Yemengo independentisten liderra gobernutik bota dute

Nazioarteko aitortza duen gobernuak argudiatu du Al-Zubaidik herrialdetik «ihes» egin duela; baina, independentisten arabera, Yemenen dago oraindik, «toki seguru batean».

Manifestariak Aidarous al-Zubaidi Yemengo independentisten liderraren argazki bat erakusten, lehengo astean, Adenen. NAJEEB MOHAMED / EFE
Manifestariak Aidarous al-Zubaidi Yemengo independentisten liderraren argazki bat erakusten, lehengo astean, Adenen. NAJEEB MOHAMED / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 7a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Are gehiago harrotu dira urak Yemenen. Aidarous al-Zubaidi independentisten burua nazioarteko aitortza duen gobernutik kanporatu dute, argudiatuta herrialdetik «ihes» egin duela eta «traizio handia» izan dela hori. Saudi Arabiaren babesa du gobernu koalizio horrek, eta azken egunotan liskarra izan du independentistekin —Arabiar Emirerri Batuek finantzatzen dituzte horiek—. Al-Zubaidi Riadera joatekoa zen bilera batera, baina, gobernuaren arabera, ez du hegazkina hartu, alde egin du, eta ez dakite non dagoen. Kontrara, independentistek diote beren liderra Yemenen dagoela oraindik, Adenen, «toki seguru batean». Hori berretsi du Amr al-Bidh independentisten atzerri gaietako arduradunak, X sare sozialean: «Ez luke bere jendea abandonatuko».

Hiru zatitan dago banatuta Yemen politikoki. Herrialdearen mendebaldea eta Sana hiriburua huthiek kontrolatzen dituzte, eta herritarren bi heren bizi dira bertan —40 milioi pertsona bizi dira Yemenen—. Huthien aurkakoak dira gainontzekoak, baina horiek ere zatituta daude, eta hor dago arazoa orain. Zati bat independentisten esku dago, STC Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalaren esku, eta geratzen den zatian agintzen du nazioarteak aitortzen duen gobernuak.

Al-Zubaidi independentisten burua da, baina nazioarteak aitortzen duen gobernuko kide ere bazen, bertatik bota duten arte. Motieb Ba Ziyad Yemengo lehen ministroaren bulegoko zuzendariaren ondokoak Al-Jazeera hedabideari adierazi dio STC gobernuko kide dela oraindik ere, horretan bi postu baititu. «STCkoak gaurko bileran izan dira, eta Al-Zubaidi kargutik kentzeko erabakia beren aurrean hartu da».

Erabakiaren ondoren, aire bidezko hamabost eraso egin ditu Saudi Arabiak Yemen hegoaldean, Al-Dale eskualdean, hain zuzen. Eta arratsaldean jakin da, Al-Zubaidi ez bezala, independentisten talde bat Riadera joan dela, elkarrizketak abiatzeko eta Yemen hegoaldeko gatazkari irtenbide bat emateko.

Estrategia arazoa

Huthiak Iranen aldeko talde xiita dira, eta 2014an Sana hiriburua hartu zuten. Ordutik, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek militarki esku hartu dute lurraldean, «gobernu zilegi bat» eratzeko. Baina ez dira ados jarri estrategian, eta elkarren aurka egiten ari dira orain. Arabiar Emirerri Batuek babesten dituzte independentistak, eta Saudi Arabiak, berriz, nazioarteko aitortza duen gobernua. Esan daiteke independentistek nahikoa dutela hegoaldea kontrolatzearekin eta iparraldea huthien esku uztearekin —1967tik 1990era bi errepublikatan banatuta egon zen Yemen: Ipar Yemen eta Hego Yemen—, baina Yemengo Gobernua —Saudi Arabiak finantzatzen duena— lurralde osoa bateratzearen aldekoa da.

Abendu hasieran, Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak Yemen ekialdean dauden bi eskualdeak hartu zituen: Hadramaut eta Mahra. Eskualde estrategikoak dira biak: lehena, herrialdeko hidrokarburoen %80 bertan dagoelako; eta bigarrena, Omanekin muga egiten duelako. Aden hiria ere hartu zuten independentistek.

Azken egunotan aldendu egin dira bi gobernuen jarrerak; baita Riad eta Abu Dhabiren artekoak ere, eta, zenbait hedabidetako adituen arabera, independentisten liderra ez da Riadera joan bertan atxilotu egingo zutela uste zuelako.

Iragan astean, Al-Zubaidi berak iragarri zuen Yemengo independentistek independentzia prozesu bat abiatu, eta erreferenduma egingo zutela, nahiz eta «indarrez» ere independentzia aldarrikatu ahalko zuketen. Iragarpenaren ostean, Saudi Arabiak eraso egin zion independentisten Hadramaut eskualdeko kanpamentu militar bati, eta, Hegoaldeko Trantsizio Kontseiluaren arabera, zazpi lagun hil zituen eta hogei baino gehiago zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.