Midasek elkartasuna adierazi dio 'Vilaweb'-i, polizia infiltratuen inguruko ikerketengatik zigortu dutelako

Europako hizkuntza gutxituen hedabideen erakundeak «adierazpen eta informazio askatasuna errespetatzeko» eskatu dio Datuak Babesteko Espainiako Agentziari, eta hedabide katalanen aurkako prozedurak bertan behera uzteko.

 'Infiltrats', 3Cat telebistak eta 'La Directa' hedabideak egindako erreportajea. LA DIRECTA
'Infiltrats', 3Cat telebistak eta 'La Directa' hedabideak egindako erreportajea. LA DIRECTA
Paulo Ostolaza.
2026ko abuztuaren 4a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den astean, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak 7.000 euroko isun bana jarri zien La Directa eta Vilaweb hedabide katalanei, Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan infiltratutako poliziak ikertzeagatik. Midas Europako hizkuntza edo hiztun gutxituen eta eremu urrikoen egunkarien eta hedabideen erakundearen iritziz, agentziaren jarduketa hori «onartezina» da, «Vilaweb-ek interes publiko argia duen gai baten inguruan informatzeko duen askatasuna mugatzeko arriskua dakarrelako, eta mezu kezkagarri bat igortzen dielako ikerketa kazetaritzan aritzen diren kazetariei».

Vilaweb, BERRIA bezala, Midaseko kide da; Martxelo Otamendi buru duen erakundeko zuzendaritza batzordeak elkartasun osoa adierazi dio hedabide katalanari, eta argi utzi du ezarri dioten zigorraren aurka dagoela, «haren bidez isun bat inposatzea eta erreportajeak erretiratzea baita Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren asmoa».

«Interes publikoko gaiei buruz informatzea komunikabideen oinarrizko funtzioetako bat da, eta ez litzateke zigortu beharko. Datuak Babesteko Agentziari adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna errespetatzeko eskatzen diogu, Europako arauak betetzeko, eta Vilaweb-en aurkako prozedura bertan behera uzteko».

Lau agenteren salaketa

La Directa-k joan den asteazken goizean eman zuen zigorraren berri, eta egun hartan bertan, iluntzean, jakinarazi zuen Vilaweb-ek ere. Zehazki, 7.000 euroko isun bana ezarri diete polizia infiltratuak identifikatzeko modua ematen duen informazioa zabaltzeagatik. Halaber, agindu diote ezabatzeko agente horien argazki denak, baita haiek identifikatzeko modua eman dezakeen informazio guztia ere. Gainera, polizia horiek erabilitako identitate faltsuak ere ez erabiltzeko agindu du Datuak Babesteko Espainiako Agentziak.

2020tik 2023ra hainbat polizia infiltratuta egon ziren Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan eta mugimendu independentistetan, eta horiek ikertu zituzten hedabide katalanek. 2019ko udazkenean, Katalunian mobilizazio jendetsuak izan ziren Espainiako justiziak hango prozesu independentistaren inguruan emandako epaien kontra. Testuinguru horretan, 2020ko lehen hilabeteetan infiltratutako lau agente ikertu zituen La Directa-k. Gero, 3Cat telebista kateak ikus-entzunezko erreportaje bat ondu zuen, La Directa-rekin eta Polar Star Films ekoiztetxearekin elkarlanean. 2025eko urtarrilean estreinatu zuten Infiltrats.

Lau polizia horiek jarritako salaketak izan dira Datuak Babesteko Espainiako Agentziak irekitako prozeduraren abiapuntu. Hasieran salaketak atzera bota bazituen ere, poliziek helegitea jarri ostean zigorrak jartzea erabaki du agentzia horrek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA