Viktor Orban ez da Volodimir Zelenskiz fio. Hungariako lehen ministroaren esanetan, Ukrainako presidenteak Hungariako energia sistemaren funtzionamendua «eten» nahi du, eta Kievek horregatik itxi zuen Druzhba oliobidea urtarrilaren 27an, eta Hungaria Errusiatik jasotzen duen petroliorik gabe utzi. Budapestek, ordainetan, EB Europako Batasunaren bi ekinbide blokeatzea erabaki du azken egunetan: Ukrainarentzako 90.000 milioi euroko mailegu bat, eta zigor sorta bat Errusiaren aurka. Orduan, «zentzuz» jokatzeko eskatu dio Orbanek Zelenskiri.
Sare sozialetan mintzatu da. Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte Hungarian apirilaren 12an, eta eskuin muturreko gobernuburua urduri dabil. Inkestek diote, oro har, Orbanen alderdiak, Fideszek, nabarmen egingo duela behera; gaur kaleratutako baten arabera, Tisza kontserbadoreak lortuko ditu botoen %55, eta Fideszek, %35. Orban 2010etik da gobernuburua —1998tik 2002ra ere karguan egon zen—.
Eta kanpainan Ukraina jarri du jopuntuan. Petrolio gabezia eragin nahi izatea egotzi dio, erregaiaren prezioa igotzeko. «Hori egin dute gure gobernua erorarazteko, eta Kieven txotxongiloa izango den bategatik ordezkatzeko».
Zazpi pertsona hil ditu UKrainaren eraso batek errusian
Ukrainak Smolensk (Errusia) eskualdeko lantegi kimiko bat bonbardatu du gaur droneekin, eta eraso horretan gutxienez zazpi zibil hil ditu eta hamar zauritu, Errusiako iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Iturri horien arabera, Errusiaren aireko defentsa sistemek Ukrainak jaurtitako 69 drone erorarazi dituzte herrialdeko bederatzi eskualdetan.
Kievek duela hilabete eten zuen oliobide horren bidezko petrolio hornikuntza, argudiatuta Errusiaren bonbardaketek instalazioa jo zutela herrialdearen mendebaldean, Brodin. Eta horren ondorioak pairatzen ari da Hungaria. Europako Batzordearen Energia saileko bozeramaile Anna-Kaisa Itkonenek gaur agerraldi batean azaldu duenez, bai Hungaria, bai Eslovakia, beren petrolio erreserbak erabiltzen hasi dira —Eslovakiak ere jasotzen du petrolioa Druhzbaren bidez—, eta, gainera, hasiak dira beste oliobide batetik petrolioa jasotzen: Adriatikokotik. Eurostaten datuek diotenez, inportatzen duen petrolioaren %90 Errusiatik jasotzen du Hungariak; %82 inguru, Druzhbatik barrena.
Bihar, Kiev-Washington
Jonas Gahr Stoere Norvegiako lehen ministroarekin bildu da gaur Zelenski Kieven, eta ondoren esan du Druzhbako oliobidea konpontzeko lanetan ari direla, baina zeregin horretan zailtasunak izaten ari direla. Atzo, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik lau urte bete ziren egunean, Ursula von de Leyen Europako Batzordeko presidentea Zelenskirekin batzartu zen Ukrainako hiriburuan, eta esan zion ahalik eta azkarren konpontzeko instalazio hori.
Bestalde, Ukrainako presidenteak iragarri du gaur, sare sozialetan, beren ordezkaritza bat eta AEBetako negoziatzaileekin biltzekoa dela bihar. Esan duenez, hizpide izango dituzte gerrako gatibuen trukeak, eta Ukrainaren berreraikuntzari nola aurre egin. Datorren astean egitekoak dira Ukrainaren, Errusiaren eta AEBen hurrengo hiruko bilera; orain arte, hiru bilera sail egin dituzte: bi Arabiar Emirerri Batuetan, eta bat Suitzan.