'La Directa' hedabide katalaneko kazetaria

Jesus Rodriguez: «Zentsura eta zigorra ezartzea ezin da aurrekari bihurtu, dena posible izango da-eta bestela»

Polizia infiltratuak ikertzeagatik Datuak Babesteko Espainiako Agentziak ezarritako zigorra salatu du Rodriguezek: «Erabaki baldin badute ez dela ezertxo ere jakin behar, ba, horrek dakar komunikabideei mozala jartzea, edo jartzen saiatzea behintzat».

Jesus Rodriguez 'La Directa' hedabideko kazetaria joan den astean emandako prentsaurreko batean, Bartzelonan. JOANNA CHICHELNITZKY / LA DIRECTA
Jesus Rodriguez 'La Directa' hedabideko kazetaria joan den astean emandako prentsaurreko batean, Bartzelonan. JOANNA CHICHELNITZKY / LA DIRECTA
Julen Otaegi Leonet.
2026ko abuztuaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak zazpina mila euroko isuna ezarri die La Directa eta Vilaweb hedabideei, Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan infiltratutako poliziak identifikatzeko modua ematen duten informazioa zabaltzeagatik. Polizia gehiegikeria horiek ikertzen aritutakoa da Jesus Rodriguez (Santa Coloma de Gramenet, Katalunia, 1974).

Zer utzi du agerian Espainiak abiatu duen prozedura bakarra hedabideen kontrakoa izateak?

Zein den Espainiako instituzioen kalitate demokratikoa, batik bat beste herrialde batzuetako instituzioek gertakari bertsuekin izan dituzten erreakzioekin konparatuz gero. Nabarmenena Erresuma Batuko kasua da: gure kasura ekarrita, ezertxo ere ez zuten egin komunikabideen kontra. Ez inolako ekintzarik, ez inolako pertsekuziorik, ezta inolako zentsurarik ere.

Bada aldea...

Nortzuei entzun diete, nortzuei eman diete ahotsa, nortzuei aitortu zaizkie eskubideak? Agente infiltratuei. Gogorarazi behar da kolokan dela legezkotasuna; esan dezakegu erabat alegalki aritu zirela. Alegia, nagusiek agindutakoaren arabera jokatu zuten; aginte kate hori Informazio Zentral Nagusiak, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak eta Barne Ministerioak osatu zuten, eta agenteak defendatu eta estali dituzte une oro.

Ez dago agente horiek egin dutena jasotzen duen erregelamendurik, araurik edo legerik, ez baitziren ezkutukoak, ikerketa ez zen-eta oinarritzen delitu jakin batzuetan. Hau da, inteligentziako agenteak ziren: Fernando Grande-Marlaska [Barne] ministroak berak aitortu du, eta oposizioko alderdien talde parlamentarioei emandako azalpenetan ere berretsi dute. Inteligentzia agenteena asmatutako figura bat da.

«Informazioa biltzen ari ziren Informazio Zentral Nagusiaren datu basea elikatzeko. Alegia, edozein herritarrek uler dezan: espioitzan ari ziren»

Grande-Marlaskak esandakoak esanda, agentziak argudiatu du poliziek ezkutuko agente gisa jardun zutela. Aintzat hartzeko ñabardura da.

Hori faltsutzat jo dezakegu, edo akastzat; ez dakigu fede txarragatik edo ezjakintasunagatik den. Hedabideek kaleratutako informazioak agenteen operazioak arriskuan jartzen zituela esateko agentziak erabili duen argudioa guztiz faltsua da. Ez ziren legalki agindutako operazioak, ez ziren ari ezer ikertzen. Besterik gabe, informazioa biltzen ari ziren Informazio Zentral Nagusiaren datu basea elikatzeko. Alegia, edozein herritarrek uler dezan: espioitzan ari ziren.

Zein izan da Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren asmoa? Datuak babestea ala prentsa askatasuna mugatzea?

Joan den egunean ariketa praktiko bat egin genuen: agentziak zehapen prozedurarako jaso dituen hamar artikuluak hartu genituen, eta, agentziaren ustetan Datuen Babeserako Legea betetzeko hiru hilabeteko epean ezabatu beharko genituzkeen elementu guztiak zirrimarratu genituen. Zera geratu zen azkenerako: ezertxo ere ez. Irakurtezinak dira, ulertezinak, eta, hortaz, agentziak egiteko eskatu diguna zentsura dela deritzogu.

