Yousafek Eskoziako lehen ministro kargua utziko du

Gobernuburuak esan du «gutxietsi» egin dituela lankidetza akordioa amaitzeak Berdeei eragin dien «mina» eta «haserrea». SNPk haren ordezkoa aukeratzen duen arte agintean jarraituko du.

(ID_13831263) BRIAIN SCOTLAND GOVERNMENT
Humza Yousaf Eskoziako lehen ministroa, gaur egin duen agerraldian, Edinburgon. ESKOZIAKO GOBERNUA / EFE
ander perez zala
2024ko apirilaren 29a
13:15
Entzun

Kalkulu txarrak egin eta erabaki politiko okerrak hartzearen adibide bilakatu da Humza Yousaf. Joan den ostegunean SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren eta Eskoziako Alderdi Berdearen arteko lankidetza akordioa bertan behera utzi zuen, horrek egonkortasun politikoa erabat haustea eragin zuen, eta, azkenean, erabaki hartatik lau egunera, Yousafi aukera bakarra besterik ez zaio geratu: Eskoziako lehen ministro kargua uztea.

Gobernuburuak, gaur eguerdian egindako agerraldi batean, azaldu du harentzat «erabaki egokia» izan zela SNPk Berdeekin zuen lankidetza akordioa amaitzea, eta, berez, haiekin lan egiten jarraitzeko asmoa zuela, baina aitortu du ez duela aurreikusi ituna bertan behera uzteak zer ondorio politiko eragin dituen, ekologisten sostengua galdu baitu; hau da, «gutxietsi» egin duela horiei «mina» eta «haserrea» eragin izana. «Asteburua pasatu dut gogoeta egiten, nire alderdiarentzat, gobernuarentzat eta herrialdearentzat egokiena zer den erabakitzeko. Ondorioztatu dut gure harremana soilik modu batean konpon daitekeela: beste norbait gidaritzapean egonda», azaldu du oraindik ere Eskoziako lehen ministro denak.

Eta, modu batera edo bestera, horixe bera argudiatu du Berdeen buruzagikide Patrick Harviek, gobernuburuaren agerraldiaren aurretik BBC Radio 4 irrati kateari zera esan baitio: «SNP gai da gobernatzeko gutxiengo gobernu egonkor batekin eta Eskoziako Parlamentuan gehiengo osorik izan gabe. Baina uste dut Humza Yousaf jada ez dela gai era horretako gutxiengo egonkor bat gidatzeko, horren oinarria konfiantza baita, eta berak pertsonalki konfiantza hautsi duelako». Ikusteko dago, hortaz, ea Harvie iradokitzen ari den beste lehen ministro batekin lankidetza akordiora itzul daitezkeen, zeren eta gaineratu du oraingo egoera politikoa ez zela «beharrezkoa».

«Erabat posible zen aste honetako konfiantza mozioa gainditzeko bide bat egitea, baina ez dut asmorik nire balioak eta printzipioak salerosteko, boterean geratzearen truke».

HUMZA YOUSAFEskoziako lehen ministroa

Oposizioak bi konfiantza mozio aurkeztu zituen iragan astean, asteon Eskoziako Parlamentuan bozkatzeko: bata Yousafi buruzkoa, eta bestea, gobernuaren ingurukoa. Horiei begira, lehen ministroak oposizioko alderdiei idatzi zien joan den aste amaieran, «oinarri komunak» aurkitu eta, finean, bozketa horiek ez galtzeko. Baina inork ez zion baiezkorik eman, eta SNPtik atera, eta Alba Alderdira —Alex Salmond gobernuburu ohiak (2007-2014) sortu zuen, 2021ean— joan zen diputatu bakarraren, Ash Reaganen, esku geratu zen haren etorkizun politikoa; eta, halere, Eskoziako hedabideen arabera, Yousafek ez du asmorik izan Albarekin akordiorik egiteko, bien arteko desberdintasunak argudiatuta.

«Erabat posible zen aste honetako konfiantza mozioa gainditzeko bide bat egitea, baina ez dut asmorik nire balioak eta printzipioak salerosteko, boterean geratzearen truke», argudiatu du lehen ministroak bozketa horiei erreferentzia egin dienean. Eta, hain justu, horretaz mintzatu da, gaur, Eskoziako Alderdi Kontserbadorearen buruzagi Douglas Ross ere, esan baitu haren alderdiak «behartu» duela Yousaf kargua uztera, konfiantza mozio bat aurkeztu zutelako; komunikatu baten bitartez argudiatu duenez, SNPko politikariak gobernuburu kargua utziko du «porrot umiliagarri bat» izan ez dadin.

Bigarren dimisioa urtebetean

Eskozian ohikoa da egonkortasun politikoa, baina, Nicola Sturgeonek iazko otsailean dimisioa emanez geroztik, gobernuak geroz eta zailtasun handiagoak ditu lasai gobernatzeko; Sturgeonen eta Yousafen erabakiak aintzat harturik, bi kargu uzte izan dira urtebete pasatxoan, eta, gainera, SNPk ez du gehiengo osorik Eskoziako Parlamentuan. Oposizioko alderdi gehienek, hortaz, egunotako ahulaldia baliatu dute, eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dute —2026an egitekoak dira—.

Yousafek, ordea, ez die jaramonik egin, eta jakinarazi du SNPn haren ordezkoa aukeratzeko primarioak egingo dituztela —alderdiaren buruzagitza ere utziko du—. Ikusteko dago zeintzuk izango diren lehiakideak, baina espero da Kate Forbes Eskoziako Finantza eta Ekonomia ministro ohia (2020-2023) berriz ere aurkeztea —Yousafen kontra galdu zuen iazko barne bozketan, gutxigatik—; gainera, Eskoziako hedabideen arabera, alderdikide batzuk presio egiten ari dira John Swinney lehen ministrorde izandakoak (2014-2023) ere parte hartzeko —alderdiaren buruzagi izan zen 2000 eta 2004 bitartean—, eta hark ez du aukera hori baztertu, gaur adierazi duenez. Neil Gray Osasun ministroa eta Jenny Gilruth Hezkuntzakoa lirateke beste aukeretako batzuk.

SNP nabarmen ahuldu da azken urtean, eta, inkestek diotenez, Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak gaur egingo balituzte, 2011tik honako ordezkaritzarik txikiena lortuko luke; hamabost eta hogei diputatu artean galduko lituzke —63 ditu egun–. Are, Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak beranduenez datorren urtarrilean egingo dituzte, baina horiek aurreratzeko aukera mahai gainean du Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak; erabaki hori hartuko balu, betiere inkesten arabera, Eskoziako Alderdi Laboristak SNPk baino boto gehiago lortuko lituzke, 2015etik lehen aldiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.