Izaskun Landaida Larizgoitia.

Berdin gehiago da

2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Berdintasuna, edo, hobeto esanda, berdintasun eza, emakumeei besterik eragiten ez dien arazoa dela pentsatzea, zuhaitzari begiratu eta inguruko basoa ez ikustea bezalaxe da, arazoari begiratu eta arazoaren oinarri den ekosistema ez sumatzea bezalaxe. Emakumeen eta gizonen arteko eskubideak ez du oraindik gure gizartea konkistatu, eta horren eragin negatiboak argi eta garbi ikusten dira emakumeen bizitzan. Nahikoa da inguruan begiratzea edo datuak kontsultatzea: oso emakume gutxi daude erabakiak hartzen diren guneetan; lan munduan ezberdintasun handiak daude; denboraren erabilera ezberdinak; etxeko lanak egiten eta etxekoak zaintzen askoz denbora gehiago pasatzen dute emakumeek; emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten duten bortxakeria… Desberdintasuna emakumeentzako zenbaterainoko kaltea den erakusteko adibide batzuk besterik ez dira.

Baina, egia den arren gaur egun gizartean daukagun sistemak gizonei talde moduan pribilegio batzuk ematen dizkiela, egia da, halaber, sistema horrek, rolen eta aurreikuspenen bereizketa zurrunean oinarrituta egonik, oztopoa jartzen diela gizonei ere zenbait arlotan: mugak alor afektiboan, adibidez, edota gizarteak agintzen dien arrastotik irten eta jendartean betidanik «emakumezkoenak» jotzen diren zenbait zeregin eta jarrerak jendearen aurrean hartuz gero, besteak beste. Hala, berdintasun ezaz ari garenean, ez gara ari bakarrik emakumeen arazo batez, hori baino zabalagoa da kontua: berdintasunaren aldeko apustuak munduaren eta gizartearen ikuspegi zabalagoa du, eta perspektiba sakonagoa. Berdintasun ezak ez du eragina gizabanakoetan bakarrik, emakume eta gizonengan, gizarte osoaren egituran eta horren ereduan ere badu eragina.

Berdintasunaren aldeko jarrerak, lehenik eta behin, gure mundu hau antolatzeko bestelako era bat proposatzen du, banakoen garapen indibidualaren gainetik, gizarte guztiaren aurrerapenaren alde egiten duena. Berdintasunaren bidetik, emakumeek nahiz gizonek beren gaitasuna erabat garatzeko modua izango dute eta erabakiak genero-rolen eta estereotipoen inongo eraginik gabe hartzeko; berdintasunak aukera ematen digu den-denoi buruaski izateko bai gurekiko bai gizartearekiko, eta norbera eta albokoa zaintzeko lana denen artean banatzen laguntzen du, gutako bakoitzak erantzukizuna hartuz, jakina, baina baita erakunde eta enpresen inplikazioarekin ere; berdintasunak lankidetzan oinarritutako harremanak sortzen ditu; inor goian edo behean jarri gabeko harreman afektiboak ekartzen ditu, aniztasuna errespetatuz, eta demokrazia sendotzen eta gizarte justuagoa, lotuagoa eta ekonomikoki zein sozialki garatua eraikitzen laguntzen du. Gure munduaren epizentroa aldatzea proposatzen du berdintasunak, jendea eta jendearen bizimodua jarriz erdian.

Berdintasunak demokrazia gehiago dakar, ongizate gehiago, jakintza gehiago eta errespetu gehiago. Horixe ekarri nahi du gogora Emakundek Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Eta horrexegatik diogu: «Berdin gehiago da». Berdintasuna giza eskubidea delako, jendarte osoari on egiten dion eskubidea. Eta berdintasuna behar dugulako, ez gizarteko multzo batekiko justiziaren alde, baizik gizarte osoaren mesedetan.

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aukera ona dugu oraindik lortu ez dugun berdintasuna aldarrikatzeko ez ezik orain arte eman diren aurrerapausoak azpimarratzeko ere. Aurten Emakundek 25 urte bete ditu, eta une egokia da urte hauetan izan diren aldaketei balioa emateko. Horien artean azpimarragarria da 2005ean Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko 4/2005 Legea onartu izana mugarri bat izan dela, nahiz eta errealitateak erakutsi digun legeekin bakarrik ezin dela gizartean errotuta dauden hainbat sinesmen eta eredu aldatu.

Martxoaren 8a aukera ona ere bada omenaldia egiteko munduko emakume guztiei, batzuetan beren bizitzak arriskuan jarrita ere, euren eskubideak lortu eta defendatzeko borrokan ibili direnei eta dabiltzanei. Egokiera ona da, halaber, feminismoa zer den aitortzeko: kultura eta filosofia bat, gizateria osoarentzat beharrezkoak diren balioetan oinarritzen dena. Berdintasunak pertsona guztien autonomia garatzen laguntzen du, elkartasunean oinarritutako balioak indartzen ditu, parekoen arteko hartu-emanak sustatzen ditu eta demokrazia hobetzen laguntzen du.

Eta, bereziki, aldarrikapen eguna da. Oraindik konkistatu ez dugun giza eskubide bat lortzeko bidean beharrezkoa den bultzada bat. Berdintasuna lortzeko, azkenik, Emakunden argi daukagu elkarlana dela giltzetako bat: emakumeek eta gizonek, gizarte zibilak, alderdi politikoek eta botere publikoek, denek elkarrekin lan egitea ezinbestekoa da berdintasuna lortzeko. Berdintasunaren helburua planteamendu ideologikoetatik harago doa, inguru sozial eta ekonomikoetatik harago, baita Martxoaren 8tik haragoere: gure ekintzen ardatza izan beharko luke urteko egun guztietan. Justizia sozialak hala eskatzen duelako, eta gizarte osoaren onerako izango delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.