AEBek eta Iranek aurrez aurreko bilera egin dute Pakistanen

Israelek segitzen du Libanori eraso egiten, eta beste hamar pertsona hil ditu.

JD Vance AEBetako presidenteordea eta Shehbaz Shariff Pakistango lehen ministroa Islamabaden, gaur. EFE
JD Vance AEBetako presidenteordea eta Shehbaz Shariff Pakistango lehen ministroa Islamabaden, gaur. EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 11
17:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek Libanon gaur goizaldean beste hamahiru pertsona hil eta ordu batzuetara, Iranek eta AEBek elkarrizketak hasi dituzte Pakistango hiriburu Islamabaden. Iranen ordezkaritzaren buruak, Mohamad Baqer Qalibaf parlamentuko presidenteak, bi baldintza jarri zituen atzo negoziazioei ekiteko: Washingtonek zigor ekonomikoak kentzea Teherani, eta Israelek Libanoren kontrako erasoaldia etetea. Ez bata ez bestea ez dira bete, baina bi aldeak, Pakistan bitartekari, eseri egin dira, eta ez nolanahi gainera, aurrez aurre batzartu baitira, iazko udaberriko eta urte hasierako zeharkako negoziazioetan ez bezala.

AEBetako ordezkaritzaren burua JD Vance izan da, eta alboan eduki ditu Donald Trump presidenteak Ukrainako eta Gazako gatazkak konponbidean jartzeko egindako bileretara ere bidali ohi dituen negoziatzaileak: Steve Witkoff, iazko urtarrilean Etxe Zurira iritsi arte higiezinen sektorean jardundakoa; eta Jared Kushner, presidentearen suhia.

Washingtonek eta Teheranek bi asterako tregoa bat adostu zuten asteazkenean —otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik Trumpek Teherani amore emateko egindako bosgarren ultimatumaren epemuga betetzeko oso denbora gutxi falta zenean—, eta epe horrek negoziatzeko behar luke.  

Trumpen esanetan, su eten bat ezartzea ez ezik, Ormuzko itsasartea irekitzea ere adostu zuten bi aldeek. Baina Iranek kontrolatutako pasabide horretatik tantaka ari dira pasatzen itsasontziak azkeneko egunetan. Espezializatutako webguneen arabera, dozena bat ere ez egunero; eta kontuan hartu behar da erasoaldiaren aurretik 140 inguruk zeharkatzen zutela —handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru—. Menia indarrean sartu eta ordu bakan batzuetara, Teheranek jakinarazi zuen trafikoa berriro blokeatu zuela, argudiatuta Israelek ez zituela eten Libanoren kontrako erasoak. 

Horiek horrela, elkarrizketen inguruko iturriak aipatuz hainbat hedabidek argitaratu dutenez, behin gaur ordezkaritzen buruek bilera egin eta gero, bi aldeetako batzordeetako kideek hitz egiten segituko dute. Washingtonek eta Teheranek 1979ko Irango Iraultzaz geroztik egin dituzten bileren artean, maila gorenekoa izan da gaurkoa.

(ID_15975577) IRAN USA CONFLICT
Emakume bat gaur Teheranen, AEBen eta Iranen arteko bilera bat irudikatzen duen horma irudi baten aurretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Pakistan ari da bitartekari, eta, bost izarreko hotel batean hiruko bilera hasi aurretik, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroa, anfitrioia, aldeekin bildu da, banaka: aurrena Qalibaf Iranen ordezkaritzaren buruarekin, eta gero Vancerekin. Artean hiruko bilera hasi gabe zegoenean, zenbait komunikabidek argitaratu dute, Teherango iturriak aipatuz, AEBek oniritzia eman diotela Qatarren eta nazioarteko beste banku batzuetan Iranek dituen funtsak desblokeatzeri, «borondate oneko keinu gisa». Handik gutxira, hori «gezurra» dela esan die AEBetako goi kargudun batek Etxe Zuriarekin batera Islamabadera bidaiatu duten kazetariei.

Tregoa bat indarrean egonagatik, gerra informatiboarekin segitzen dute aldeek. Izan ere, Axios hedabideak Pentagonoko iturriak aipatuz argitaratu duenez, AEBetako armadako hainbat ontzik Ormuzko pasabidea zeharkatu dute gaur. Ordu batzuk geroago, informazio hori gezurtatu du Tasnim Irango berri agentziak.

Asteartean, Washingtonen

Hiruko bileraren eten batean, NNA Libanoko berri agentziak plazaratu du albistea: Israelek arratsaldean ere jo duela Libano hegoaldea, hainbat drone jaurtita. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa prest dago Libanorekin hizketan hasteko Hezbollah milizia xiita armagabetzeari buruz; hori esan du, bai, baina, aldi berean, iparraldeko bizilagunari eraso egiten segituko duela ere nabarmendu du. Otsailaren 28az geroztik 1.900 pertsona baino gehiago hil ditu Israelen erasoak Libanon.

Haaretz Israelgo komunikabideak gaur kaleratu duenez, Trumpek zera eskatu dio Netanyahuri: Libanoko hiriburu Beiruten kontrako erasoak eteteko gutxienez —300 pertsonatik gora hil zituen Israelek han asteazkenean, AEBek eta Iranek su etena adostu zuten egunean—, eta Libanoko ordezkariekin hitz egiteko. Joseph Aoun hango presidenteak atzo gauean iragarri zuenez, bi aldeak Washingtonen bilduko dira datorren asteartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA