Miren Amuriza.
BIRA

Mesfidantza

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Munduak zure kontra konspiratzea ez beste zereginik ez duela sinetsita jaikitzen zaren egunetan, hobe zenuke, bai, dutxa hotz bat hartu. Bezperako eguraldi iragarpenak huts egin duelako, bizilagunak siku samar agurtu zaituelako, semaforoa berde jarri eta segundo erdira bozina-joka hasi zaizulako atzeko gidaria, lankideek, okinak, usoek arraro begiratu zaituztelako... Auskalo zergatik egoten zaren hain mesfidati. Izaera kontua dela esaten dute batzuek, adinarena dela besteek... Edo, gehiagoko barik, gorputzaldiaren gora-beherakoa.

Ordea, usterik gutxienean, norbaitek txikikeriaren bat esan eta arnasa apur bat itzultzen dizu, kalean, oinez zoaztela, adibidez. Oinez zoazte bizilagunak, lankideek, usoek egin dizkizuten mintxoak zerrendatzen, bakardadea madarikatzen diharduzun bitartean, eta non botatzen dizun lagunak: «Begira, oraintxe ziplo eroriko bazina, eskaparate horren aurrean dagoen andrazkoa, berehala etorriko litzaizuke laguntzera; edo alderantziz, banku horretako mutilari zerbait gertatuko balitzaio, zeuk ere birritan pentsatu barik lagunduko zenioke, ez?». Humanitatearekiko konfiantza berreskuratu behar duzula esan izan balizu, haizea hartzera bidaliko zenuen baina, beharbada, arrazoia izango du, bai. Lagunari sinets zeniezaioke egun horietan, dutxa hotz bat hartu... Eta bestela, beti daukazu ohean geratzea, madarikazioka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.