Zapaterok epailearen aurrean berretsi du ez duela zerikusirik Plus Ultraren erreskatearekin

Magistratuak ez dio kautela neurririk ezarriko Espainiako presidente ohiari. Ustelkeria kasuari buruz, Zapaterok esan du errugabea dela; bulegoan topatu zizkioten bitxien auzibideari buruz, berriz, ez du deklaratu.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia, gaur, Auzitegi Nazionalera ailegatzen. DANIEL GONZALEZ / EFE
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia, gaur, Auzitegi Nazionalera ailegatzen. DANIEL GONZALEZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko ekainaren 17a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izandakoak (2004-2011) Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur, ustelkeria kasu baten harira, eta egozten dizkiotenak ukatu ditu epailearen aurrean. Ateak itxita egin dute auzi saioa, eta epailearen eta bere abokatuaren galderak erantzun ditu; Jose Luis Calama instrukzio epaileak galdetu dio ea zerikusirik izan zuen Plus Ultra aire konpainiaren erreskatearekin, eta ezetz erantzun dio. «Delitu oso larriak egotzi dizkidate, eta nik ez dut halakorik egin. Dezentziaz eta zintzotasunez jokatu dut beti, eta hori demostratzeko zeregina dut aurretik», adierazi du auzitegitik atera ondoren kaleratu duen ohar batean. 09:00ak pasatxoan sartu da, eta 12:30erako amaitu du saioa.

Fiskaltzak Zapaterori kautela neurriak aplikatzeko eskatu du: batetik, pasaportea kentzea; eta, bestetik, hamabostean behin auzitegian aurkeztu behar izatea. Epaileak, ordea, atzera bota du eskaria, argudiatuta presidente ohia aski ezaguna dela, eta horrek «ageriki zailtzen» duela ihes egitea. Horixe adierazi du auto batean.

Calamak maiatzaren 19an inputatu zuen Zapatero, «influentzia trafikoko azpiegitura egonkor bat» gidatzea leporatuta, baita etekin ekonomikoa lortzeko «eragina» baliatu izana ere: magistratuak egun horretan kaleratu zuen autoan adierazi zuenez, presidente ohiak, duela bost urte, esku hartu zuen Espainiako Gobernuak 53 milioi euro erabil zitzan Plus Ultra erreskatatzeko. Halaber, sozietateen sare bat baliatuta legez kanpoko komisioen bidez 1,5 milioi euro kobratzea ere egozten dio; eta horri gehitu behar zaizkio Zapateroren alabek haien enpresaren bidez jasotako ia 500.000 euroak.

Zapatero, berez, ekainaren 2an zen epailearen aurrean deklaratzekoa, baina saioa atzeratzeko eskatu zuen; Espainiako zenbait hedabidek haren abokatu Victor Moreno Catenak Auzitegi Nazionalari egindako eskaera lortu zuten, eta, horretan, argudiatu zuen kausa «zabala» dela.

UCO Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren agenteak PSOEren egoitza nagusira joan ziren Zapatero inputatu eta astebetera, eta hainbat bitxi topatu zituzten presidente ohiaren bulegoan, kaxa gotor batean. Calamak joan zen ostegunean jaso zuen laurogei bat apaingarri horien tasazioa —1.323.915 euroko balioa eman die Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalerako Unitateak—, eta, biharamunean, Zapateroren kontrako beste auzibide bat ireki zuen. Delitu fiskala eta kontrabandoa leporatu zizkion epaileak, 1,3 milioi balio duten bitxi horiek deklaratu ez zituela argudiatuta: «Balio handiko luxuzko ondasunak edukitzeak eta horiek nola eskuratu zituen erakusten duen trazabilitate fiskalik ez egoteak aditzera ematen du badela zerga iruzur nabarmena egon delako zantzu objektibo eta arrazionala», adierazi zuen epaileak auto batean.

Presidente ohiak auzi horri buruz deklaratzeko saioa atzeratzeko eskatuagatik ere, gaur itaundu dute bitxien inguruan. Epailearen esanetan, ez dago «justifikatuta» nondik lortu zituen apaingarri horiek; zenbait hedabidek Zapateroren gertuko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, ez du izan astirik horien jatorriari buruzko informazioa biltzeko, nahiz eta adierazi duten opariak izan zirela, eta 2007an eman zizkiola Abdala bin Abdulaziz al-Saud Saudi Arabiako erregeak (2005-2015) —Espainian egon zen 2007ko ekainean, bisita ofizial batean—. Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Zapaterok ez die erantzun bitxiei buruzko galderei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA