«Adostasuna» goratuta hartu du Urtaranek Eudeleko presidentetza

Udalen elkarteak 2019-2023 aldirako Batzorde Eragilea eratzeko bilkura egin du, Elgoibarren. Santano eta Alkorta izango dira presidenteordeak

Gorka Urtaran, Eudeleko presidente kargua hartu berritan. EUDEL.
jon olano
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Imanol Landa Getxoko (Bizkaia) alkate ohia ordezkatu du Eudeleko presidente karguan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak biltzen dituen elkarteak atzo egin zuen 2019-2023 legealdirako Batzorde Eragilea berritzeko Batzar Orokorra, Elgoi- barren (Gipuzkoa), eta bertan hartu zuen Urtaranek aginte makila, Landaren beraren eskutik. Esker hitzak izan zituen Urtaranek Landarentzat eta haren aurretik igarotakoentzat: «Geure erreferentea zarete eta, etorkizunari begira, inspirazio iturria».

245 udalerritako ordezkariak batu ziren Elgoibarren, elkartearen gobernu organoetako kide berriak hautatzeko, eta gehiengo kualifikatua eskuratu zuen Urtaranek, hautagaitza bateratua aurkeztu baitzuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. 121 alkate dauzka EAJk hiru lurraldeetan, 83 EH Bilduk eta 11 PSE-EEk. Hala ere, eztabaida izan zen presidenteordeen izendapenean; hiru indar politikoek aurkeztutako zerrendan, Jose Antonio Santano Irungo alkatea (Gipuzkoa) zen lehen presidenteorde izateko hautagaia, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea (Gipuzkoa) bigarren presidenteordea. Alkortak protesta egin zuen bi presidenteordeak maila berean jarri ez dituztelako, eta, ordu erdiko etenaren ostean, erabaki zuten bi karguek «ez izatea ordena definituta». Eudeleko iturrien arabera, elkarteko estatutuetan ageri dira lehen eta bigarren presidenteorde karguak, baina alde horrek ez du ondorio praktikorik.

Urtaranek esan zuen Eudelen «etapa berri bat» hasi dela, «egindakoa berresteko». «Etapa berriari lehengo gogo berarekin ekin diogu, udalok Euskadin maila goreneko herri erakundeak garela eta euskal sistema instituzionalean hitza eta botoa dauzkagula erakusteko asmoz». Era berean, uste du Eudelek «adostasunezko estamentua izaten jarraitu» behar duela, «ideologiak alde batera utzita; elkarrekin lan egin dezagun gure udalerrien, gure jendearen eta gure auzokoen alde, batasunetik, elkarrizketatik, adostasunetik; sarean».

Zortzigarren presidentea

1982. urtean sortu zuten Eudel, eta, harrezkero, presidente izango den bigarren arabarra da Urtaran. «Gure aurretik egon direnen eskarmentu eta ibilbidearen ondarea» nabarmendu zuen, eta gogora ekarri «norbere udalerriaren alde udaletik lan egitea erabaki duten milaka herritarren ekarpena». Zortzigarren presidentea izango da, eta horietatik bakarra izan da emakumezkoa: Ibone Bengoetxea, 2011tik 2015era bitarteko legealdian Bilboko alkateorde izandakoa.

Agurreko mezuan, Landak azpimarratu zuen «lorpen garrantzitsuak» lortu dituztela azken lau urteetan: «Gogor jardun dugu, elkarlanean, eta xede izan dugu zimenduak sendotzea, zimendu horietatik jarraituko dugulako Eudelen etorkizuneko eraikina altxatzen. Gainera, erakundeak bere historia osoan izan duen Batzorde Eragile pluralenaren errealitatetik egin dugu».

Zazpi emakumek eta zortzi gizonek osatuko dute Batzorde Eragilea; hiru 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.