Abortatzeko eskubidea. Manifestazioa Iruñean

Hitza, gorputza eta erabakia

Milaka emakumek entzunarazi dute euren abortu eskubidearen aldeko aldarria, Iruñean egindako manifestazio jendetsuanEspainiak egin nahi duen erreforma gogor salatu du mugimendu feministak, kalean

Abortua eskubidea dela eta emakumeek aukeratzeko askatasuna izan behar dutela nabarmendu zuten manifestazioan. Jendetza elkartu zen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Emakumeek karrika eta hitza hartu zituzten atzo, Iruñean, manifestazio jendetsu eta koloretsu baten bidez burujabe direla aldarrikatzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu zuen atzoko protesta, Espainiako Gobernua prestatzen ari den abortuaren legearen erreformari ezezko biribila emateko. Ehun gizarte eragileren eta sindikaturen baino gehiagoren atxikimendua jaso zuen manifestazioak, eta milaka pertsonak egin zuten harekin bat, karrikan. 10.000 izan ziren, antolatzaileen arabera. Karriketan, ozen aldarrikatu zuten emakumeek burujabe direla. Beren gorputzen eta buruen jabe direla. Bai eta beren eskubideen jabe ere.

«Gurea da gorputza, eta gurea erabakia». Aspaldiko lelo hori mahai gainean jarri zuten atzo, berriz ere, antolatzaileek. Manifestazioaren amaieran, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako mugimendu feministako ordezkari Elena Lakabek, Natalia Gardeazabalek, Elixabete Etxeberriak eta Saioa Iraolak hartu zuten hitza, Foruen monumentuaren aurrean egindako ekitaldian. Han, argi eta garbi azaldu zuten : «Protestaren erdigunean jarri nahi dugu gure gorputzetan askatasunez erabakitzeko eskubidea gurea dela. Ama izan nahi dugun edo ez erabakitzea guri dagokigu. Abortua eskubide bat da, ez da delitua», nabarmendu zuten, manifestarien txaloen artean.

PPren gobernua prestatzen ari den erreforma kontrako bidetik doa, hain zuzen ere, atzoko manifestazioan gogor salatu zutenez. Abortatzeko aukera oztopatzeko eta zigortzeko bidetik, alegia. «Aurre eginen diogu», erran zuten mugimendu feministako ordezkariek. PPk prestatu lege proiektuak «eskuindar ultrakatolikoen eta kontserbadoreen proposamenak» oinarri dituela salatu zuten. Lege proiektu «zigortzailea» dela gaineratu zuten, eta, horren aurrean, emakumeen erabakitzeko eskubidearen alde egin zuten. Horri lotuta, sexu heziketa jasotzeko eskubidea eta beharra aldarrikatu zuten: «Sexu heziketa behar dugu erabakitzeko; antisorgailuak, ez abortatzeko; eta abortu librea, ez hiltzeko», erran zuten. «Kolpe batez sexu eta ugalketa eskubideen legedia pikutara bota nahi du lege berriak; Francoren diktaduraren garaira eginen genuke atzera, eta ez dugu onartuko».

Gaur egungo abortuaren pribatizazioa ere salatu zuten mugimendu feministako ordezkariek, atzoko protestaren amaieran. Izan ere, administrazioak zentro pribatuetara bideratzen ditu haurdunaldia eteteko prozedura gehienak. «Osasunbideak eta Osakidetzak eskaini beharreko zerbitzua da abortua; pribatizazio basatia gertatzen ari da». Egoera «eskandaluzkotzat» jo zutenfeministek. Nafarroako kasua da aipagarriena, abortu guztiak egiten baitira sare pribatuan.

Oihuak, musika eta parodiak

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren mezua eta aldarria sendoak eta zuzenak izan ziren atzoko manifestazioan. Giroa eta aldarrikapenak zabaltzeko modua, berriz, koloretsua eta alaia. Besta giroa izan zen nagusi ibilbide osoan: manifestariak Golem zinematokien ondotik abiatu zirenetik, Sarasate pasealekuko Foruen monumentuaren aurrean protesta dantzan amaitu zuten arte.

Bidean, musika, emakumeek erabakitzeko duten eskubidearen aldeko oihuak, eta Eliza katolikoaren eta Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonen aurkako leloak izan ziren nagusi, batez ere.

17:45 aldera abiatu zen manifestazioa, Gure gorputza, gure erabakia leloa idatzia zuen pankartaren atzean. Bertze hamaika kartel eta bandera erakutsi zituzten manifestariek Iruñeko karriketan egindako bidean. Lelo eta mezu guztiek, hala ere, ideia nagusi bera nabarmendu zuten: emakumeari baino ez dagokiola bere gorputzarekin zer egin erabakitzea. Hori islatzeko oihuak etengabeak izan ziren ibilbide osoan, manifestazioa hasi eta amaitu zen arte.

Baiona etorbidetik, Navas de Tolosa karrikarantz egin zuten bidea manifestariek. Karrika horretan, hain zuzen ere, emakume talde batek abortua delitua ez dela aldarrikatzeko parodia bat egin zuen. Parte hartu zuten andreek ebakuntza geletako mantalak zituzten soinean, eta eskuburdinak eskumuturretan.

Sarasate pasealekuan sartu zen manifestazioa, ibilbidearen azken txanpan. Batukada bat zain zuten parte hartzaileek han. Danborren hotsarekin egin zieten harrera protestan parte hartzen ari ziren milaka eta milaka herritarrei.

Foruen monumentuaren aurrean amaitu zen manifestazioa. Antolatzaileak ez ziren izan hitza hartzen bakarrak. Furia kantariak abesti bidez salatu zuen abortuaren legea aldatzeko proiektua. Zutik emakumeak ere abestu zuten protestan bat egin zuten guztiek. Eta atzoko manifestazioa amaitzeko, azken asteotan sare sozialetan zabaldu den flashmob-a dantzatu zuten denek.

Manifestazioaren antolatzaileak hagitz kontent agertu ziren herritarren erantzunarekin, eta abortatzeko eskubidearen aldeko oihua garbia eta ozena izan zela nabarmendu zuten. Iruñeko Alde Zaharreko Descalzos karrikako Txoko Feministan izan zuen segida manifestazioan hasitako besta giroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.