Arabako hamar dendaritik ia sei gai dira euskara ulertzeko

Merkataritza eta ostalaritza zerbitzuen laurdenetan zerbitzua euskaraz eman dezakete. Euskararen erabilera areagotzea jarri dute helburutzat

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Euskara ulertzeko gai dira Arabako dendari gehienak. Euskararen egoerari buruzko azterketa bat egin du Aenkomer Arabako Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarien Elkarteak, foru aldundiarekin elkarlanean. Ondorioztatu dutenez, hamar dendaritik ia sei gai dira euskara ulertzeko: %58. Euskara dakitenen kopurua areagotzen ari da Araban, eta merkataritzan ere gogoan izan behar da hori, Edurne Parro elkarteko zuzendariak adierazi duenez. Merkataritzan euskararen erabilera igotzea nahi dute.

Herrialdeko merkatarien artean 330 elkarrizketa egin dituzte euskara zertan den jakiteko. Jakin nahi izan dute zenbatekoa den euskararen presentzia harremanetan eta hizkuntza paisaian.

Lau dendatik batean bermatzen dute euskarazko zerbitzua: Arabako saltokien %26 dira gai bezeroak euskaraz artatzeko, gutxienez langile euskaldun bat baitaukate, eta gehienetan, bat baino gehiago. Dendariek ematen diote garrantzia euskaraz zerbitzu emateari. Shandra Barroso dendariak, adibidez, parte hartu du ikerketan; zapata denda bat du Gasteizen. Nabarmendu du euskararen erabilera areagotzen ari dela egunez egun, eta «garrantzitsua eta positiboa» dela bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzea.

Hizkuntza paisaia aztertu dute, eta badira aldeak. Interneten, webguneetako eta sare sozialetako hizkuntza aztertu dute: webguneetan, hamar komertziotik bakarrak erabiltzen du euskara, eta sare sozialetan, hamarretik bik. Saltokian bertan, errotuluetan eta karteletan, nabarmen handiagoa da euskararen presentzia: %46k dauzkate euskaraz.

Euskaraldiari begira

Euskararen presentzia areagotzeko nahia sumatu dute dendarien artean. Nahiz eta euskaraz jakin ez, dendarien %42 prest agertu dira euskararen ezagutza hobetzeko, eta %41ek interesa agertu dute euskara sustatzeko. Hain justu ere, Parrok ohartarazi du «enpatia eta jarrera positiboa» beharrezkoak direla merkataritzan, bezeroei arreta emateko. Horrekin lotuta, euskara bultzatzeko kanpainen garrantzia nabarmendu du, eta Euskaraldia aipatu du bereziki. «Elkartetik merkataritza guneak animatu nahi ditugu euskararen aldeko urratsak egiten jarraitzera eta aurtengo Euskaraldian parte hartzera». Orain bi urte egin zuten lehen Euskaraldia, eta ehunka merkatarik eta ostalarik parte hartu zuten. Aurtengo udazkenean egingo dute bigarrena, eta zeresan handiagoa izango dute entitateek, euskaraz aritzeko ariguneak sortuko baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.