«Erakunde borrokaz» kexu

Ortuzarrek esan du «inposizioa» ez dela ona baina «gutxiengoak are zilegitasun txikiagoa» duela

Andoni Ortuzar, atzo, Radio Euskadin eginiko elkarrizketan. EAJ.
jon olano
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
EAJren eta EH Bilduren arteko harremanak ez daude onenean, eta ez dirudi hauteskunde zikloa atzean utzi izanak harreman hori onbideratzeko balio izan duenik.Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, gehiengo absolutua daukate Eusko Legebiltzarrean, eta oposizioko indarrak kritiko azaldu dira gobernua sostengatzen duten alderdien jarrerarekin. Atzo, Radio Euskadin elkarrizketatu zuten Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, eta, hain justu, bozen osteko jokaerez mintzatu zen; zehatzago, oposizioarenaz.

EH Bildurentzat eta Elkarrekin Podemosentzat hitz gogorrak izan zituen Ortuzarrek: «Ematen du kale borroka amaitutakoan erakunde borroka hasi dutela: moldeak aldatu ditugu, baina ez dugu oinarria aldatu», esan zuen indar subiranistaren inguruan. Elkarrekin Podemosen eta haren bozeramaile Miren Gorrotxategiren jarreraz ere kritiko azaldu zen Ortuzar; «buruan nahaste-borraste politiko itzela» izatea egotzi dio: «Ezinezkoa da EAJ aingerutxo bat izatea Miranda Ebrotik igarotakoan Madrilerako bidea hartzen duenean, denekin hitz egiteko prest dagoena, eta hemen guztiz kontrakoa izatea, deabrua».

Bi indarren kasuan, oposizioaren «inposizio» gogoaz jardun zuen: «Demokrazian ez dago lekurik inposiziorako; txarra da, baita gehiengoak ezartzen duenean ere». Haren esanetan, «gehiengoak ez du berezko zilegitasunik ezer inposatzeko, baina are gutxiago du gutxiengoak».

EH Bildu, ordea, ez dator bat diagnostiko horrekin, eta uste du Jaurlaritzako alderdiena dela gobernuaren eta oposizioaren arteko arrakalaren ardura. Euskadi Irratian, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuen indar subiranistak ez daukala «aukerarik» Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin hitz egiteko: «Bospasei plan entregatu dizkiogu lehendakariari, baina ez dugu erantzunik jaso. Hitz eginda lortzen dira akordioak. Europako funtsak, aurrekontuak eta momentuan hartu beharreko hainbat gai ditugu esku artean». Hortaz, «atxikimenduak» bilatzea leporatu dio Jaurlaritzari: «Akordioak egongo balira, hori herritarren onurarako izango litzateke beti, eta demokratikoagoak izango lirateke».

Iruñean eta Madrilen duen jarrera Gasteizen ez izatea egotzi izan dio EAJk EH Bilduri, eta, hori ikusirik, jeltzaleen jokabideaz kexatu zen Iriarte: «Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak bestelako jarrera dute gurekin». Adibide gisara, azaldu zuen Maria Txibiteren gobernuak onartu egin dituela EH Bilduk autonomoen inguruan proposatutako neurriak.

Alternatibaren ildoak

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala atzo batzartu zen, jarduera politikoa gidatuko duten ardatz nagusiak berresteko. Jarduera hori EH Bilduren bidez egingo du erakundeetan, baina «batez ere kalean» gauzatu nahi du Alternatibak: «Ez dugu zalantzarik kaleak aldarrikapenez beteko direla dagoeneko pairatzen hasiak garen murrizketen aurrean», esan zuen Maria del Rio zuzendaritzako kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.