'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

«Hegoak eman dizkigu aitzina jotzeko»

11:38an, epaia ezagutu bezain azkar, pozez hartu dute albistea Iruñean presoen senideek. Egoera larria izanagatik, epaiak aurrera egiteko indarra eta itxaropena ematen diela aitortu dute denek.

Txaloak eta besarkadak nagusitu ziren atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Indarra, arindua, animoa, itxaropena, poza… Eguerdian, Estrasburgoko epaiaren berria jaso eta berehala, lehen balorazio azkar batean hitzok erabili zituzten euskal presoen senide batzuek. Guztiek ere pozez hartu zuten epaia, baina tentuz mintzatu ziren etorkizunera begira. Nahiz eta Espainiako Gobernuak hemendik aurrera azalduko duen jarreraren aurrean zuhurtzia azaldu, itxaropena eman die: «Gero eta zulo handiagoan geunden sartuta, eta handik irteteak gero eta irtenbide gatazkatsuagoa zekarren. Aurrerapauso bat eman da, eta hegalak ematen dizkigu justizia egiteko, aurrera egiteko», laburbildu du Maite Labordak, bi presoren amak.

11:00etan zuten hitzordua atzo Iruñeko Arrano elkartean, eta bertara presoen senide eta lagunez gain, Iruñerriko hainbat ordezkari politiko zein gizarte mugimendutako kide joan ziren. Une hartan ez zegoen oso argi nondik norakoa izango zen epaia, baina irrika zen nagusi, aldekoa izatea espero zelako. Elkartea mukuru beteta zegoen, eta Herrira-ren aurkako operazioan atxilotutako Sergio Labaienek eta Imanol Karrerak hartu zuten hitza.

Balizko epaiak laburbildu zituzten. Ines del Rioren aldekoa izanda ere epaia erabat ezagutu arte itxaron beharko zela azaldu zuten. Labaienek «heldutasuna» eskatu zuen: «Lasai joka dezagun, ez gaitezen probokazioetan erori». Josu Uribetxeberriaren kasua gogoan, estatuak heldutasunez ez zuela jokatuko ohartarazi zuen. Horregatik, «egoerak eskatzen duen moduan» erantzuteko eskatu zuen.

11:30 gerturatu ahala, Arrano elkartean urduritasuna nagusitu zen. Guztiak ere Ateakireki webguneko kazetari Miguel Angel Llamasi Pitu-ri begira zeuden. Hark, ordenagailu bidez sare sozialetatik jarraitzen ari zen berria. «Hasi dira irakurtzen epaia», haren hitzak errepikatu zituen ozen Labaienek. Irratirik zein telebistarik ezean, ehunka begi ordenagailuari begira jarraitu zuten, espero zuten albistea jasotzeko irrikaz. EITBko Olatz Arrieta kazetariaren hatzak izan ziren azkarrenak txioa idazten Twitterren. «Ines del Riori arrazoia eman dio Estrasburgoko epaitegiak», irakurri zuen ozen Labaienek eta isiltasuna hautsi zen. Poza lehertu zen, eta txaloak eta besarkada izan ziren nagusi.

«Animoak ematen dizkigu»

Handik gutxira epaiaren titulu nagusiak baieztatu zituen Imanol Karrerak. Hala nola epaia «aho batez» hartu zutela Giza Eskubideen Europako Auzitegiko hamabost epaileek, eta Ines del Rio tafallarra «berehala» askatu beharra zegoela. «Ines del Riok 2008tik dute legez kanpo espetxeratua», gaineratu zuen.

Besoak altxatuta ospatu zuen Natik epaia. Semea Paristik iparraldera den espetxe batean du preso, eta egoera larria bada ere eta epaiak zuzenean eragiten ez badio ere, «arindua» sentitu duela onartu du. «Gaixo diren presoen egoera ez da aldatzen, familiek asteburu oro bidaietan izugarri nekatzen gara, baina poztasuna ematen digu eta borrokan jarraitzeko animoak ematen dizkigu».

Zuhurtziaz jaso zuen berria Alicia Ortegak. «Gutxi dakigu oraindik baina kolpe gogorra jaso du Espainiak. Estrasburgo esaten ari zaie giza eskubideetan hutsaren hurrena direla», azpimarratu du. Ortegak ere uste du indarra emango diela senideei, nahiz eta Espainiako Gobernutik ez duen mugimendu handirik espero. «Presoen giza eskubideak urratzen diren agiri ofiziala jaso dugu. Ez lukete espetxean egon behar. Hitz egiten dutenean ez baitute esaten kalean egon behar luketela. Esaten dutenarengatik ez ezik, esaten ez dutenarengatik ere gaizki jokatzen dute».

Haren alboan dago Isabel Morillas. Isilik dago, eta aurpegian sufrimenduaren lorratza eta nekea nabari bazaio ere, irribarre egin du. Semeari 197/2006 doktrina ezartzekoak ziren. «Arriskuan zegoen, eta orain, indarra eman digu albisteak. Nire semearengatik eta gainerako guztiengatik».

«Alaitasuna izugarria» duela aitortu du Matilde Zabalzak: «Ezingo dute blokeatu hain erraz. Ahaleginduko dira, baina ezingo dute askorik egin». Nabarmendu du «pixkanaka egoera aldatzeko itxaropena» eman duela epaiak. Alboan, Arantxa Irazabalek dio «indarra» eman diela.

Maite Labordaren arabera, Estrasburgoko Auzitegiak berretsi du 196/2006 doktrina ezarritako presoak «bahituta» eduki dituela estatuak. «Aitortu dezatela oso urrun joan direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.