Jon Ander Egaña. Elikaduraren Klusterreko zuzendaria

«Banatzaile eta saltoki handiak ere ari dira zama bat hartzen»

Produktu batzuen salneurriei muga bat jartzea «arriskutsua» dela iritzi dio Egañak, elikadura katearen egonkortasuna «arriskuan» jarriko lukeelako. Haren ustez, Elikagai Katearen Legea betetzea da irtenbidea.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
aitor biain
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Inflazioa erosketa saskira ere iritsi da. Erregaiak eta bereziki gasa garestitu ondoren, elikagaien salneurriak dira orain gora egiten ari direnak. Bilakaera horri adi-adi begiratzen die Euskadiko Elikadura Klusterreko zuzendari Jon Ander Egañak (Bermeo, Bizkaia, 1966). Aitortu du sektorea garai zailean dela, baina ez du uste prezioak mugatzea denik irtenbidea.

Erosketa saskia nabarmen garestitu da azkenengo hilabeteetan, baina zer produktu garestitu da gehien?

Oinarrizko produktuak dira gehienak: arrautzen, esnearen eta ogiaren prezioak dira batezbestekotik gehien igo direnak, INEren arabera. Halakoetan, ohikoa izaten da produkturik freskoenak garestitzea.

Espero duzue beste elikagairik garestitzea?

Arazo orokorra da; lehendik dator, baina areagotu egin da orain. Elikagaien salneurria garestitu da beste guztiena ere igo egin delako: energiarena, pentsuarena, ongarriena... Eta horien beharra dutenek ezinbestean igo behar dituzte prezioak, marjinak ere txikitu egin zaizkielako. Beraz, zaila da ezer nabarmentzea; dena dago antzeko egoeran.

Prezioen bilakaera ikusita, baliteke kontsumitzaileek marka zurien aldeko hautua egitea, salneurri apalagoa dutelako. Uste duzu erosketa saskian gero eta pisu handiagoa har dezaketela?

Krisialdietan hori gertatzen da: halako egoeretan, jendeak prezio apalagoak dituzten produktuak erosten ditu gehienbat. Kalitatezko produktuak edo gama altuagokoak mantendu egiten dira; aldiz, erdiko kategoria horretan kokatzen direnak, hau da, prezioan edo kalitatean bereizten ez diren produktuak dira gehien sufritzen dutenak. Orain arteko datuek hori berretsi dute: marka zuriko produktuen salmentek gora egin dute.

Horrek ondoriorik izan dezake elikagaien industrian?

Prezioak eragin handia dauka kontsumitzailearen jarreran; beraz, espero da banatzaile enpresa handiek ere promozio handiagoa egitea beren produktuetan. Hala ere, industriak ezin du orain publikoarentzako salmenta preziora pasatu dena, marjinei eusteko. Salneurri guztiek egin dute gora, eta marjinak txikitzen ari zaizkie denei. Katea ondo koipeztatuta dago, nolanahi ere. Ongi egokitu da garaian garaira, eta pandemian ondo ikusi genuen hori.

Ematen du zenbait sektoretan ekaitz perfektua izan dutela: gerra, energiaren garestitzea, lehortea... Bereziki zeintzuk ari dira sufritzen?

Lehenengo sektorea da elikadura kateko katebegirik ahulena; beraz, haiek dira gehien sufritzen ari direnak.

Ekoizle asko kinka larrian daude, kostuei ezin aurre eginda. Badago negozioari eusteko zailtasunak dituenik?

Zuzenean ez dut horren berri jaso, baina badakit esne ekoizleek zailtasunak dituztela, eta iaztik hona ustiategi asko itxi direla. Industria mailan, berriz, inork ez dit halakorik jakinarazi.

Arrautzak, haragia, eztia... Ekoizpena jaitsi egin da, oro har, eta prezioak nabarmen garestitu dira. Zein ondorio izango du horrek?

