Koronabirusa

Bizkaiko Medikuen Elkargoa urtarrilaren 23ko mobilizazioetara batu da

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte mobilizazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iganderako

Joan den urtean ere egin zituzten osasun publikoa indartzearen aldeko mobilizazoak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Osakidetzako lehen mailako arretaren egoerak bultzatuta, Bizkaiko Medikuen Elkargoak erabaki du sektore hori indartzeko igandean egingo diren protestetara batzea. Hori adierazi du, komunikatu baten bidez. Joan den urtean ere bat egin zuen protestekin, baina aurtengo egoera are larriagoa dela azaldu du.

Osasun arloan gehiengoa osatzen dute ELAk, SATSEk, LABek, CCOOk eta UGTk, eta, urte hasieran, guztien artean, hilaren 23rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan mobilizatzera deitu zuten.

Lehen mailako arretaren «kolapsoa» eta ospitaletako arretaren gainkarga salatzeko antolatu dituzte protestak, eta «berehalako» neurriak eskatu dituzte egoera konpontzeko.

Bizkaiko Medikuen Elkargoak komunikatuan esan duenez, omikron aldaera berriak «lehendik ere guztiz zukututa» zegoen lehen mailako arretara bideratu du orain arte koronabirusaren eraginez ospitaleetan zegoen presioa; beraz, lehen arreta «kolapsatzeko zorian» dago: «Presazkoa da lehen arreta salbatuko duen estrategia bat sortzea».

Izan ere, elkargoa beldur da sektore hori «atzera-bueltarik ez duen puntu batera» helduko ote den. Adierazi duenez, oraintxe «hondoratzeko zorian» dago, eta, hori gertatuz gero, «osasun sistema osoak» behea joko du: «Gure gizarteak daukan funtsezko oinarri bat galduko genuke: osasunaren babesa».

Lehendik ere, gainezka

Elkargoak salatu du lehen mailako arretaren egoera latza zelapandemiaren aurretik ere: «Lan asko izan dute, eta sektore honetan inoiz konpondu ez den prekaritateak are gehiago okertu du egoera». Koronabirusaren omikron aldaerak, ordea, «jasanezina» bihurtu omen du egoera: «Pazienteek kontsultak, jarraipenak, tratamenduak eta kudeaketa administratiboak behar dituzte. Lan hori osasun etxeetako langileen gain erortzen da; lehendik ere goia jotzeko zorian zeuden langile horien gain, hain zuzen».

Azaldu duenez, langileek lanordu gehiago egin behar dituzte; ez daukate ordezkorik, eta lan karga handitu behar izaten dute lankideren bat falta denean.«Deiei eta web bidez egindako eskaerei erantzuteko denborarik ez, txanda lortzeko desesperazioz ospitaleetara jotzen duten pazienteak, ez dagozkien tramiteak egiten dabiltzan administrazioko langileak, horrek guztiak pazienteei eragiten dien mesfidantza... hori da osasun langileen egunerokoa», salatu du elkargoak.

Bukatzeko, instituzioei eskatu die esku hartzeko: «Ezer egin ezean, ez da pandemia hau izango gure osasun sistema deuseztatuko duena, sistema kudeatzen dutenen utzikeria baizik».

Protestak, nonahi

Atzoko ere, protestak antolatu zituzten Hego Euskal Herriko hainbat eragilek, osasun publikoaren egoera salatzeko. Bizkaian, esaterako, Bilboko osasun zentro guztien aurrean batu ziren protesta egiteko, eta Barakaldon ere elkarretaratzea egin zuten. Nafarroan, berriz, Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Elizondon egin zituzten elkarretaratzeak, osasun etxeen aurrean.

Hurrengo protestak urtarrilaren 23an egingo dira, sindikatuek deituta: Andre Maria Zuriaren plazatik Gasteizen, Jesusen Bihotza plazatik Bilbon, eta Bulebarretik Donostian. Nik bai sinesten dut osasungintza publikoan izango da protestaren lema, eta beste hainbat eragile ere protestetara batzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.