Ernatu da matxinada berria

2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Historia pertsonal eta politikorako hamabi egun ahaztezin izango dira Donostiako Aske Gunean bizi izan ditugunak, bertan parte hartzeko zortea eta borondatea izan dugunontzat. Pertsonalki gogoangarriak, emozio handiz eta sentimendu kontrajarriez beteriko egunak izan direlako. Eta, politikoki garrantzitsuak, funtsezko gertakari berri baten aurrean partaide ginela sentitu dugulako.

Izan ere, Donostiako Aske Gunean bizi izandakoa benetako gertakari soziala izan delakoan gaude. Atxilotuak izango ziren Zola, Oier, Mikel, Adur, Egoi eta Ekaitzen aldeko elkartasun ekimena baino askoz ere gehiago izan da, askoz ere sakonagoa, klase politiko konbentzionalak eta beraiek kontrolaturiko hedabideek bukaera arte ikusi ez dutena gainera.

Donostiako Aske Gunearen arrakasta ez dago ulertzerik, euskal jendartean —eta, bereziki, hain gogor kolpatua dagoen euskal gazteriaren baitan— berrikuntzarako sekulako herri gogoa egonizan ez balitz. Euskal jendartearen zati handi bat dagoeneko nazkatuta dago Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa konpontzeko politika konbentzionalaren eraginkortasun faltarekin. Eta, bestetik, egungo egoerarekin bat ez datorren sektore sozial oso zabalak Ezker Abertzaleak egin duen estrategiaren eraldaketak praktikan zer emango zuen ikusteko premia zeukan.

Aldebakartasunetik abiatuz, ETAk borroka armatuaren zikloari amaiera eman diola ikusi eta onartu du jendartearen gehiengoak. Arlo instituzionalean, Ezker Abertzaleak Aliantza Politikoa martxan jarri duela ikusi du Euskal Herriak, eta poztu egin da oso sektore sozial zabala. Baina instituzioetatik at, politikagintzarako funtsezkoak diren masa borroka eta borroka ideologikoak zein forma hartuko zuten ikusteke zegoen. Donostiako Aske Gunea horren lehen adierazpen indartsua izan da: elkartasunetik konpromisora, desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidez, eta beti aniztasuna zainduz. Eta arrakasta berehalakoa izan da.

Freskotasun zabal horrek izutu ditu politikari konbentzional guztiak. Hain ulertezina eta zaila zen Herri Harresia hamabi egunetan loratu da, eta forma hartu du: parte hartzailea, koloretsua, irudimenez betea, mezuan eta garapenean gardena, irekia, zabala, masiboa eta ez-elitista... Indartsua oso. Indartsuegia beraientzat.

BERRIA, Gara, Info.7 eta Argia alde batera utzita, gainerakoek isilpean gorde nahi izan dute dena, ezkutatu, beraiek kontrolatzen duten espazio komunikatibotik baztertuz. EITBren jokabidea ere halakoxea izan da. Zorionez, eta lan handia zein ona eginez, Aske Guneko komunikazio taldeak barrera zein oztopo guztiak gainditu ditu, ekimenaren berri Euskal Herri zein mundu osora zabalduz.

Beste batzuek, berriz, ez diote Aske Gunean antolatzen ari zen mugidari neurria hartu azken unera arte. Ez dira konturatu gaia ez zela Donostiara mugatzen, eta ez zela atxilotuak izan zitezkeen sei gazteen elkartasunera mugatzen. Oso berandu arte ez diote neurria hartu Eleak Mugimendua —nagusiki gazteekin batera— lantzen ari zen eskubide zibil eta politikoen aldeko dinamikari. Baina arlo horretan ere, Aske Gunearen inguruan eginiko planteamenduak eta lan estiloak, ekimena ikusgarri ez ezik, erakargarri ere bihurtu du, arreta politikoa eta soziala beste nonbait zutenen artean.

Horiek dira lortu diren hiru garaipen handienetariko bi, boikot informatiboa gainditu izana eta Herri Harresia lehen mailako gertakari politiko eta sozial bihurtzea. Hirugarrena, desobedientzia eta erresistentzia zibil eta masiboaren bidez, klase politiko konbentzionalaren jokabidea argitzea: biolentzia zein bortxakeria bakarra beraiena da. Beraien indar bakarra erabili dituzten armena, porrena, kaskoena, emakumeen aurkako irain sexistena, beso, eskumutur, sudur, belarri bihurrituena, begiko eta buruko kolpeena da... Aske Gunearen eta Herri Harresiaren indar bakarra politikoa, zibila, desobedientzia eta erresistentzia izan da. Beraiek legitimitate demokratiko osoa galdu dute, eta guk, berriz, irabazi egin dugu, sei gazteak bidegabeki espetxeratu zituzten arren. Horregatik oihukatu zitzaien behin eta berriz, «gaur, guk irabazi dugu» leloa Aske Gunean.

Azkenik eta bukatzeko, Eleak Mugimenduko bozeramailea den Txerra Bolinagak esan zuen moduan, askatasun zibil eta politikoen aldeko borrokak indarra hartu du Donostiako Aske Gunean hasiera eman zaion Herri Harresiarekin, baina ez da bukatu. Ondorengo hilabete eta urteetan beste ehun gazte eta erakunde politiko ezberdinetako beste hainbat militante epaituak eta, agian, espetxeratuak izango baitira, horren aurkako nahiko presio sozial egiten ez bada, behintzat.

Gauzak horrela, eta Euskal Herrian nonahi dagoen indarra eta gogoa handia dela ikusirik, unea iristen denean, Donostian Aske Gunean izandako esperientziaren antzeko bat zuen herrietan ere martxan jar dezazuen animatzen zaituztet, merezi du. Donostiara kanpotik jendea etorri zen moduan, zuen herrietara ere joango gara. Ernatu da matxinada berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.