Ekologistek diote klima larrialdiaren izendapena ez dela «nahikoa»

Eusko Jaurlaritzaren deklarazioaren ondoren, Klima Larrialdirako Aliantzak «ekintza errealak» galdegin dizkie administrazioei

amaia igartua aristondo
Bilbo
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak klima larrialdia izendatu zuen uztailaren 30ean, eta, deklaratzearekin bat, iragarri zuen aurrekontuaren zati bat egoera «arintzera» bideratuko duela. Urrats horiek, ordea, ez dira «nahikoak», Klima Larrialdirako Aliantzaren arabera. Taldeak 102 eragile biltzen ditu, eta «ekintza errealak» eskatu zizkien administrazioei atzo, Bilbon eginiko agerraldian.

Eskakizunen artean dago helburuen epeak zientzialarien gomendioetara «doitzea»: Jaurlaritzak 2050erako ezarri du karbonoan neutro izateko helburua —alegia, berotegi efektuko gasen isuriak ez izatea atmosferatik kendutakoak baino gehiago— , baina Aliantzako kide Lorea Floresek azaldu du «epe luzeegia» dela, zientzialariek 2040an jarri baitute muga. Jaurlaritzak finkatutako denboran ezingo litzateke batez besteko tenperaturaren igoera 1,5 graduren azpitik mantendu; hain justu, Floresek gogoratu du hori dela «atzera buelta gabeko puntua».

Eginbehar zehatzei dagokienez, Urshena Goitik administrazioari galdegin dio «Euskadiko ingurumen arazo nagusienei irtenbidea» ematea, eta jopuntuak zehaztu ditu: besteak beste, Zabalgarbiko erraustegia, irekitzeko dagoen Zubietako erraustegia eta Petronor findegia. Azken horri «ingurumenarentzat eta giza osasunarentzat arazo handiak» eragitea leporatu dio Goitik.

Tokian tokitik eragitea

NBEk aitortua die tokiko erakundeei klima aldaketaren ondoriorik larrienak murrizteko «potentziala». Euskal administrazioetatik ere ekarpenak egin daitezkeelakoan, Floresekpolitika «koherenteak eta koordinatuak» egiteko eskatu du. Izan ere, klima larrialdia erakunde publiko guztietan deklaratzeko, mozioak aurkeztu dituzte jada hainbat udaletan. Jaurlaritzaren deklarazioa baino lehen, ordea, EAJk gobernatzen dituen udalerri batzuek baztertu egin zuten idatzia. Beraz, Goiti «harrituta» agertu da lehendakariaren adierazpenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.