Zaharrak berri Ekialde Hurbilean, Iranen eta AEBen arteko hurrengo bileraren esperoan

Israelek su etena urratu du, eta gutxienez 25 pertsona hil ditu Libanon. Washingtongo eta Teherango ordezkariak bihar dira Suitzan biltzekoak. Iranek esan du Ormuz itxi duela; AEBek ukatu egin dute.

Erreskate taldeak lanean gaur Sidonen (Libano), Israelen bonbardaketek eragindako txikizioaren erdian. EFE
Erreskate taldeak lanean gaur Sidonen (Libano), Israelen bonbardaketek eragindako txikizioaren erdian. EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 20a
17:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaharrak berri Ekialde Hurbilean. Batetik, Israelek gaur gutxienez 23 pertsona hil dituelako Libanon —bezperan beste 47 izan ziren—, nahiz eta tregoa bat dagoen ezarrita han. Bestetik, Iranek jakinarazi duelako Ormuzko itsasartea itxi duela, argudiatuta Tel Avivek iparraldeko bizilagunari eraso egiten segitzen duela. Eta hirugarrenik, AEBetako eta Irango ordezkariak Suitzan biltzekoak direlako datozen orduetan biek asteazkenean sinatutako memorandumaz hitz egiteko; orain egun batzuk ere hori bera iragarri zuten, baina azkenean ez ziren bildu. 

Israelek, beraz, Libanon jendea hiltzen jarraitzen du. Atzo arratsaldetik su eten bat dago indarrean, eta Hezbollah milizia xiitak gaur, ohar batean, baieztatu du horrekin bat egiten duela. Israelgo armadak gaur komunikatu batean esan du tregoa errespetatuko duela, «goi agintari politikoen ildoari» jarraikiz —Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegoak ez du meniari buruzko iruzkinik egin, hedabide batzuek, Tel Aviveko iturri ofizialak aipatuz, su etena baieztatu duten arren—; hori bai, milizia xiitari tregoa urratzea egotzi dio, eta adierazi du horregatik egin duela eraso. Azkeneko hiru hilabeteotan 4.000 pertsona pasa hil ditu Israelek Libanon, hango Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.

Libanoko iturri ofizialen arabera, Nabatieh, Tiro, eta Sidon hegoaldeko hiriak bonbardatu ditu Israelek. Hezbollahk goizaldean misilak eta suziriak jaurti ditu Tel Avivek Libano hegoaldean dituen tropen aurka —ez dute inor zauritu—, eta, Israelen esanetan, horregatik egin du aire erasoa. 

Horrenbestez, bi konpromiso urratu ditu Israelek: tregoa, eta Iranek eta AEBek adostutako itunaren lehen puntuan jasotakoa. Izan ere, puntu horretan dio bi aldeek eta beren aliatuek adostu dutela gerra «berehala» amaitzea «fronte guztietan», baita Libanon ere.

Eta Iranek AEBak seinalatu ditu, eta berriro esan die Israel estu har dezatela. Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak berretsi du memorandumeko puntuak errespetatzen ari direla, eta nabarmendu du Israelek erasoak eten behar dituela, eta AEBek horretara «behartu» behar dutela. Hori  jaso du Fars Irango berri agentziak. Donald Trump AEBetako presidenteak publikoki tira egin dio belarrietatik Netanyahuri, baina, aldi berean, memoranduma sinatzeko pronto zegoenean, esan zuen Libanokoa «gerra txikiago bat» zela; are, iradoki zuen Siria «arduratu» zedila Hezbollahz. Israelen hauteskundeak egitekoak dira urrian, eta, inkestek diotenez, Netanyahuk oso zail dauka gobernuburu izaten jarraitzea; Trumpen txotxongilo gisa agertzeak ez lioke mesederik egingo bozei begira, eta, neurri handi batean, horregatik eusten dio bereari Libanon. 

Horren guztiaren harira, Baghaeik baieztatu du —Farseko albiste horretan— ordezkaritza bat bidali dutela Suitzara. Axios AEBetako berri agentziak iturri ofizialak aipatuz atzo azken orduan kaleratu zuenez, Abbas Araghtxi Atzerri ministroa bera izango da Teheranen ordezkaritzaren burua. 

Israelek bost pertsona hil ditu gazan

Israelek bost pertsona hil ditu gaur goizaldean Gaza hirian, zerrendaren iparraldean, hango etxebizitza bloke bat bonbardatuta. Hori kaleratu du Efe berri agentziak, Al-Xifa ospitaleko iturriak aipatuz. Iazko urriaren 10etik su eten bat dago indarrean zerrendan, baina Israelek egunero urratzen du, eta ordutik beste mila palestinar baino gehiago hil ditu; 73.000 pasa, 2023ko urritik. 

AEBei dagokienez, Trumpek nazioarteko gatazkak bideratzen ahalegintzeko baliatzen dituen bi negoziatzaileak Suitzan daude jada: Jared Kushner bere suhia eta Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkaria. JD Vance AEBetako presidenteordeak berak baieztatu du gaur, Fox News telebista kateari eman dion elkarrizketa batean. Gaineratu du balitekeela bera ere datozen egunetan Suitzara joatea.

5

Zenbat urteren ondoren hasi den Libano Saudi Arabiara esportatzen. Bost urteren ondoren, bere produktuak Saudi Arabiara esportatzen hasi da gaur berriro Libano. Ekitaldi bat egin dute Beiruten, eta horretan parte hartu dute Libanoko lehen ministro Nawaf Salamek, eta Saudi Arabiaren Libanoko enbaxadore Fahd al Dosarik. Kontainerretan droga sartzea egozten zion Saudi Arabiak Libanori. 2020ra arte, Saudi Arabia zen Libanoren esportazioen merkatu nagusia; batez ere, frutarena eta barazkiena. 

Suitza da anfitrioia, eta Atzerri Ministerioak komunikatu batean jakinarazi du baietz, Luzerna hiriaren inguruko Burgenstock luxuzko gunean egingo dutela bilera. Pakistan ari da bitartekari, eta, hango Atzerri Ministerioak X sare sozialean esan duenez, bi aldeen biharko elkarrizketak «teknikoak» izango dira. Al Jazeera telebista kateko kazetari bat Suitzan dago, eta argitaratu du Qatarko lehen ministroa ere han dagoela.

Bigarrenez, aurrez aurre

Hortaz, bihar biltzen badira, Iranen eta AEBen arteko bigarren aurrez aurreko bilera izango da, joan den otsailaren 28an Washingtonek eta Tel Avivek Teheranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik. Apirilaren 11n Islamabaden batzartu ziren. Urtarrilean eta otsailean, berriz, zeharkako bilera batzuk egin zituzten Oman bitartekari zela.

Bitartean, Irango armadak ohar batean esan du Ormuzko itsasartea atzera itxi egin duela Israelen erasoak direla eta —hura irekitzea jaso zuten memorandumean—, baina AEBen buruzagitza militarrak beste ohar bat kaleratu du handik ordu batzuetara, eta azpimarratu, Teheranek iragarritakoari aipamenik egin gabe, 17 milioi petrolio upel zeramatzaten 55 petroliontzik zeharkatu dutela itsasartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE