Zinema eta gastronomia menu berean

Culinary Zinema zikloa aurkeztu du Zinemaldiak, Basque Culinary Centerrekin batera, eta Berlinalerekin elkarlaneanZazpi filmek osatuko dute saila, eta zazpi sukaldarik afari tematiko bana emango dute

Culinary Zinema zikloa atzo aurkeztu zuten lagunak: Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Dieter Kosslick Berlinalekoa, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta hainbat sukaldari famatua tarteko. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak gastronomiarekin loturiko zikloa izatea denbora kontua zen, Dieter Kosslick Berlinaleko zuzendariak atzo Donostian azaldu zuenez. «Guk bost urte daramatzagu gastronomiaren inguruko sail hau egiten, baina Donostian betidanik egon da sukaldaritza tradizioa. Inon ez dago hemen adinako sukaldari on kopururik. Hogei bat aldiz izan naiz Donostian, eta beti jan dut primeran».

Basque Culinary Centerrek Donostiako Miramon auzoan duen egoitzan —eraikitze lanetan ari dira oraindik, baina irailerako amaiturik egotea espero dute— gauzatu zuten Zinemaldiak eta Berlinalek gastronomia zikloaren inguruko akordioa. Bezperan ere ederki afaldu zuela eta ardo ona edan zuela esanez egin zuen agerpena Kosslick atseginak, eta bere herrialdeko gastronomia oso eskasa dela esan ostean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariari emandako besarkadarekin gorpuztu zuen bi zinema jaialdien arteko lankidetza.

Euskal Herriko sukaldari esanguratsuenetako asko ziren atzoko aurkezpenean: Juan Mari Arzak, Karlos Argiñano, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz… Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizeaga eta Berlinaleko Culinary Cinema saileko arduradun Thomas Struck ere jendartean ziren, eta sukaldaritzaren eta zinemaren arteko onurez bi hitz egin zituzten.

Zinemaldiak Berlinalen izan du ispilua. Hango Culinary Cinema zikloak piztu zuen Rebordinosen ideien argiontzia. Aurten Zinemaldiak estreinatuko duen zikloak keinua egingo dio Berlinalekoari, eta izen bera izango du, baina letra bat aldatuko du, Culinary Zinema izango baita. «Aspalditik miresten dugu Berlinalek Culinary Cinema sailaren bitartez jorratutako lan ildoa. Hori dela eta, orain, zinemari eta gastronomiari buruzko gure sail propioa sortzea erabaki dugunean, zentzuzkoa iruditu zaigu munduko jaialdi garrantzitsuenetako batekin elkarlanean egitea. Berlinalek bai sukaldaritzaren munduan bai zinemarenean pilaturiko esperientzia eta ospea baliatu nahi izan dugu».

Hitzarmenarekin zinemaren eta gastronomiaren gaineko informazioa trukatu nahi dute, baita hezkuntza, zientzia eta nekazaritzaren arloetan elikadurarekin lotutako hainbat jarduera garatu ere.

Mugaritzi buruzkoa hasteko

Aurtengoa estreinakoa izango da, eta zazpi film ikusi ahal izango dira. Film bakoitzaren ondoren Gipuzkoako sukaldari batek afari tematikoa prestatuko du, betiere ikusitako filma izanik lotura nagusi. Hauxek dira ikusiko diren filmak: David Mckenzieren Perfect Sense, Christian Vortingen Noma-at Boiling Point, David Gelben Jiro Dreams of Sushi, Jean-Pierre Amerisen Les Émotifs Anonymes, Nicolas Carrerasen El camino del vino, Gereon Wetzelenen El Bulli: Cooking in Progress eta Felipe Ugartek eta Juantxo Sardonek zuzendutako Mugaritz BSO.

Mugaritzen inguruko dokumentalak zabalduko du, hain zuzen ere, aurtengo Culinary Zinema saila. Felipe Ugarte musikariak eta Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko sukaldariak elkarrekin abiarazi zuten gastronomia menu bat esperientzia musikal bilakatzea xede duen proiektua. Adurizen hitzetan, sukaldaritzaren lengoaia beste lengoaia batera bideratu nahi izan dute, «poesia, zinema eta musikara». Felipe Ugartek Juantxo Sardonekin batera zuzendu du filma. Oraindik muntaketa bukatzeko dago, baina irailaren 17ko estreinaldirako prest egongo da. Zazpi film luzeekin batera, Massimo Bottura italiarraren Il retorno film laburra ere eskainiko dute zikloan.

Film bakoitzaren ondoren sukaldari hauek prestatuko dute afari tematikoa: Andoni Luis Adurizek (Mugaritz), Ruben Trincadok (Mirador de Ulia), Roberto Ruizek (Fronton), Iñigo Lavadok (Singular), Mikel Santamariak (Bokado), Ixak Salaberriak (Fagollaga) eta Joxean Eizmendik (Ilarra). Filmarekin lotura duten menua prestatuko dute, eta nahi duen hark joateko aukera izango du. «Herritarrei irekirik egongo dira afariak», Rebordinosen hitzetan. Afarira joateko sarrerak nola salduko dituzten hurrengo egunetan jakinaraziko du Zinemaldiko antolakuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.