Nafarroan torturak izan duen eragina aztertuko dute azaroaren 17an

Nafarroako Torturatuen Sareak jardunaldi bat antolatu du egun horretarako, Iruñean; nazioarteko hainbat adituk parte hartuko dute

Nafarroako Torturatuen Sareko Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga kideak prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroan torturak izandako presentziaren berri eman eta hainbat hamarkadatan gertatutakoa argitu nahi du Nafarroako Torturatuen Sareak. Horretarako, jardunaldi bat antolatu du azaroaren 17rako; 18:30ean izango da, Nafarroako Medikuen Elkartearen egoitzan. Herritar guztiei irekitako saioa izango da, eta interesa dutenen parte hartzea sustatu nahi dute.

Konferentzia horren berri emateko bildu ziren atzo Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kideak. Medikuen Elkartearen egoitzan emandako prentsaurrekoan, Nafarroako torturak aztertzearen garrantzia azpimarratu zuten: «Beharrezkoa da torturak Nafarroan izan duen eragina zabaltzea eta ezagutzea. 1960tik 2012ra bitarte arrazoi politikoengatik Estatuko segurtasun indarrek eragindako tratu txar eta torturak ikertzea ezinbestekoa da aurrera egiteko», esan zuen Txokarrok.

Beraz, torturak ikertzeko helburuz, azaroaren 17ko konferentzian tratu txarren gaian adituak diren hizlariak egongo dira: Angel del Cura Anton, Olivier Peter, Helena Sola eta Santiago Bereziartua, besteak beste.

Hala ere, oraindik bide «luzea» dagoela esan zuen Ainara Gorostiagak: «Azaroan emango den konferentziaren bitartez, lurraldeko torturari buruzko argazki osoagoa sortu nahi dugu».

Argazki «osatuago» horren protagonistak Nafarroan 1979tik 2012ra bitarte egondako tortura kasuak izango dira, garai horretako gertaerak argitzeko eta ikertzeko asmoz. «Azken garaian torturatuen gaiak gure herrialdean itzaletik argira ateratzea lortzen ari gara», esan zuen Gorostiagak.

Etorkizunari begira

Itzaletik argira igarotzeko bide luze horretan beste hainbat eragile egon dira, Ainara Gorostiagaren arabera. EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak abiarazi duen ikerketa da horren adibidea; izan ere, 1979tik gaur egunera Nafarroan izandako torturak xehe-xehe landu eta eta aztertuko ditu egitasmo horrek.

Erreparazioaren bidea hartu nahi du Nafarroako Torturatuen Sareak, beraz. Torturak herrialdean sortutako zauriak itxi nahi dituzte elkartekoek, eta tratu txarrek izandako eraginari garrantzia eman. «Gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea. Hori da praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena, eta denon artean egin behar dugu», esan zuen Gorostiagak. «Inori inoiz ez dakiola berriro gerta guri gertatu zaiguna», gehitu zuen Txokarrok.

Azaroaren 17ko konferentzian ez ezik, hilaren 20an ere torturaren eta memoriaren gaiak landuko dituzte Iruñean. Santiago Bereziartuak, Argentinako Giza Eskubideen aferetan adituak, hitzaldia emango du Iruñeko Kondestablearen jauregian. Gonbidatuak Argentinako diktaduran jasandako torturaren inguruan hitz egingo du, 17:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.