Albistea entzun

Handik eta hemendik

Marrazki berria, abiatze berria

Imanol Murua Uria -

2012ko urriak 21

Eta halako batean, independentziarako bide orriaz galdetu zuen ikusleetako batek. Joan den asteko ostiral iluntzea zen, eta Gazta Zati Bat dokumentala ikusi berri zuten San Frantziskoko Euskal Etxean. Hunkitu ere egin ziren euskal-amerikar batzuk Idiazabaldik New Yorkeko Nazio Batuen egoitzaraino eraman zituen istorioarekin. Ondorengo eztabaidan, adituarena egitea egokitu zitzaion kazetariari errazagoa egin zitzaion Eskoziakoaz eta Kataluniakoaz aritzea, Euskal Herriko independentisten bide orriaz ezer zehatza esatea baino. Asko hitz genuen Espainiako eta Erresuma Batuko gobernuen arteko aldeaz, batzuen eta besteen kultura demokratikoen arteko diferentzia zoritxarrekoaz. Askoz errazagoa da.

Handik hiru egunera, inbidia. Cameron eta Salmond galdeketari buruzko akordioa sinatzen ikustea beste planeta bateko irudiak ikustea bezala da. Beste mundu bat posible da, beste mundu hori lekutan dagoen arren. Biharamunean, asteko txistea: Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Eskoziakoa eredugarria dela adostasunaren bidea jarraitu dutelako. ETB1eko hauteskunde eztabaidan argitu du Mendiak zer esan nahi zuen: legea bete egin behar dela, besterik ez.

San Frantziskoko Euskal Etxean bide orriaz galdetu zuenak ETB2ko eta ETB1eko eztabaidak osorik jan baditu, erantzun zehatzik gabe jarraituko du. Baina arrastoren bat ateratzeko aukera izan du. EH Bilduk ere poliki joan nahi du: erabakitzeko eskubidea arautzeko proposamena ahalik eta indar gehienen artean adostu nahi du, eta EAJrekin, behintzat, adosteko esperantza du. EAJk beste era batera esaten du: estatus politiko berria hitzartu nahi du, aurrena euskal alderdien artean, ondoren Madrilekin, gero horren gaineko galdeketa egiteko. Gaztelerazko eztabaidan, auzi nazionalean ados daudela esan zion Mintegik Urkulluri, baina hark ezetz erantzun, «moduetan» bat ez datozelako. Euskarazkoan, Eskoziakoa «guztiz eredugarria» dela esan zuenez Urkulluk, bien arteko adostasunaren ideiari heldu zion berriro Mintegik. EAJkoak ez zuen ezetzik esan.

Eskozia baino lehenago, Irlanda izan zen. Irla osoa Erresuma Batuaren menpe zegoen garaian, XIX. mendearen bukaeran, nazionalista irlandarrek berriro hastea erabaki zuten: 1867ko matxinadak huts egin zuen, baina gobernu britainiarraren erantzun bortitzak ordura arte konpondu ezinik zebiltzan abertzaleak batzea erraztu zuen, eta, aldi luze baterako, estrategia bateratuan aritu ziren. New Departure izena eman zioten mugimendu berriari, eta izen horrekin ezagutzen dute oraindik historialariek: abiatze berria. Erein zuten, eta fruituak jaso, nahiz eta estrategia hark ez zituen helmugaraino eraman. Azken batean, horixe baitzen, abiatze bat.

Ordukoak eta hangoak ez du gaurkoarekin eta gurearekin zerikusi handirik, baina ez esan izenak balio ez duenik. Abiatze berria, hasi, atzo urtebete hasi zen, ETAk armak utzi zituenean. Joan den asteko larunbatean Deia-n gaiaz galdetu ziotenean, Bernardo Atxagak erantzun zuen berak hiru marra jartzen dituela gertaeren bere marrazkian: bata, 1936an, «garai bat eta euskaltasuna ulertzeko modu bat» bukatu zelako; gero, hutsune handi bat —«orkestra isilik egon balitz bezala»— eta, 1965an, bigarren marra, orkestra joka berriro. «Hirugarren marrazkia 2011n hasten dela uste dut».

Atzo urtebete zirriborratzen hasi zen marrazki hori forma hartzen ari da. Gaurko bozketak kolore berriak emango dizkio marrazkiari, eta kolore horien arabera hartu ahal izango ditu marrazkiak forma berriak. Marrazki berriarekin, abiatze berria.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.