Askotarikoak izango dira; askok negozioa utzi beharra ere izango dute. Esne ekoizle batzuk, esaterako, behiak hiltzen ari dira jada, ezin dietelako gastuei aurre egin. Badakit zerealei dagokienez ere %35-40 inguru jaitsi dela ekoizpena Euskadin. Eskaerak bere horretan segitzen badu, prezioak igo egingo dira. Noski, produktuen prezioak ez badira igotzen, eta, aldiz, ekoizpen gastuek gora egiten jarraitzen badute, txarto pasako dute askok, edo jarduera utzi beharko dute. Ahal dutenek, berriz, marjinak txikitu eta prezioak igo beharko dituzte.

Zenbait kasutan, ekoizpen kostuaren eta salmenta prezioaren aldea ikaragarri handitu da.

Tira, Eusko Jaurlaritzak orain gutxi jarri du martxan Elikaduraren Behatokia, eta duela gutxi sartu da indarrean Elikagai Katearen Legea ere. Tresna horiekin bermatu nahi da elikadura kate osoan erosleak hornitzaileari ekoizpen kostua estaltzeko adina ordaintzea. Hori ondo eginda, ez litzateke arazorik egon behar. Katea luzea da, hala ere, eta ekoizletik azken banatzailerako tartean kostu asko daude, eta bitartekari asko.

Ekoizle asko lehendik ere, Ukrainako gerra hasi aurretik ere, kexu ziren azalera handiko saltokiekin eta banatzaileekin, prezioak gehiegi ez igotzearen zama haiengan utzi dutelako.

Bai, baina tira, elikagai katearen legea betetzen bada, ez litzateke arazorik egon behar. Horrek bermatzen baitu ekoizleak ere kopuru egoki bat jasotzea. Orain zer gertatzen den? Ba, dena doala gora: prezioak gora doaz, eta kontsumoa, behera. Oreka zaila da. Zein den irtenbidea? Ez dakit. Elikagai Katearen Legea betetzea.

Saltoki handiak hasi dira oinarrizko produktuekin osatutako saskiak eskaintzen. Zer deritzozu proposamen horri?

Frantzian egin zen antzeko zerbait. Kate bakoitzak jakingo du hori egin daitekeen edo ez. Baina beste gauza bada da Yolanda Diazek proposatu duena egitea, elikagai batzuen prezioa mugatzea. Hori arriskutsua da.

Zergatik?

Baten batek ordaindu beharko du prezioen igoera, noski, eta baliteke ahulenak ordaintzea. Baina esaten ari bagara erosleak bermatu behar duela aurreko katebegiaren kostua estaltzea, azken muturrean tope bat jartzen bada arazoak sor daitezke. Lehenengo sektoreak gehiago ez sufritzeko beste neurri bat izan daiteke BEZ zerga jaistea, adibidez. Kontsumitzaileek produktu batzuk prezio jakin batean eskuratzeko aukera bermatzea ondo dago, baina ezin dira elikadura kateko gainerako enpresak arriskuan jarri.

Dena den, Espainiako Gobernuko presidenteorde Diazek ohartarazi du ezin dela zama guztia ahulenak direnengan utzi, eta ahalegin handiagoa eskatu die banatzaile eta saltoki handiei.

Banatzaile eta saltoki handiak ari dira zamaren parte bat hartzen. Prezio marjinak banaketan ere oso doituta daude; oso eskasak dira. Ez dute kontsumoa jaisterik nahi, baina prezioak igo beste aukerarik ez dute, beraiei ere igo dizkietelako. Urte honetan, bi, hiru edo lau aldiz igo dizkiete salneurriak haiei ere. Ahalegin handiagoa egin behar dutela? Uste dut batzuk ari direla egiten.

Larriagotu daiteke egoera hau? Noraino luzatu daiteke?

Putinen eskuetan dago hori. Ez dakit larriagotu daitekeen edo ez, baina egoera ez da erraza. Enpresek eta sektorean lan egiten dutenek behin eta berriz errepikatzen dute ziurgabetasuna oso handia dela. Udazkenean zer etorriko den inork ez daki, eta horrek kezka handia sortzen du, eta beldurra. Egunetik egunera ikusi beharko da.

Ikusi gehiago: Erregai merkeagoek bi hamarren kendu dizkiote inflazioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.