Lehertu da. Segurtasun indarrek Euskal Herrian duten presentzia murrizteaz ari ginen, ETAren desarmatzeaz, bake konferentziaz, prozesua elikatzeaz, erreparazioaz, bizikidetzaz, itzuleraz, elkarrizketaz, normalizazioaz azken finean. Atzoko polizia operazioak, baina, hankaz gora jarri du hori guztia. PSErekin akordioa egin berritan, fase politiko berri batean geundela esan zuen Jaurlaritzak aurreko astean, baina berritik gutxi du atzokoak, berriak zaharretik asko. Nekez begira dakioke etorkizunari itxaropenez iraganak herenegungo eta atzoko moduan eztanda egiten jarraitzen duen bitartean, geldikeriatik atzerapausoetara jauzi eginez, kartzelak ez hustetik, betetzera.
«ETAren inguruan dauden erakundeetatik, Herrira-k du mobilizatzeko gaitasun handiena»; dena esana utzi du Barne Ministerioak. ETAk armak utzi arte herri honetan zenbait gaiez hitz egitea eta ados jartzea ez zela zilegi zioten, presoen eskubideena tartean. Ez dute aitortuko orain hori ez zela horrela, baina mobilizazioak eta batasunak min egiten diela agerian utzi dute.

Hizpideak
Aitormena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu