Udalbiltza: XXI. mendean udalak auzolanaren bidean

Loren Arkotxa
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Herri honen etorkizuna eraldatu dezakeen garai baten ataria zeharkatzen ari garela esan genezake. Herri honek belaunaldiz belaunaldi ezagutu duen errealitate gatazkatsua parametro demokratikoetara moldatzen ari da, bakea eta normalizazio politikoari gerturatzen. Bide horretan, kultura politiko berriak, eztabaida eta negoziazioak, akordioak, elkarbizitzarako esfortzuak, gizartearen ilusioa eta parte hartzea, eta tresna politiko-instituzional berrituak ezinbestekotzat aurreikusten dira. Ibilbide horretan, ez ditugu udalak eta udal hautetsiak begirale gisa ikusten, jarrera aktiboan baizik, aktore politiko eta instituzional garrantzitsuak baitira, herritarrengandik egunerokotasunean gertuen gauden hautetsiak direlako.

Lerro hauetan, jarrera aktibo horretatik abiatuz zer-nolako ekarpena egin daitekeen zirriborratu nahi dugu (...).

Zertzelada batzuk udalgintzaren ekarpen historikoaz

Azken ehun urteetan soilik, hiru ekimen nagusi agertzen zaizkigu:

Espainiako II. Errepublika garaian, ekainaren 14an Lizarran egin zen udal ordezkarien biltzarra eta Lizarrako estatutua.

Oraintsuago, 1976an, Alkateen Mugimenduak bultzaturiko Bergarako ekimena.

Azken urteotan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako udalek eta udal hautetsiek ekimen jarraitua daramate, Estatu Frantsesak Euskal Herria aitortu eta dagokion berezko aintzatespen administratibo desberdindua eman diezaion.

Aurrekari horiekin, Udalbiltza, berriz, XX. mendearen azken hondarrean jaio zen, 1999an, Euskal Herriaren historia modernoan lehenengo aldiz nazio honetako herrialde guztietako udal ordezkariak bilduta, udal oinarridun instituzio nazionala sortzeko. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea, eta, zentzu horretan, herrialde guztietako udalen arteko elkarlan instituzionala bideratzeko esparru erkidea modu praktikoan eta arlo guztietan saretzea, horiexek izan ziren xedeak. (...)

Udalerri eta eragileen arteko elkarlan praktika

Udalbiltzaren esperientziak, bere bide labur eta gorabeheratsuan, parametro berriak erakutsi ditu, bide berriak; pixkanaka sumatzen diren estrategia politiko berrietan gure ustez guztiz baliagarriak diren bideak. Hona hemen zenbait ezaugarri nabarmen.

Lehenengo epean izan zen kultura politiko desberdinen arteko elkarlanak begi bistan jarri zuen batasun horrek maila sinbolikoan eta emaitza praktikoetan izan dezakeen potentziala. Bat baino gehiago harrituko da jakitean Asanbladetarako deialdiak Euskal Herriko alkate eta udal hautetsi guzti-guztiei bidaltzen zitzaizkiela. Alferrikako sektarismotik urrun, Nazio Instituzio bateko kide izatea ipini zen alderdi bateko kide izatearen aurretik.

Auzolana izan zen beste giltzarri bat. Udalen arteko lankidetza indartu egin zen. Oraindik ere erabiltzen diren bide berriak ireki ziren orduan. Hain justu, Europatik sustatu egiten da udalerrien arteko mugaz gaindiko elkarlana.

Emankorra izan zen arlo instituzionalaren eta gizarteko entitate eta eragileen arteko lankidetza. Oraindik ere martxan dauden hainbat egitasmo garatu ziren horrela. Finantzaketaren muga hor egonik ere, publiko-herritar artikulazio horrek instituzio hutsen arteko jarduerak batzuetan berarekin dakartzan mugak gaindi ditzakeela erakutsi zuen. Horren erakusle izan zen Zuberoa Garatzen egitasmoaren esperientzia.

Eta, azkenik, nabarmen ikusi zen Udalbiltza nazio eraikuntzarako ariketa praktiko eraginkorra zela. Hausnarketa teorikoa gutxietsi gabe, Udalbiltzak izaera guztiz praktikoa hartu zuen, Euskaldunako Sortze Asanbladan onartu bost printzipioen garapenean. Bere muga eta hutsune guztiekin ere, Udalbiltza argi erakusten ari zen egingarria zela zazpi lurraldeen gaineko lan praktikoa, desberdinen arteko elkarlanaren bidez.

Gatazkaren gakoakaskatu ahal izateko tresna

Udalbiltzaren lan ildo nagusietako bat gure herriari bake egoera ahalbidetzeko egin duen ekarpena izan da, bake egoeraren bila aritzea. (...) Bake egoera baterantz baliagarri izan zitezkeen proposamenak batu ziren. Eskubide guztien aitortza izan zen sintesi horrek bere ideia nagusi modura aitatzen zuen giltzarria. Euskal Herriaren Eskubideen Kartan, berriz, modu esplizituan jaso ziren pertsona guztientzako eskubide guztiak. Halaber, nazioarteko zuzenbidean jasotako giza eskubide indibidual eta kolektiboekiko atxikimendua jaso zuen Kartak.(...) Edozein arlo instituzionaletan demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko sendotu beharra dago, horiek izan baitaitezke gatazka politikoa etengabe elikatu duten korapilo nagusiak modu demokratikoan bideratzeko tresna baliagarriak. Tresna demokratikoen aldeko apustuek beste era bateko tresnak ahuldu eta desaktibatu egiten dituzte. Horrela uste izan dugu beti, eta horrela uste dugu orain ere. Udalbiltza ez baita sekula izan inoren kontrako tresna, herri honen aldekoa baizik. Herri honen historiak ezagutu duen udalgintza emankorrean sustraitutako instituzio nazionala da, eta Europak berak gaur egun ematen dituen zuzentarauen norabidean doana: herritarren parte-hartzetik hurbilen dauden arloen sendotzea eta mugaz gaindiko lankidetza.

Auzolan nazionalaren bidean

Historia garaikidean ezagutu ditugun lau esperientzia horietan islatuta ikus dezakegu Euskal Herriak gaur bizi duen bake eta normalizazio politikorako prozesu honetan udalgintzak egin dezaken ekarpenaren tamaina eta garrantzia. Udalek eta udal hautetsiek, herritarrengandik gertuen egoniko ordezkari instituzionalak diren heinean, aberastu eta lagundu egin dezakete aipaturiko prozesua, bertako eztabaidak eta akordioetarako ariketak.

Ekimena berpizten dela ikusteak gure baitan sortzen duen poza aitorturik, herri honekiko arduragatik eta maitasunagatik, herriak unean-unean sufragio unibertsalez aukeratuko dituen udal hautetsiek historian izan behar duten zereginaz gogoeta egiteko eskatzen dugu. Bakoitzaren herriko txikitasunetik, guztion artean erronka erabakigarriak eta ilusionagarriak gorputz ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.