EAJkoa izango da legebiltzarreko batzorde gehienetako burua

Hamazazpi batzordetik hamarretan izango da presidente jeltzalea, eta bina zuzenduko dituzte EH Bilduk, PSE-EEk eta PP+C's koalizioak

jon olano
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak hamazazpi batzorde izango ditu hamabigarren legealdian, eta atzo egin zituzten batzorde bakoitzaren presidentea aukeratzeko bozketak. Ondorioa da EAJk eta PSE-EEk, Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdi politikoek, batzordeen %70 zuzenduko dituztela; hamarretan, jeltzalea izango da presidentea, eta bitan, sozialista. EH Bilduko batzordeburuak bi izango dira, eta PP+C's-ekoak, beste bi. Legebiltzarkideen estatutuari buruzko batzordeak, berriz, ez du presidenterik.

Jeltzaleek hamar batzordeburu izango dituzte datozen lau urteetan; Erakuntza, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean (Jose Antonio Suso), Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzakoan (Alaitz Zabala), Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalarenean (Luis Javier Telleria), Hezkuntzan (Gorka Alvarez), Gizarte Politika eta Gazteriari buruzkoan (Eva Juez), Giza Eskubide, Berdintasun eta Justiziakoan (Leixuri Arrizabalaga), EITBren Kontrol Batzordean (Iñaki Agirre), Osasunekoan (Kerman Orbegozo) eta Europako Gaien eta Kanpo Harremanenean (Rakel Molina). Horiez gain, Bakartxo Tejeria jeltzalea izango da Erregelamendu eta Gobernu Batzordeko presidentea, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria den heinean.

PSE-EEk bi batzordeburu izango ditu: Maria Jesus San Josek zuzenduko du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Batzordea, eta Sonia Perezek Lanari eta Enpleguari buruzkoa. Beste horrenbeste izango ditu EH Bilduk ere: Kultura, Euskara eta Kirol batzordeko buru izango da Jasone Agirre, eta Merkataritza, Kontsumo eta Turismokoaren presidente Ibai Iriarte. PP+C's koalizioak ere bi batzordetan izango du lehendakaria: Jose Manuel Gil, bateraezintasunei buruzkoan, eta Luis Ignacio Gordillo, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuenean. Elkarrekin Podemosek eta Voxek ez dute batzorderik zuzenduko.

Hamabost kidetik zortzi

Hain justu, banaketa horrekin haserre agertu da Elkarrekin Podemos, argudiatuta EAJk eta PSE-EEk, legebiltzarkideen %54 izanik, batzordeburuen %80 izango dituztela. Duela lau urte, hamasei batzorde eratu ziren, eta zazpi izan zituzten Jaurlaritzako bi alderdiek. Batzorde bakoitza hamabost parlamentarik osatuko dute, eta talde bakoitzak legebiltzarrean duen ordezkaritzaren arabera banatu dituzte kopuruak; sei izango ditu EAJk, lau EH Bilduk, bi PSE-EEk eta bana Elkarrekin Podemosek, PP+C's-ek eta Voxek. Beraz, batzorde guztietan gehiengo absolutua izango dute jeltzaleek eta sozialistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.