Miren Amuriza.
BIRA

Euskalduntzea

2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Euskara zulatutako globo baten antzean ez ote daukagun hezkuntzan. Aritu, ari gatzaizkio puzka: D eredua hautatzen duen familia kopuruak nabarmen egin du gora, baita ikasleen ezagutza mailak ere. Baina haizeak ihesbideak topatzen ditu oraindik: euskara etxean jaso ez duten ikasleen erdiak ez ei dira euskaldundu eskolan. Ondorioa: ereduen sistema martxan jarri eta hogeita hamar urtera, globoa aireratu ezinik jarraitzen dugula. «Bai, bai» esango du, beharbada, irakasleren batek, «metafora polita. Baina nik 24 nerabe edukitzen ditut gelan zortzietatik lauetara, astelehenetik ostiralera, zeina bere korapilo eta motxilekin; nahikoa lan eserita eta adi samar egon daitezen ere».

Irakasleentzat (ere) ez da, ez, nolanahiko ardura gaztetxoak euskalduntzea. Euskara irakastea, karlistadei buruzko aurkezpena prestatzen laguntzea izan liteke; Zergatik Panpox irakurraraztea; buruketak euskaraz ebatz ditzaten trebatzea... Euskalduntzea, ordea, haragokoa da: galegoa, bretoia, gaelikoa darabiltenekiko enpatia transmititzea; edo sarean euskaraz nabigatzeko ohitura; edo euskaraz ligatzeko garra... Eta, tamalez, grina hori ez daukana nekez euskaldunduko da DBH bukatutakoan B2 titulua eskuratuta ere. Jakintza kontua barik, erabaki kontua baita egun euskaraduna izatea; emozionalagoa kognitiboa baino. Zulo, ihesbide hori hobeto josten asmatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.