Elizaren ondasunak (eta V). Elkarrizketa. Pedro Leoz. Apaiza

«Apaizei jarraibide argiak eman dizkiete ondasunak Elizaren izenean jartzeko»

Eliza modu bidegabean ari da herrietako ondasunak bere izenean jartzen, Pedro Leozen ustez. Immatrikulazioen kontrako taldeko presidente izan da. «Lotsagarritzat» jo ditu Elizaren pribilegioak.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Adinean aurrera eginda badago ere, indartsu eta sutsu mintzo da Pedro Leoz (Kaseda, Nafarroa, 1930), Iruñeko Artzapezpikutzak egindako immatrikulazioei buruz galdetzean. Apaiza da, eta Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako presidente izan da oraintsu arte. Talde hori aritu da Elizaren jarduna salatzen azken urteetan. Apaiz izanda, artzapezpikuaren kontra egiteak gorabeherak ekarri dizkio Leozi: erretiro sariaren zati bat kendu egin zion urtebetez, zigor gisara. Hala ere, ez du atzera egiteko asmorik. «Aske naiz», nabarmendu du. Elizak aurrea hartu duela onartu du, eta orain zinez zaila izango dela ondasun horiek berreskuratzea.

Nafarroan sortu du zalaparta handiena immatrikulazioen kontuak. Baina Elizak handik kanpora ere jarri ditu ondasunak bere izenean.

Arazoa askoz zabalagoa da, noski. Badakigu Espainiako estatu osoan egin dituztela immatrikulazioak. Hara: orain hiru urte Nafarroako Unibertsitateko [Opusena] irakasle batek hitzaldi bat eman zuen Espainiako Gotzainen Biltzarrak gonbidatuta. Dokumentu bat aurkeztu zuen han, immatrikulazioek dauzkaten abantailei buruzkoa. Herrialde batzuetan apaizei jarraibideak eman dizkiete immatrikulazioak egiteko. Gatazkak sortu dira Nafarroatik kanpo ere. Arazoa oso zabala da.

Beraz, gotzainak eurak ari dira herrietako ondasunak Elizaren izenean jartzeko eskatzen apaizei?

Jarraibide argiak eta zehatzak eman dizkiete. Baina gotzainak eta gotzainak daude. Batzuk kontserbadoreak dira oso. Horietako bat izan genuen Iruñeko Artzapezpikutzan: Fernando Sebastian. Berehala eta modu betearazlean agindu zuen immatrikulazioak egiten hasteko. Presbiterio batzordeari galdetu ere ez zion egin, eta hori egiteko betebeharra zeukan, gaia hain larria izanik.

Artzapezpikutzaren argudioa da «gogoratu ezin diren garaietatik» direla Elizarenak ondasun horiek.

Gogoratu ezin diren garaietatik badakigu elizak egiten zirela kultuz kanpoko beste gauza batzuetarako ere. Zerbitzu zabala ematen zuten elizek; herritarren bilgune ziren. Artzapezpikuaren argudio horrek ez dauka oinarririk, ez legezkorik eta ez historikorik.

Zertarako nahi ditu artzapezpikutzak ondasun horiek? Behar ditu?

Haiek jakingo dute zertarako nahi dituzten. Nik uste dut ebanjelizatzailea ez, bokazio diruzalea daukatela. Leozko Udalak eskatu die konpontzeko hiru eliza arriskuan daudelako; isun bat jarri diete [hiru elizak hondamen egoerakotzat jo dituzte], eta uko egin diote «gogoratu ezin diren garaitik» omen zeukaten jabetzari. Zertarako nahi zituzten? Ez dauka zentzurik. Gainera, ezin izango dituzte mantendu ondasun horiek; ez dituzte inoiz mantendu, eta orain ere ez. Nafarroako Unibertsitateko irakasle hark zioen hiru aukera ematen dituela immatrikulazioak egiteak: alokatzea, hipotekatzea eta saltzea. Horretarako nahi dituzte? Haiek jakingo dute.

Bestetik, gaur egun eliza guztiak erabat itxita daude. Lotsagarria da. Frantziara joanez gero, lasai sar daiteke. Hemen, ordea, ez. Meza ordua ez bada, itxita daude.

