EAEko hezkuntza, sindikatuen ikuspegitik (eta V). Ana Perez (Steilas).

«Hizkuntza ereduen sistemak segregazioa indartzen du»

Sare publikoko irakasleen mahaian lortutako akordioa abiapuntua dela uste du Perezek. Ez, ordea, hezkuntza legerako Jaurlaritzak ipinitako oinarriak. «Ezin zaie sare publikoari eta itunpekoari tratu bera eman, eta txostenak hori egin du».

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
40 urte publikoaren alde lelopean, 11. kongresua egin du Steilasek azken bi egunetan. Sindikatuaren organoak berritzeaz gain, txosten bat onartu dute. Egoera soziopolitikoa eta hezkuntza arloaren egoera aztertu dituzte. «Besteak beste, neoliberalismoak dituen ondorioak aztertu ditugu. Adibidez, hezkuntza sektorean pribatizazio prozesu bat bultzatu du», azaldu du sindikatuko bozeramaile Ana Perezek (Bilbo, 1961).

Irakaskuntza publikoko lan baldintzetatik aparte, Jaurlaritzari egin dizkiozuen aldarrietan baziren bestelakoak ere. Adibidez, hezkuntzaren pribatizazioa bukatzea edo Heziberri eta LOMCE indargabetzea. Marra gorriak zirela esaten zenuten, baina horiek lortu gabe onartu duzue akordiorako oinarria.

Aldarrikapen politikoagoak dira horiek, edo, nahiago bada, filosofikoagoak. Eta bagenekien Hezkuntza Sailak ez daukala eskumenik LOMCEren kontra egiteko. Horregatik, Heziberri proposatu zenean, LOMCE betetzea ezinbestekoa denean, esan genuen ez daukala zentzurik hari buelta eman nahi dion beste ekimen bat sortzeak. Azken batean, LOMCE ezinbestean bete behar du Jaurlaritzak. Eta Heziberri LOMCEren aplikazioa da, gurera ekarrita. Aldi berean, esan behar dugu guretzat astelehenekoa ez dela behin betiko akordio bat; blokeo fase batetik ateratzeko akordiorako oinarria da. 2009tik hona murrizketak egon dira, eta uste genuen gutxieneko neurri batzuk hartu behar ditugula horri buelta emateko. Gogor negoziatu dugulako, eta, batez ere, grebak egin ditugulako lortu dugu akordioa.

ELAk, LABek eta zuek elkarrekin hasi zenituzten mobilizazio horiek, baina, azkenerako, batasun hori hautsi egin da.

ELAk beste irakurketa bat egin du. Baina guk uste dugu lortu ditugun neurriekin eskoletan egoera hobean egongo direla. Orain onartu dugun hori irailaren 1ean sartuko da indarrean. Eta hori ona dela uste dugu. Hala ere, hurrengo sei hilabeteetan falta dena negoziatzen jarraituko dugu. Eta, ikusiko bagenu Jaurlaritzak ez duela adostutakoa betetzen, konfrontazio dinamikara itzuliko ginateke, inolako zalantzarik gabe.

Lan baldintzei lotutako eskaeretan ere ez dituzue guztiak lortu. Adibidez, ratioak %10 jaistea hurrengo baterako geratu da.

Baina lortu ditugu neurri batzuk hori arintzen lagunduko dutenak. Adibidez, 3 urteko geletan, orain arte, gelako 23 ikasle izaten zen muga. Gehiago badaude, edo bigarren ikasgela bat sortzen da, edo baliabide gehiago jartzen dira. Orain, hogeira jaitsi da muga. Horrez gain, egongo dira baliabide gehiago behar dituzten beste ikasgela batzuk, beharrizan bereziak dituztelako. Adibidez, segregazioari lotutakoak. Eta horientzat ere baliabide gehiago lortu ditugu. Hemen dugun segregazio handiena baliabide ekonomikoek sortzen dute, jatorriak baino gehiago. Maila sozioekonomiko altuko familietako ikasleak itunpeko ikastetxeetara joaten dira, eta maila baxukoak, sare publikora. Sare publikoko ikastetxe batzuetan ia ghettoak sortu dira.

