joxerra senar
Krisia Nafarroako Gobernuan. PSNren erabakia

Bildurekin ez, mesedez

2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Bildu eta zentsura mozioa uneotan PSOEren bi tabu nagusiak dira. Ferrazeko eta Sarasateko zuzendaritzek euren nahiak eta interesak ezkontzeko formula topatu zuten atzo. PSNren zuzendaritza batzordea bildu zen atzo goizean, eta herenegun ikerketa batzordeak egindako ondorio guztiak bere egin zituen. Yolanda Barcina gobernuburuak dimisioa aurkeztu ezean herritarrei hitza itzultzeko mekanismoak hitzartuko dituela jakinarazi zuen. Horretarako, PSNk elkarrizketak abiatuko ditu Nafarroako Parlamentuko talde guztiekin, «Bildurekin salbu». Nahiz eta edozein zentsura mozio aurrera ateratzeko Bilduren zazpi botoak (gehi Aralar-NaBairen seiak) ezinbestekoak izan, Bildurekin ez dutela ezer jakin nahi irudikatu nahi izan dute PSOEk zein PSNk.

Bilera ostean kaleratutako prentsa oharrean ez dute zentsura mozioa hitza aipatzen, nahiz eta herritarrei hitza itzultzeko mekanismo oro zentsura mozio batetik pasatzen den egun. Zuzendaritzaren bilera 10:00etan hasi eta 13:30 aldera amaitu zen. Erabakiak aho batez hartu ziren.

Esporrinen «gaizki ulertua»

Irteeran, Maite Esporrin zuzendaritzako kideak baino ez zuen hitz egin, eta hark bai aipatu zuela zentsura mozioa hizpide izan zutela. Handik ordu batzuetara, PSNko Antolamendu idazkari Santos Cerdanek ohar bidez irmo ukatu zuen zentsura mozioaren gaia jorratu zela bileran. Cerdanek zehaztu zuen Esporrinen hitzak «gaizki ulertuak» izan zirela eta adierazpenak «funtsik gabeak» zirela. Azpimarratu zuen ohar ofizialera mugatzen dela zuzendaritzak jorratutako bilera.

Batzarra amaitu eta ia ordubetera kaleratu zuten prentsa oharra PSNk. «Horrenbestez, PSN-PSOEk exijitzen dio Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari erantzukizunez bere azken ekintza egin eta hauteskundeetara berehala deitu dezala, maiatzaren 25ean Europako Legebiltzarreko bozekin bat egin dezaten». Hori egin ezean, elkarrizketak abiatuko dituzte; parlamentuko talde eta negoziazioen helburua izango da hauteskundeetara deitzeko beharrezko mekanismoak «aztertzea eta gauzatzea». Elkarrizketatik salbu utziko dute Bildu. Proposamen hori ostegunean bilduko den Lurralde Batzordeari helaraziko diote.

PSNko zuzendaritza batzordeak egungo egoeraren interpretazio politikoa egin du. Haren ikuspuntutik, azken bi asteetako ikerketa batzordeak ondorioztatu du «praktika ustelak» izan direla fabore tratu zein esku hartze saioen bitartez. UPNren gobernuak interes orokorrak eta pribatuak «nahasi» dituela ere deritzo. «Kezka handiz ikusten dugu Nafarroako Gobernuaren desgobernua; gizartearen zein parlamentuaren aurka ari da».

PSNko zuzendaritzaren arabera, «pentsaezina» da horrela beste hamabost hilabete jarraitzea. «Ez du balio konplot eta konspirazioz baliatzea egungo egoera ezkutatzeko». Sozialistek, beharrezkotzat jotzen dute nafarrei hitza ematea, baina, era berean, ez dute itunik egin nahi Bildurekin. «Ez dugu halakorik nahi, eta ez dugu egingo. Are gutxiago koalizio gobernu bat osatzeko», zehaztu dute.

PSOEren oniritzia

Oscar Lopez PSOEko Antolamendu idazkariak babestu egin du PSNko zuzendaritzaren erabakia. «Barcinak dimisioa aurkeztu beharra dauka, ustelkeria kasu argia dutelako gobernu barruan, eta hortik aurrera sozialistek esan dute bilera saila hasiko dutela alderdi guztiekin, Bildurekin izan ezik», aipatu du Lopezek, Erroman. «Hori da sozialistok babesten duguna».

Barcinari eta PPri egotzi die «ustelkeria babesten» ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.