Erkorekak eskumenen egutegiari eutsi nahi dio bozak igaro ondoren ere

Bozeramaileak ohartarazi du finkatutako bide orriari segitu behar zaiola, Espainiako Gorteetarako bozak PSOEk ez beste batek irabazita ere

Maider Galardi
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri du datorren apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeetako irabazlearekin izango duten lehen harremana transferentzien eskualdatzeaz aritzeko izango dela, besteak beste. Nabarmendu du Jaurlaritzak PSOErekin finkatutako bide orriari helduko diola, «irabazten duenak irabazten duela ere». Areago, bozak izan bitartean, Jaurlaritzak hitzartutako epeetan lanean segituko du, Erkorekaren arabera, nahiz eta hauteskundeek «zaildu» egiten duten eskumenak eskualdatzea.

Erkorekak Radio Popular-en egin ditu adierazpenak, eta nabarmendu du Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin adostutako egutegiari helduko diola Jaurlaritzak aurrerantzean ere: «Ondorengo gobernua PSOErena bada, ageriko arrazoiengatik; eta ez bada, berdin egingo dugu beste alderdiekin ere». Bi gobernuek urte hasieran adostu zuten 33 eskuduntza eskualdatzea 2020ra bitarte. Era horretan, Gernikako Estatutuan finkatutako eskumen guztiak eskualdatuko lirateke, Gizarte Segurantza salbu.

Hain justu, bi gobernuek lehen faserako zazpi transferentzia eskualdatzea hitzartu zuten urtarrilean, eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko buruak eskatu du horiek bete daitezela bozen aurretik: «Ez dakit zergatik ezin diren transferentzia horiek egin astebetean». Ortuzarren arabera, EAJk ez du derrigorrean babestuko Sanchez gobernu dekretuak onartzeko, eskumenen truke, baina «borondate politikoaren» alde egin du.

Bide orria eteteko arriskua

Hortaz, Jaurlaritzak bozen aurreko hilabetea baliatu nahi du adostutako lehen eskumenen transferentzia egiteko, eta hauteskundeen ostean ere bide orriari segitzea du asmoa: «Estatutua bere osotasunean betetzeak edozein testuinguru politikoren gainetik egon beharko luke», ohar egin du Erkorekak. Jakinarazi du azalpenak eskatuko lituzkeela hala izango ez balitz eta egutegia beteko ez balitz: «Gobernu berriak ukatu egiten badu, publikoki esan beharko du bere posizioa legearen aurkakoa dela. Esan dezala eta eman dezala aurpegia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.