Peio Dufau. Ekozergaren aldeko kolektiboko kidea

«Kutsatzaileen ordez, herritar guztiek ordaintzen dute gaur egun»

Kutsatzaileei zerga jartzeko asmoan Frantzia «gibelera» egiten ari dela iritzita, protestak abiatu ditu ekozergaren aldeko kolektiboak.

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak kutsatzen dutenei zerga bat jar diezaiela eskatzeko, protestan hasi dira hainbat talde. Baionan egin dituzte elkarretaratzeak xede horren alde. Peio Dufau elkarte horien bozeramaileak dio egungo sistema ez dela bidezkoa, herritar guztiek ordaintzen baitute kutsaduragatik.

Ekozergaren aldeko ekintzak egiten hasi zarete berriro ere. Zergatik?

Ikusten ari garelako Frantziako Gobernua gibelera egiten ari dela. Abenduan egin zuen lehen urratsa gibelera. Bretainian bonet-gorriak mobilizatu ziren ekozergaren aurka protesta egiteko, eta, ondorioz, gobernuak amore eman zuen. Gure haserrea adierazi genuen orduan. Talde bat osatu genuen Ipar Euskal Herrian, haien argudioak deitoratzeko.

Segolene Royal Frantziako Ingurumen ministroarengan itxaropenik baduzue gai horren harira?

Orain baino lehen ekozergaren aurkako adierazpenak egin ditu. Horregatik, mobilizaziora jotzea deliberatu dugu, bai Ipar Euskal Herrian, bai Frantzian, hori gaitzesteko eta erakusteko ez gaudela batere ados gaur egun egiten denarekin. Ez da normala ekozerga plantan ez ezartzea.

Ekozerga delakoa zer da benetan?

Lehenik azaldu beharko genuke zer dakarren ekozerga plantan ez ezartzeak. Indarrean ez den bitartean, urtero mila milioi euro baino gehiago ez dira sartzen ingurumenaren aldeko kutxan. Diru hori ez bada zerga horren bidez biltzen, bertze nonbaitetik lortu behar da; gaur egun, gure zergen bidez. Herritar guztiek ordaintzen dute, kutsatzaileen ordez. Kutsadura ez da abstraktua, erreala baizik. Aski da ikustea zenbat haur eta zahar dauden eri, kutsaduragatik. Gizarte segurantzak ordaintzen du, eta, hori egiteko, gure zergetatik hartzen du dirua. Gero eta gehiago dira asma kasuak, adibidez. Eta badakigu kutsaduraren ondorio dela. Berdin alergiekin. Funtsezkoa da horren kontra egitea, eta eskatzea gobernuak prestatu zuen legea plantan ezartzea.

Alta, gobernua motz gelditu zen. Errepideak baliatzen dituzten kamioiei dagokie zerga, ez autobideak baliatzen dituztenei. Kamioi guztiek ordaindu behar dute: errepideetatik pasatzen direnek eta autobidetik pasatzen direnek. Denek kutsatzen dute. Gainera, zerga horrek balio izanen du tokiko ekonomia suspertzeko. Globalizazioak arautzen duen ekonomian, egia ez den inpresioa sortzen da: salgaiak merkeak direla. Prezio horietan ez da kontuan hartzen errepideak eraikitzeko gastua, ezta kutsadurak eragiten duen kaltearen ordaina.

Alain Roussetek erran du RN10 errepidea dela Akitanian gehien kutsatua. Hori saihesteko, AHT xedea egin behar zela erran zuen. Zer deritzozu?

Ez da loturarik. Politikari anitzek horrela saltzen dute AHT xedea, baina faltsua da. Trenez garraiatzen den salgaien kopurua apaltzen ari da. Baiona-Hendaia eskualdean, 200 langile baino gehiago ginen duela sei-zazpi urte, eta, orain, ehun pertsonak doi-doi lan egiten dugu salgaien garraioan. Ez da AHT bidea ez dagoelako, baizik eta ez dutelako deus egiten.

Hurbileko trena kudeatzen duen zerbitzua ere kentzen ari dira Hendaian. Ez ote du kontraesana adierazten?

Argi eta garbi. Hautu politiko guztiak kontrako zentzuan doaz. Lobby horiek sekulako indarra dute, eta politikariek gizartea entzutea baino nahiago dute haien interesei men egitea. Hori aldatu behar da, eta horretarako antolatzen ditugu ekintzak. Gizarteari mezu egokia transmititzeko eta arduradun politikoei neurri egokiak har ditzaten eskatzeko.

Hurbileko trenen egoera gero eta okerragoa da. Horren ondorioa da?

Ez dituzte arraberritzen egungo trenbideak. Erraten dute ez dela dirurik, baina AHT bidea egiteko milaka milioi euro xahutuko dituzte. Horren ehunarekin, gaurko trenbideak mantendu eta hobetu daitezke. Ez da nahi duten hautua, baina horretara behartu behar ditugu.

Ekozergaren bidez lortuko liratekeen mila milioi euro horien parte bat horretarako litzateke?

Hori aldarrikatzen dugu. Trenbideak arraberritzeko, merkantzien garraioa indartzeko, itsas garraioa garatzeko eta Corail trenak ordaintzeko. Hendaia eta Okzitaniako Tolosa arteko trenak desagertzeko arriskuan daude.

Baiona-Garaziko trena diesela bihurtu dute. Hori da gobernuaren xede ekologikoa?

Laburrera begirako ikuspegiak dituzte, luzera begira ukanen duen ondorioari begiratu gabe. Diruari begiratzen diote bakarrik. Eta dirurik ez dagoenez, ez zaie interesatzen. AHTrako atzematen duten dirua hurbileko zerbitzuak mantentzeko falta zaie. Borondate politikoa nabarmena da.

Ekozerga indarrean sartuko balitz, nola kudeatuko lukete praktikan?

Hastapenean, pentsatu zuten ateka moduko batzuk ezartzea errepideetan eta horren bidez ordainaraztea. Bertze sistema batzuk ere badaude. Kamioi guztiek badituzte kilometroak zenbatzeko diskoak. Horien bidez kutsadurak eragindako zerga biltzea erraztuko litzateke. Kilometroka zerga finkatzea da biderik sinpleena.

Tokiko diputatu eta senatariek sostengatzen zaituztete?

Sylviane Alaux Hego Lapurdiko diputatua gurekin bildu da, gure proposamena helarazteko Ingurumen ministroari. Gurekin ados dela erran digu, eta ekozerga xedea aztertu duen batzordean dago. Bertzeekin ez gara bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.