Mila ondasun baino gehiago dauzka bere izenean jarrita Iruñeko Artzapezpikutzak. Zerbait egin daiteke jada? Galdutako gerra bat ez ote da?

Zaila da kontua, eta oso epe luzekoa. Juridikoa da auzia: lehenbiziko immatrikulatzen duena da jabea. Lege aldetik, artzapezpikutza da jabea. Alde etikotik exijitu behar zaizkie kontuak. Etikoa da hori guztia immatrikulatu izana? Gaia parlamentura eta hedabideetara eramaten ari gara. Alarma kolektibo bat sortzen ari da. Herri txikietan alarma soziala dago. Haietan eragin du gai horrek min handiena; herritar horiek zuzenago hartu baitute parte elizei eusten. Auzitara jotzeko, arazo ekonomikoak daude. Dirua behar da.

Hori ikusita, itxaropena badaukazu?

Kontua zaila da, eta gobernu erabat kontserbadoreak dauzkagu. Elizaren babesa behar dute, eta ez dute liskarrik izan nahi harekin. Oso luzea eta zaila izango da auzia. Gure itxaropena da immatrikulazioak egiteko erabilitako artikulua [Hipoteka Legeko 206.a] Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jotzea.

Elizako kide izanik, erraza da zuretzat zure elizbarrutiko artzapezpikuaren aurka jotzea?

Oso erraza. Ni gizon askea naiz, nire erlijioa gorabehera. Hain zuzen ere, nire erlijioak berak egiten nau libre bidezko ikusten dudan gauza baten alde egiteko. 82 urte badauzkat, eta uste dut pentsamendu askatasuna lortu dudala. Gotzainarekin ordubete pasatu dut gai horretaz hizketan; ez dit ezertxo ere erantzun. Eta nik pisuzko argudioak eman dizkiot.

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako presidente izan zara oraintsu arte. Nolatan?

Egunkarian irakurri nuen Tafallan bilera bat egin zutela Elizak ehunka tenplu bere izenean jarri zituela eta. Herritar gisa, lotsa sentitu nuen, pobreen defendatzaile izan zen eta aterperik ere izan ez zuen gizon batek sortutako elkarteak hori egin duelako. Tafallako elkarte hark idatzitakoarekin erabat solidario sentitu nintzen, eta, Iruñean bilerak egiten hasi zirenean, parte hartzen hasi nintzen. Urratsak egiten joan gara ordutik. Presidente izan naiz orain bi hilabete arte.

Plataformako presidente izatea ondo ikusi zuen artzapezpikuak?

Kleroko inork ez nau zoriondu. Artzapezpikutzarekin erabateko banaketa daukat: lotura ekonomikoa soilik daukagu. Soldata haren bitartez jasotzen dut. Legez, juridikoki eta kanonikoki, apaiz izaten jarraitzen dut. Baina harremanak, ekonomikoak besterik ez daukat artzapezpikutzarekin.

Zorionik ez duzu jaso, hortaz.

Batere ez. Seminario garaiko nire taldekideek Vatikanoko II. Kontzilioarekin jarrera ona izan dute, baina agiri bat egin zuten esanez elizak parrokienak direla ez artzapezpikutzarenak. Guretzat, igualtsu dira biak. Zorionik ez dut jaso, ez; inor ez da artzapezpikuaren aurrean jarri. Baina minduta ez nago. Ni pertsona askea naiz, pentsatzen dudana esaten dut, eta uste dudana defendatu. Eta uste dut bide egokian ari naizela.

Ondasunak bere izenean jartzekoaz gain, beste pribilegio batzuk baditu Eliza katolikoak Hegoaldean eta Espainian. Zerga salbuespenak, adibidez. Kentzearen alde zeundeke?

Lotsagarria da estatu laiko batean pribilegio horiek izatea. Eliz agintariek eurek egin beharko liekete uko pribilegio horiei, ebanjelioari leial balitzaizkio. Beti esan izan dut Elizak berak mantendu behar duela bere burua bere baliabideekin. Baina kontua da ez dela baliabideak bakarrik jasotzen ari; milioika diru jasotzen ari da Eliza Espainiako Estatuan. Krisi garaian, gutxitzen ari dira herritarren, pobreen eta langileen eskubideak. Baina, hala ere, oligarkiaren pribilegio guztiei eusten ari zaizkie, eta, tartean, Elizarenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.