Larria da hori, baina larria da zentsuraren eta zigorren bidez besteei ere bidali dien mezua, zeren zein kazetari atrebituko da segun zein informazio kaleratzen, baldin badaki organismo bat zelatan duela? Prentsa osoaren kontrako intimidazioa da.

Zer ekar diezaioke honek guztionek ikerketa kazetaritzari?

Hau ezin da aurrekari bihurtu, dena posible izango da-eta bestela. Funtzionario publiko gisa interes publikoko ekintzak eginagatik ere, ekintza horiei buruzko datuak gorde nahi izanez gero, edozein administraziotako arduradunek bertantxe edukiko dute agentzia. Gizarte demokratiko gisa, hori ezin dugu onartu.

«Estatuak itxikeria korporatiboa baldin badu bide legegilean, exekutiboan, ba, ziurrenik judizialak ere edukiko du»

Zeintzuk dira zigorraren aurka egin dituzuen urratsak?

Lehen urratsa egin dugu dagoeneko. Atzo [astelehenean] aurkeztu genizkion gure alegazioak Datuak Babesteko Espainiako Agentziari, eta ikusiko dugu nola erreakzionatzen duen. Hemendik hilabete batzuetara zigorra berretsiz gero, administrazioarekiko auzi prozesura joko dugu mailaz maila, Espainiako justizian. Auzitegi Nazionaleraino, Auzitegi Konstituzionaleraino, eta gero Giza Eskubideen Europako Auzitegiraino heldu gintezke.

Hain justu ere, eskatzen duzue Europako legedian txertatuta dagoen prentsa askatasunaren eta datuen babesaren arteko oreka aplika dadila.

Horixe bera. Hori nabarmendu zuten gure abokatuek, datuen babesei buruzko Europako markoa txertatu ez izana, batez ere komunikabideekin harreman zuzena duen partea. Bada artikulu bat zuzenean txertatu ez zena [Europako Parlamentuaren eta Europako Batasuneko Kontseiluaren 2016/679 erregelamenduko 25. artikulua]; Espainiako Estatuak esan zuen bere legedian jasoko zuela informazio eta prentsa askatasunen babesa. Inori ez zitzaion eskapatu hori, eta orain ikusi dugu zein den artikulu hori txertatu ez izanaren ondorioa: neurria botere exekutiboaren irizpidearen arabera hartzen dela, eta ez dakigula zertan datzan.

Emango ote dizuete arrazoia?

Ezin esan... Espainiako administrazioaren markoan, gure espektatibak baxuak dira, ikusi dugulako nola idatzi duten ebazpen hori. Egin diren urratsek karga politikoa dute, argi eta garbi. Gainontzeko prozedura guztiak artxibatu egin dituzte, eta aurrera egin duten bakarra zentsura eta zigorra dira. Bide judizialean ere ez dugu besterik espero. Estatuak itxikeria korporatiboa baldin badu bide legegilean, exekutiboan, ba, ziurrenik judizialak ere edukiko du, dagoeneko ikusi dugu-eta zer egin den [infiltrazioaren aurka] aurkeztu diren salaketekin.

Esperantza jarria dugu Giza Eskubideen Europako Auzitegian eta Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziek idatz ditzaketen dokumentuetan, non Espainiako Gobernuari eskatzen dioten aldatu dezala jokabidea.

Barkamenik espero duzue?

Orain artekoari erreparatuz gero, ohartzen gara ez dagoela egindakoa ikertzeko asmorik. Dena egoki egin dute, eta ez dute zertan inolako azalpenik eman. Informazioa ezkutatzeko politika dute, ekintzen gardentasunari buruzko edozein prozedura ukatzekoa, informazioak ihes egin dieten edozein zirrikitu ixtekoa. Eta zirrikitu horien artean dago komunikabideen eta kazetarien lan profesionala: erabaki baldin badute ez dela ezertxo ere jakin behar, inork ez duela enteratu behar urte eta hamarkada luzez esparru legaletik kanpo egin dituzten praktikez, ba, komunikabideei mozala jartzea dakar horrek, edo jartzen saiatzea behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA