Estatutu berriaren oinarriak erretiratzeko eskatu du PPk

Legez kanpokotzat eta bideraezintzat jota, boto partikularra aurkeztu du legebiltzarrean. EAJk dio ez duela onartuko «betorik eta mehatxurik»

enekoitz esnaola
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
PPk EAEko estatutu politiko berrirako ekarpenik egin gabe jarraitzen du, uste baitu 1979koa nahikoa dela, eta, gainera, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak oinarriez adostutakoa erretiratzeko eskatu du, dokumentuaren edukia «legez kanpokoa delako». PPren boto partikularra erregistratu du Alfonso Alonsok, legebiltzarrean. Estatutu berriaren oinarriak ilegaltzat jotzeaz gain, adierazi du Espainiako Estatuko esparru juridiko-politikoan «bideraezina» litzatekeela egitasmo hori, eta arriskuan jarriko lituzkeela «ekonomia, egonkortasuna eta bizikidetza».

EAJk eta EH Bilduk adostu dute dokumentua: Euskal Herria nazio modura aitortu dute, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute —«euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko»—, euskal lurraldeen arteko harremanen alde agertu dira, Madrilekiko harremana «berdinen» artekoa izatea nahiko lukete eta eskumen esklusiboak nahi dituzte. Alor sozialean, akordioa lortu dute Elkarrekin Podemosekin. PSE-EErekin eta PPrekin, batere ez orain arte.

«Gatazkarako oinarriak dira», Alonsoren esanetan, «ez estatutuaren erreformarako». Idatziaren «likidazioa» eskatu du, «ezinezko juridiko bat baita».

EAJren ohartarazpena

Eusko Legebiltzarreko taldeek irailean ekingo diete estatutuaren erreformarako lanei. Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak azaldu du talde gehiago nahiko lituzkeela behin betiko akordioan, baina ohartarazi du EAJk ez duela «betorik eta mehatxurik» onartuko. «Betidanik esan dudan gauza da, eta berriro esango dut, abertzaleak ez direnak hurbildu nahi ditudala akordio honetara eta, batez ere, eguneko lanera eta esku artean daukagun proiektura. Baina onartuko ez duguna da, gehiengoa izan zein ez, inoren betorik eta are gutxiago mehatxurik», esan du Euskadi Irratiko elkarrizketa batean.

BBBko buruak uste du «oso garrantzitsua» dela EAJk eta EH Bilduk —legebiltzarreko bi talde nagusiek— orain arte erdietsi duten adostasuna. «Pozten naiz, eta ea honakoaz gain beste akordio batzuk lortzerik dagoen eta gutxieneko hurbiltze bat egiterik dagoen». Talde ez-abertzaleek ere akordioak erdiesteko «ahalegina» egin beharko luketela dio.

Elkarrekin Podemosek nabarmendu du egin dela «eskubide sozialak onartu eta berresten dituen» akordio bat Eusko Legebiltzarrean, eskubideok «autogobernuaren ardatz modura hartuz, eta inor albo batera jaurti gabe». Bide beretik segitzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.