Iparraldeko 2014ko herri bozak. Lehen itzuliaren ondorena

Etxegarai faborito da Etxetoren aitzinean bigarren itzulirako Baionan

Abertzale eta Front de Gauchekoek akordio bat lortu dute bigarren itzulirako; gaur goizean zehaztuko dute

Jean Rene Etxegarai herenegun, Baionan. AURORE LUCAS.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2014ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Sylvie Durrutiren boz guztiak joanen dira Jean Rene Etxegarairengana? Henri Etxetok nondik bil ditzake boz gehiago? Jean Claude Iriarten bozkatzaileek zer eginen dute?

Galdera franko zintzilik utzi ditu lehen itzuliko biharamunak Baionan. Eta lehena, menturaz, abstentzioaren ondorioak ekarria. Baionar asko ez ziren bozkatzera joan igandean; 12.716 lagun ez ziren joan, %43,5. Nekez ikus daiteke haietarik zenbat joanen diren bigarren itzulian bozkatzera. Alta, botoak bilatzekotan, Henri Etxeto sozialistak lehenik hor bilatu beharko ditu. Lehen atera da PSko hautagaia, baina ematen du zegozkion ohiko bozen gehienak eskuratu dituela lehen itzulian.

Front de Gaucheko Serge Noguesen botoak bildurik ere ez zuen aski Etxetok garaipen baten segurtatzeko. Ez du, beraz, laguntzen Iriartek Baiona 2014 zerrenda abertzaleak eta Noguesenak egin berri duten hitzarmenak. Atzo, egun osoan ibili ziren abertzaleak Jean Luc Melenchonen alderdikide direnekin solasean, akordio horretarako. Elkarrekin prentsaurreko bat egitekoa dute goiz honetan, xehetasunen emateko.

Abstentzio handiena Baiona iparreko auzoetan gertatu da. Pentsatzekoa da, beraz, Etxetoren zerrendak han duela lan egin behar gehienbat aste honetan.

Grenetistak eta Etxegarai

Beste galdera marka eskuineko bozena da. Ez baita batere errana Sylvie Durrutiren bozkatzaile guztiek Etxegarairen alde eginen dutenik, akordio bat eginik ere. Indartsu dator Durruti negoziazio mahaira, eta jada pertsona eta kolore anitzetako zerrenda daukan Etxegaraik leku bat egin beharko die hautagai eskuindarraren gogoei. Bien bozak baturik ere, urrun dira Jean Grenet auzapez ohiak metatzen zituenetatik. Ikustekoa da bozkatzaile grenetistek noren alde jokatuko duten. Abertzaleen balakatzen entseatuko da hain segur Etxegarai ere, abstentzionistez gain.

Eta abertzaleek, zer? Hautagaitzari eustea erabaki dute Baiona 2014ko kideek, igande gaueko biltzar nagusiaren bozketan. Baina lehen itzuliko 1.642 boto-emaileek berriro Iriart bozkatuko ote dute, hautetsi bat edo biren eskaintzeko, ala hautagai nagusi baten alde eginen dute? Etxegarai lurralde elkargoaren eta Batera-ren aldarrikapenen aldekoa da, baina eskuinarekin aliatua. Etxeto sozialista jakobinotzat agertzen da, euskal lurraldeak dudan ezarriz, Hego Landekin lotu nahi duena. Eta bata ala bestearen alde badoaz ere boz batzuk, zenbat izanen dira? Igande gaua igurikatu beharko da erantzun baten izateko. Eta geroak erranen bigarren itzulian mantentzeak zer ondorio politiko ekarriko dien abertzaleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.