Handik eta hemendik

Noren desarmea

Imanol Murua Uria.
2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Erantzun argirik gabeko galderak egiten ohituta gaude Madrilek halako eraso bat egiten duen aldiro. Egunkaria-ren aurkakoa egitea erabaki zutenek, eragin zuen erreakzioa eragingo zuela jakin izan balute, berdin jokatuko al zuten 2003ko otsail hartan? 2009ko urrian Arnaldo Otegi-eta atxilotzea erabaki zutenak, operazio hark Rubalcaba ministro hautagaiari emango zizkion botoak gorabehera, jabetzen al ziren arriskuan jartzen ari zirela ETAren bukaera ekarriko zuen prozesua? Denbora joan da, baina galdera horiek, beste hamaika operaziori buruzko galderek bezala, erantzun ziurrik gabe jarraitzen dute. Pentsa, astebete ere joan ez denean, zenbateraino erantzun ditzakegun Herrira-ren aurkako operazio ustekabeko eta ezohiko honi buruzko itaunak.

Parot doktrinari buruz iristekoa den erabakia, Sortu-ren legez kanporatze mehatxuak, EPPKtik edo ETAtik etor daitezkeen erabakiak... Fitxa asko daude mahai gainean, eta denean eragin dezake Madrilek eman dion astinduak. Izan ere, hau behintzat argi dago: batetik, presoen aldeko mugimenduari hegoak moztu nahi izan dizkiote; bestetik, giro politikoa nahastu dute, gatazka giroari eutsi, ETAren indarkeria desagertu ez balitz bezala jokatzen jarraitu ahal izateko. Barne ministro honek ezin du, beste Barne ministro hark egin zuen bezala, ETA bahiketa bat prestatzen ari dela ohartarazi. Baina ETAren tentakulua aipatzea aski du. Lehen zulos, taldes esaten zuen bezala, orain ongietorris. Kito. Zerbait izugarria izan behar dute, inondik ere, ongietorris horiek. Eta hemezortzi atxilotuak gero libre gelditzeak ez du Ministerioaren agitprop kanpaina eragozten: albistea ikusi ere ez dute egin Ebrotik behera.

Betiko sakoneko mezua ere utzi du Madrilek: hemen guk agintzen dugu. Botere erakustaldia egiten dute Auzitegi Nazionaletik guardia zibilak bidaltzen dituzten aldiro, are gehiago Ertzaintza haien aginduetara jartzen badute, oraingoan ere egin duten bezala. Pello Zubiriak bere blogean ondo laburbildu du jeltzaleek nola jokatu duten: «Handiaren aurrean otzan, txikia zanpatzeko errukirik ez». ELA-Ertzaintzak barrutik kritikatu du txikia zanpatzeko modua, adieraziz Ertzaintzak bazuela bestela jokatzeko aukerarik, arduradun politikoek bestelako erabakiak hartuz gero. Otzantasunarena ere agerikoa izan da. Presioa Madrili egin beharrean, pilota EH Bilduren teilatura bota dute jeltzaleek: atxiloketak bakerako oztopo dira, bai, baina pausoak ematea EH Bilduri dagokio.

Ez du beti horrela jokatu. Auzitegi Konstituzionala Bilduri buruzko epai erabakigarria ematekotan zela, Urkulluk Madrili mehatxu egin zion: Bildu jokoz kanpo uzteak EAJk Zapateroren Gobernuarekin zuen harremanean ondorioak izango zituen. Urkulluk gerora iradoki izan duenez, EAJren jarrera gogor hark eragin positiborik izan zuen auzi hartan. Baina EAJk, oraingoan, erabaki du haserre plantarik ez egitea eta desarmea armak erabiltzen ari denari eskatu beharrean erabiltzen ez dituenari eskatzen jarraitzea. Erantzunik gabeko beste galdera bat: Madrilen pentsatu izan balute atxiloketen aurkako erreakzioan EAJk ere parte hartzeko arriskua zegoela—adibidez Egunkaria-ren itxieran gertatu zen bezala—, berdin egingo al zuten egin dutena? Horregatik eduki dezake garrantzia, segidarik baldin badu, EH Bilduk eta EAJk Eusko Legebiltzarrean adierazpen bateratua hitzartu izanak. Erantzun eraginkorragoa emate aldera tanta txiki bat besterik ez da, baina bidea erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.