Munduko hainbat mandatari NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian biltzekoak dira datorren astean, erakundearen New Yorkeko egoitzan. Batzar horren atarian, zeresana ematen ari da zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortzeko duten asmoak, baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak etekina atera nahi dio AEB Ameriketako Estatu Batuetarako bidaiari, nazioartea arduratuta duen beste gatazka batez aritzeko, Ukrainakoaz, alegia. Hilabete pasatxo igaro da Zelenski eta Donald Trump AEBetako bere homologoa Etxe Zurian bildu zirenetik, eta datorren astean berriz elkartuko direla iragarri du, Kieven gaur egin duen agerraldi batean.
Errusiaren kontrako zigor ekonomikoez eztabaidatuko dutela aurreratu du Zelenskik, baita gerrari amaiera emango liokeen akordioa sinatu eta geroko egoeraz ere: Ukrainako presidenteak «segurtasun bermeak» eskatu izan dizkie bere aliatuei, eta prest agertu dira horietako 26 —gehienak, europarrak—. Trumpekin ez eze, beste zenbait agintarirekin ere bilduko da New Yorken, eta aliatuen partetik «keinuak» jasotzea espero du.
Ukrainaren eta Errusiaren arteko negoziazioak etenda daude, eta ez dirudi mahai beraren bueltan eseriko direnik, bi herrialdeetako ordezkariek oraintsu arte egin bezala, Turkian. Eta are gertagaitzagoa dirudi Zelenski eta Vladimir Putin Errusiako presidentea biltzea, Trumpek proposatu gisa. Hori dela eta, «baliteke gerra amaituko duen dokumenturik ez egotea», Zelenskiren arabera. Haren iritziz, su etena «nahikoa» izango litzateke aliatuen bermeak izateko.
Kontua da Vladimir Putin Errusiako presidenteak uko egin diola behin eta berriz Ukrainaren aliatuen tropak gertu izateari, argudiatuta Kiev NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kide bihurtzearen baliokidea-edo litzatekeela. Putinen esanetan, «helburu zilegiak» izango lirateke Mendebaldearen tropak. Eta ikusteko dago Washingtonek zer jarrera hartuko duen, armez hornitu baitu Kiev 2022ko otsailean Errusiaren inbasioa hasi zenetik; albo batera utzi du, ordea, tropak bidaltzea.
Zelenskik agerian utzi du bere aliatuak «denbora galtzen» ari direla. Erantsi du «Europa osoa» AEBek zer egingo zain dagoela, eta horregatik nahi du Trumpek «presio egin» diezaiola, hango herrialde guztiek, errusiazaleek barne, Moskuren kontrako neurri ekonomiko gehiago har ditzaten: «Gerrak bere horretan jarraitzen badu, eta ez bada bakerantz urratsik egiten, zigorrak egongo direla espero dugu».
AEBetako presidentea prest da are zigor ekonomiko gehiago ezartzeko, baldin eta NATOko kideek Errusiari petrolioa erosteari uzten badiote —Turkia da Moskuri petrolio gehien erosten dion herrialdeetan hirugarrena, eta Hungariak eta Eslovakiak ere erosten diote—. «NATOk kasu egiten badit, gerra agudo amaituko da», esan zuen iragan astean, sare sozialetan argitaratutako mezu batean.
Gogoratzeko modukoak dira Ukrainako eta AEBetako presidenteek aurten izan dituzten aurrez aurreko bilerak. Putinekin bildu ondotik, Trumpek Etxe Zurira gonbidatu zuen Zelenski; aldi horretan, negozio gizonak «lurralde truke posibleez» eztabaidatzeko aukera jarri zuen mahai gainean, eta iradoki Ukrainak uko egin beharko liekeela Errusiak inbasioaz geroztik anexionatutako lurralde batzuei, gerrari amaiera ematearren. Otsailean, berriz, lur arraroen akordioa sinatzera joan zen Zelenski, baina, bi presidenteen arteko liskarra tarteko, ezertxo ere adostu gabe itzuli zen; bi hilabete geroago sinatu zuten. Akordioak AEBei aukera ematen die Ukrainako lur arraroak ustiatzeko, inbertsioen truke.
Erasoak, batetik eta bestetik
Errusiako armadak erasoaldi masibo bat egin duela salatu du gaur Zelenskik, sare sozialetan: 580 drone eta 40 misil jaurti ditu herrialdearen luze-zabalean. Misiletako batek Ukrainaren ekialdeko Dnipro hiriko etxebizitzen bloke bati jo dio. Hiru lagun hil dira, eta hainbat zauritu. «Horregatik behar dugu nazioartearen erantzun gogorra. Ukrainak erakutsi du gai dela bere burua eta Europa defendatzeko, baina batera jardun behar dugu babeskia edukitzeko», esan du Zelenskik.
Errusian, Moskutik ekialderago, Samara eskualdean, lau lagun hil dira Ukrainaren droneen eraso batean; hala jakinarazi du eskualdeko gobernadoreak, sare sozialetan. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, 150 drone eraitsi dituzte bart. Ukrainako armadak, bestalde, adierazi du Errusiako bi petrolio findegiri egin diela eraso.