Bost begirada hezkuntzari (III). Datuen azterketa

Espainian ez, Europan bai

Adierazle guztietan dago Espainiaren goitik Hego Euskal Herria; Wertek helburu dituen datuak gainditu ditu dagoeneko HegoaldeakMadrilek onartu du Euskal Herriko egoera ezberdina dela; salbuespen gisa aurkeztu du

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Datu kaskarrak zuzentzea ezinbestekoa dela esanda zuritu du hezkuntza erreforma Espainiako Gobernuak. Ez du kontuan hartu, ordea, egoera ez dela berbera toki guztietan. Hego Euskal Herriko egoerak ez du batere antzik Espainiakoarekin. Zentralizazio horrek egoera berezia sortu du Hego Euskal Herrirako: Madrilek helburu gisara jarri du eskola uztea %15era jaistea 2020 baino lehen; Hegoaldean hori baino txikiagoa da dagoeneko. Espainiatik ez, Europatik dago hurbil Euskal Herria: eskola uztea 2020rako %10 baino txikiagoa izatea du helburu.

Zenbaki eta datu bakartu batzuk hartu, eta txosten bat helarazi die oraindik orain Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak autonomia erkidegoetako arduradunei. Panorama beltza dela erakutsi nahi izan die modu horretara. Argigarri da txostena, ordea: ministerioak berak onartzen du egoera oso dela diferentea Hego Euskal Herrian. Salbuespen gisa aurkeztu du txostenean.

Eskola uztea da gehien nabarmendu duten adierazlea. Arazo handi bat du Espainiak: lau ikasletik batek baino gehiagok utzi egiten ditu ikasketak derrigorrezko irakats-aldia amaitu orduko. Urteetako joera izan da, eta areago eraikuntza oinarri izan duen ekonomia bor-borka egon denean: azkar lanean hastera jotzen zuten gazteek, eta kualifikaziorik gabeko lana erraz topatzen zuten eraikuntzan. Amaitu da hori, eta orain arazoak. Portugalen eta Maltaren atzetik, Espainiak dauka eskola uzte handiena Europan, nahiz krisiarekin jaisten ari den.

Hego Euskal Herrian bestelakoa da egoera. Eskola uztea Europako Batasuneko batez bestekoaren azpitik dago, azken datuen arabera: %14,4koa da Europan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %12koa; eta Nafarroan %13koa. Asko hobetu da datua azken urteetan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %15etik gorakoa zen 2009an, eta Nafarroan, %20ren bueltakoa.

Eskolan berandu sartu eta azkarregi atera egiten dira ikasleak Espainian. Hor hasten dira aldeak Euskal Herriarekin. 2 urteko umeak hartuta, eskolara joaten dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %96; Nafarroan askoz ere gutxiago, %57. Espainian, %43. Hori zuzentzeko asmorik ez du Wertek; orain arteko joerari eutsi dio, esanez eskola aldi hori umeei kontu egiteko dela, ez irakasteko.

Errepikatzaile eta tituludunak

Sistemaren ahuleziaren erakusgarri da eskola uzte handia. Arazoak zabalduta baitaude irakats-aldi guztietara. Errepikatzaileen kasua, adibiderako: hamar ikasletik lauk baino gehiagok errepikatzen dute mailaren bat Espainian, 15 urte egiterako; areago, %15ek behin baino gehiagotan errepikatu dute. Hego Euskal Herrian txikiagoak dira kopuruak: errepikatzailea hirutik bat inguru da, eta birritan edo gehiagotan errepikatzen dutenak, hamarretik bat.

Porrota dakar horrek maiz, oinarrizko ikasketak ez amaitzea. 25-34 urte artekoak hartuta: Espainian %36k ez dute oinarrizko titulurik; Nafarroan %23k; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %19k. Goi mailako ikasketetan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %58k dituzte; Nafarroan, %49k; eta Espainian, %39k.Segituko dute alde horiek: Batxilergora Espainian ikasleen %66k jotzen dute; Nafarroan, %78k; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %87k. Lanbide Heziketan eta unibertsitatean ere oso bistakoak dira aldeak.

Hobetzekoa, Europari begira

Madrilek berak aitortu du egoera ezberdina dela Hegoaldean, horri buruz galdetu izan diotenetan. Ez du onartu nahi, ordea, hezkuntzara bideratutako baliabideekin ere zerikusia baduela horrek. Alde handiak daude. 2008ko inbertsioa ikasle bakoitzeko: EAEn, 10.388 euro; Nafarroan, 8.481; eta Espainian, 6.567. Zerikusia du horrek gelako ikasle kopuruan eta arazoak dituztenek jasoriko laguntzan.

Azterketak ditu bereziki begiz jota Wert ministroak. PISA proba behin eta berriro aipatu du. Espainia azken postuetan dago hor ere, eta oso gainetik du Euskal Herria. Matematikan dago alde handiena: 496 puntukoa da batez bestekoa, eta gainetik daude EAE (510 puntu) eta Nafarroa (511); Espainia, nabarmen atzerago (483 puntu). Irakurketan eta zientzietan ere gainetik da Euskal Herria. Zer hobetu bada, ordea: Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 495 puntuko kalifikazioa daukate zientzietako azterketan, batez bestekoaren azpitik. Europari begira jarrita bada zer hobetua, ez Espainiari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.