batean, joan den asteartean. NAJEEB MOHAMED / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urtarrilaren 2a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yemengo independentistek salatu dute Saudi Arabiak eraso egin diola beren kanpamentu militar bati; bi herrialdeen arteko muga inguruan jazo dira bonbardaketak, Hadramaut eskualdean, hain zuzen ere —eskualde horixe bera da Hegoaldeko Trantsizio Kontseiluko independentistek abenduan kontrolpean hartu zutenetako bat—. Mohammed Abdulmalikek, kontseiluaren Hadramauteko arduradunetako batek, esan du zazpi lagun hil eta hogei baino gehiago zauritu direla Al-Khasah kanpamentuan.

Salem Ahmed Saeed al-Khunbashi Hadramaut eskualdeko gobernadoreak —Yemengo Gobernuaren ordezkaria da, ez independentistena— gaur iragarri du «operazio baketsua» abiatu dutela Hegoaldeko Trantsizio Kontseiluak hartutako gune militarrak berreskuratzeko: «Operazio hau ez da gerra deklarazio bat, ezta tentsioa handitzeko saiakera bat ere», nabarmendu du ohar bidez, Saba berri agentziak kaleratu duenez.

Izan ere, Hadramauteko gobernadoreak Sorterriko Ezkutua gidatuko du, Raxad al-Alimi Yemengo presidenteak iragarri duenez —duela bi urte sortu zuten Yemengo armadako talde hori, eta Riadek entrenatzen eta hornitzen du, bai diruz eta bai armaz—. Erabakiaren xedea «segurtasuna eta ordena» berrezartzea da, abenduan herrialdearen parte handi bat independentisten esku geratu baitzen.

Riadek behin baino gehiagotan exijitu die independentistei gobernuaren esku utz ditzatela bai Hadramaut eta bai ekialdeko Al-Mahra eskualdeak, zeinak petrolioan aberatsak diren, gainera.

Aintzat hartzekoa da boterea partekatzen zutela nazioarteak onartutako gobernuak eta independentistek, harik eta independentistek herrialdearen hegoaldea eta ekialdea mendean hartzen hasi ziren arte, iragan abenduan —1990era arte Hego Yemen zenaren lurraldea kontrolatzen dute gutxi gorabehera; urte horretan, Ipar Yemen eta Hego Yemen bateratu egin ziren—. Saudi Arabiak zuzentzen duen nazioarteko koalizio batek babesten du gobernua, eta beldur da independentistek herrialdea are gehiago zatikatuko ote duten; izan ere, huthiek —Iranen aldeko talde xiitakoek— Yemen mendebaldea eta Sana hiriburua kontrolatzen dituzte 2014az geroztik.

Besteak beste, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek huthien kontra egin dute orduz geroztik. Baina Riadek nazioarteak onartutako gobernuaren alde egin du, eta Abu Dhabi, berriz, independentisten alde lerrokatu da. Asteartean, Saudi Arabiak kargamentu bat bonbardatu zuen Yemengo Mukalla hiriko portuan, argudiatuta Arabiar Emirerri Batuek armak bidali nahi zizkietela Yemen hegoaldeko independentistei; Saudi Arabiako armadak adierazi zuen, ohar bidez, armen eta ibilgailu militarren kargamentua Arabiar Emirerri Batuetako Fujairah hiritik heldu zela asteburuan.

Horiek horrela, Raxad al-Alimi Yemengo presidenteak herrialdetik alde egin zezala agindu zion Arabiar Emirerri Batuen armadari. Jarraian, Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen «terrorismoaren kontrako indarrak» Yemendik aterako dituela —armadako indar horiek dira Yemenen geratzen diren bakarrak, ministerioaren arabera—.

Independentistek estatu propioa aldarrikatzen dute Yemenen. Matxino huthiek Sana hiriburua hartu eta gero, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek milizia xiitaren kontrako frontea osatu zuten, eta batera aritu ziren nazioarteko aitortza zuten Yemengo agintariak eta independentistak. Zatitu ere egin zen fronte hori, 2018an independentistek Aden hiria —nazioarteak onarturiko gobernuaren hiriburua— hartu ostean. Azkenerako, boterea partekatzea adostu zuten Yemengo bi aldeek; azken asteotako gertakariek, ordea, aldenarazi egin dituzte bata bestearengandik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.