Segregazioari aurre egiteko, Akordiorako oinarriak izeneko txostenean, besteak beste, lurralde mailako eskolatze bulegoak proposatu dira. Balioko dute? Zerk lagundu dezake arazoa konpontzen?

Oraingo hizkuntza ereduen sistemak segregazioa indartzen du.A ereduak segregazioari laguntzen dio. Era berean, gure sistemak badu anomalia bat: ikasleen erdiak eskola publikoetara joaten dira, eta beste erdiak, itunpekoetara. Europan hori ez da ia beste inon gertatzen, Belgikan eta Maltan baino ez. Eta horrek segregazioa sortzen du. Itunpekoetan hezkuntza bera ez dute kobratzen, noski, itun bidez finantzatuta dagoelako. Baina badira kuotak kobratzeko erabiltzen diren beste zerbitzu batzuk: jangela, garraioa, igerilekua... Dirurik ez duten familiak ezin dira eskola horietara joan. Hezkuntza Sailak eredu hori babesten du, uste duelako familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea dutela; baina aukera hori dirua duten familientzat baino ez da. Ez dugu eskatzen ikasleak bi sareetan sakabanatzea, baina bai ikastetxe publikoetan baliabide gehiago jartzea, familia guztientzat erakargarri izan daitezen, eta ez dezaten itunpeko sarea hobetsi. Baina Jaurlaritzaren txosten horretan aipatu ere ez da egiten eskola publikoa: hezkuntza sistema aipatzen da, bere osotasunean.

Txostena aztertu ondoren Eskola Kontseiluak onartu duen ebazpenak esaten du hainbat gai falta direla. Tartean dago hezkuntza sistemaren egitura hori, publikoaren definizioa. Finantzaketa ere aipatzen du.

Guk ebazpenaren aurka bozkatu dugu, ebazpena onartzeak txostena onartzea esan nahi duelako. Eta txosten hori ezin daiteke lege berrirako oinarria izan. Ezin zaie sare publikoari eta itunpekoari tratu bera eman, eta txostenak hori egin du.

Ekainean Eusko Legebiltzarrera joango da. Hezkuntza sistemaren egituraren inguruko eztabaida hori sortuko da han?

Interes asko daude. Eta ez bakarrik jatorri erlijiosoa duten ikastetxeenak. Publiko egin ez ziren ikastolek ere egungo eredua babestu nahi dute, eta Jaurlaritzaren txostenaren alde bozkatu dute. Ikastolek funtzio garrantzitsua bete dute euskalduntzean, baina bada publiko bihurtzeko garaia. Gaur egun eskola publikoak euskalduntzen du gehien. Ikastolek ere egiten dute, baina ikasle gutxiago dute, eta euskaldunak euskalduntzea oso erraza da. Publikoa erdaldun guztiak euskalduntzen ari da.

B2 maila ipini nahi da helburu, baina txostenak ez du esan nola lortu. Jaurlaritza ausartuko da murgiltze eredua ezartzen?

LOMCE onartu zenean, hizkuntza ereduen sistemari eustea adostu zen Hezkuntza Ministerioarekin. Hala uste dut nik. Guk zaila ikusten dugu Jaurlaritzak orain iritzia aldatzea. Gainera, ingelesa indartuko bada, euskarari kalte egingo dio, orduak euskarari kendu beharko zaizkiolako. Murgiltze eredua ezartzen ez bada, eta ingelesa kontu handiz sartzen ez bada, ez da helburu hori lortuko.

Ikasleek ez dute igarri behar batean edo bestean ikasten duten. Langileek ere ez? Orain itunpeko batzuk mobilizazioetan dabiltza. Lan baldintza berak izan behar dira bi sareetan?

Noski. Lan bera egiten duenak soldata bera kobratu behar du. Gu sistema publikoaren aldekoak gara, baina itunpekoen eskubideak ere babesten ditugu. Hala ere, lanerako sarbidea ere berdindu beharko litzateke, itunpekoetan oso iluna delako. Ez dakigu nola aukeratzen diren irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.