Klima larrialdia. Metano isurketak energiaren arloan. Itziar Irakulis Loitxate. Zientzialaria

«Isurketak gutxitzeko, ekoizteko era aldatu behar da»

Munduan erregai fosilen industriak egiten dituen metano isurketak atzematen egiten du lan Irakulisek. Isuriak geratzeko aukera badela uste du, baina ekoizpen modua aldatuta.

BERRIA.
inaki petxarroman
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Itziar Irakulis Loitxate (Zornotza, Bizkaia, 1996), doktoretza amaitzear delarik, Nazio Batuen Erakundean (NBE) lanean ari da mundu osoko metano isurketak antzematen. Gas isurketarik handienetako batzuk non diren jaso eta horien berri eman du. Erregai fosilen ustiaketari lotutako metano isuriek badute konponbiderik, haren esanetan, baina, horretarako, ustiatzaileek inbertsioak egin eta tresneria aldatu beharko lukete, eta, oraingoz, «behar baino astiroago» ari dira horretan.

Metano isurien bila aritzen zarete. Zer egiten duzue, zehazki?

Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikerketa talde batean aritzen naiz, bereizmen handiko satelite irudiak erabiliz, metano isuriak detektatzen. Horretarako algoritmo batzuk baliatzen ditugu. Munduko leku askotara begiratzen dugu ikusteko ea metano isuririk baden.

Nazio Batuen Erakundeak martxan jarritako programa batean ere parte hartzen ari zara.

Metanoa da berotegi gas nagusietan bigarrena, eta, hura gutxitzeko aukera handia denez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) IMEO jarri du martxan, nazioarteko metano isuriak antzemateko behategia. Nik hor parte hartzen dut, MARS izeneko proiektuan. Satelite bidez atzemandako isuriak ahalik eta arinen jakinarazten ditugu, gelditzen saiatzeko.

Sona handiko isurien berri eman duzu: esaterako, Mexikoko Golkoan eta Turkmenistanen egindakoen berri. Zer gertatu da bi isuri handi horiekin?

Mexikoren kasuan esan ahal dugu errazagoa izan dela, azken finean askoz ere legedi zorrotzagoak dituelako isurketen inguruan. Historia bat dauka, gas eta petrolioaren sektorea arautzen duten lege batzuk... Jakinarazi genuenean, gobernuak erreakzionatu egin zuen, eta neurri batzuk hartzen saiatu zen. Orduan, esan ahal dugu nahikoa aurreratu dela, nahiz eta oraindik badiren arazo batzuk. Bide batez, gu ohartu gara kasu horretatik aurrera askoz ere serioago hartzen direla guk jakinarazitakoak. Halaber, hura gertatu zenetik, Mexiko bultzatu genuen nazioartean metano isuriak gutxitzeko dagoen itunarekin bat egitera.

Eta Turkmenistanen?

Hango egoera konplexuagoa da. Instalazioak oso zaharrak dira, eta petrolio eta gas eremu oso handiak dituzte. Herrialde oso handia da, baina populazioa gune jakin batzuetan pilatuta dago, eta gainerakoa basamortua da. Egoera politikoa ere nahiko berezia da. Beraz, isurien berri eman genuenetik gauza batzuk mugitu dira, baina askoz astiroago. Hala ere, pentsatu baino gehiago mugitzen ari da kontua, eta, azkenaldian, oraindik ere gehiago.

Esan daiteke, beraz, zuen lanak ondorio positiboa duela.

Bai. Nazioartean hartzen ari diren ekimenek duten alderik onena da atzematen diren isuri horiek guztiak jendaurrean jakinaraziko direla. Beraz, horrek gauza asko aldatuko ditu. NBEren atari batean argitaratuko dira metano isuriak. Jendeak ikusi egingo ditu, eta horrek buruko min handia emango die. Gure taldeak saio batzuk egiten ditu gobernuak eta enpresak kontzientziatzeko metano isuriei eusteak daukan garrantziaz, zeren historikoki ohitura izan dute sobran geratzen zitzaien gasa eta petrolioa erretzeko eta atmosferara botatzeko.

Metanoari dagozkio berotegi gasen herenak, gutxi-asko. Horietatik %20 hidrokarburoetako instalazioek isuritakoak dira. Uste duzu posible dela hamarkada honetan horiek gutxitzea?

Egoera konplexua da, herrialdeen arabera asko aldatzen baita egoera. Batzuek oso erraz eten ditzakete euren isuriak, gehienbat gasari eta petrolioari lotutakoak. Badira, baina, ikatz meategietakoak ere. Horiek ez dira eteten hain errazak, baina ahal da. Isuriak erraz eten ditzaketenak ari dira horretan. Beste batzuetan, Turkmenistanen kasurako, egoera zailagoa da. Edo kontzientzia txikia dutelako, edo ez direlako ohartzen zein garrantzitsua den hori egitea. Haien kasuan, konpainiak gobernuak berak kontrolatzen ditu, eta hortik ateratzen dituen etekinak ahal ditu beste arlo batzuetan inbertitu. Teorian, posible da gasari eta petrolioari dagozkion metano isuri gehienak etetea, baina beste baldintza batzuek zailtzen dute prozesua.

Une honetan non daude munduko metano isuri nagusiak?

Puntu beroak Turkmenistanen eta Txinan daude —Xaanxi eskualdeko ikatz erreserba handietan—. Horretaz gain, badira halakoak Errusia aldean ere, sakabanatuta herrialde osoan... Eta, azkenik, AEBetako permiar arroan. Horiek dira isuri sortzaile nagusiak, baina badira beste gune txikiagoak ere, Aljerian, Australiako ikatz meategietan... Esan behar da, era berean, dakigun guztia satelite behaketetan jasotako informazioa dela, eta, beraz, egon daitezkeela beste puntu bero batzuk lainoarengatik-edo sateliteak antzematen ez dituenak.

Ari al dira hidrokarburoen sektoreko enpresak zerbait aurreratzen metano isuriak gelditzeko?

Batzuk bai. Enpresa batzuek badituzte inbertsiogileak, eta, segun zer herrialdetan lan egiten duten, han egon ahal dira lege batzuk, eta, horrela, nahitaez, neurriak hartu behar dituzte. Hala ere, oraingoz, nahiz eta gauzak aldatu eta konpromisoak hartu —gehienbat enpresa pribatuek esan dute konpromisoak betetzen dituztela—, ikusten duguna da neurriak hartzen ari badira oso-oso astiro ari direla.

Neurriak hartzea garestia delako gertatzen al da hori?

Batzuetan bai, baina beste batzuetan ez. Batzuetan, konpentsatzen dute kostua, baina horretarako inbertsioak egin behar dira, eta horretarako askotan ez dute aurkitzen garai egokia, akaso ekoizpena eten behar dutelako, instalazio berriak ipini... Batzuetan, petrolioa ekoizten dutenean, beti ateratzen dute gas osagai bat ere, eta, hori ez denez eurek saltzen dutena, bada, erre edo aireztatu egiten dute, besterik gabe. Kasu horretan, hori egin beharrean, hartu eta saldu ahal izango lukete kalitate txikiagoko gas moduan. Edo lur azpian sartu, presio handiagoa izateko eta gero ekoizpen handiagoa izateko. Azkenean, ikerketek diote posible dela isuriak etetea, baina, horretarako, ekoizpena eten eta ekoizteko era aldatu behar dute. Hori egiteko ez daude oso prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.