EAEko Euskararen Legeak 30 urte (IV). Hezkuntza eta helduen euskalduntzea

Lehenengo urteetako kopuruetara ezin iritsi dabiltza euskaltegiak

2000tik, 40.000 ikasle baino gutxiago dituzte euskaltegiek, eta aurten bertan ohartarazi dute matrikulak jaitsi direla

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Hezkuntzarena baino gorabeheratsuagoa izan da helduen euskalduntzearen alorra Euskararen Legea onartu zenez geroztik. Euskaltegietako arduradunek sarritan salatu dute erakundeek ez diotela hezkuntzari adina kasu egin helduen euskalduntzeari. Lehenbiziko urteetako kopuruetara iritsi ezinik dabiltza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegiak: 40.000 ikasleren mugatik erori ziren 2000n, eta kopuru horren azpitik dabiltza ordutik. Aurten bertan ere jo dute alarma, matrikulazioek behera egin dute eta.

1986-87ko ikasturtean jo zuen gailurra euskaltegietako ikasle kopuruak: 46.000 estudiante. Hezkuntza sistema erdaldunean hezitakoak ziren asko, eta hori nabari da matrikulak xehatuz gero: ikasleen batez besteko adina 25 urtekoa zen; estudianteen %65ek zeuzkaten 25 urte baino gutxiago. Aldatzen joan da hori: helduagoak dira euskara ikastera jotzen dutenak. 2010-11ko ikasturtekoak dira azken datu xehatuak: ikasleen batez besteko adina 34 urtekoa zen orduan; %37 ziren 25 urtez azpikoak; 36 urtetik gorakoak, %43.

Herri mugimenduek izan dute zeresana helduen alfabetatzean. 1960ko hamarkadan aitzindari izan ziren alfabetatze taldeak sortzen, eta ondoren gau eskolak eratu zituzten. Ez dute beti harreman gozoa izan erakundeekin; euskaltegien mugimenduak maiz salatu du alor publikoak ez dituela behar adina baliabide bideratu helduak euskalduntzeko. Euskal Herrian euskara ikasteak doakoa beharko lukeela izan sarritan azaldu dute.

Erdarak bai, euskara ez

Aurten bertan ohartarazi dute behera egiten segitzen dutela matrikulazioek, eta erakundeen jarrerari egotzi diote hori. Salatu dute «prestigioa» galdu duela euskarak, jendeak ez duela beharrezko ikusten euskara ikastea. Deigarri da egoera: krisiaren erdian, handitu egin da hizkuntzak ikasteko joera, eta gainezka daude hizkuntz eskolak. Euskaltegietan, berriz, ikasleak gutxitzen ari dira.

Bihar: Lan mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.