Lidon Gasull. AFFACeko zuzendaria

«Segregazioa sortzen du itunpeko sarearen gehiegizko eskaintzak»

Familiek eskola aukeratzeko askatasuna izatearen aurka dago Gasull, uste duelako 'askatasun' hori batzuek bakarrik daukatela. Horren ordez, ikasleak modu aleatorioan banatu behar direla aldarrikatzen du.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak dauzkan kezketako asko dauzka AFFAC elkarteko Lidon Gasull-ek (Bartzelona, 1985), Kataluniako guraso elkarterik handienaren zuzendariak. Hango administrazioak eskola segregazioaren kontra hartutako neurriei buruz berba egitera gonbidatu du jardunaldi batzuetara EHIGEk, eta elkarte biek ohartarazi dute Eusko Jaurlaritza Kataluniako hezkuntza politikak «kopiatzen» ari dela.

Zer iruditzen zaizue Katalunian segregazioaren kontra egiteko 2021ean onartutako Onarpen Dekretua?

Ez dut uste balioko duenik eskola segregazioari buelta emateko. Agian ikasleak gehiago banatzen lagunduko du, baina guztiz indartuko du itunpeko sare pribatua, zeina beheraldi betean dagoen Katalunian. Familiak publikoaren aldeko apustua egiten ari ziren, eta horrek aukera ematen zigun itunpekoen ikasle lekuen gehiegizko eskaintza murrizteko.Itunpeko sare pribatua eskaria galtzen ari zen, eta ikastetxeak zarratzen, ezin zuelako iraun. Onarpen Dekretuak erreskatatu egin du, eta finkatu egin ditu lekuak, eskola publikora doazen ikasleak bertara joatera derrigortuz. Aitzakia da itunpeko sareak ere bere gain hartu behar duela segregazioaren arazoa.

Esan duzue Eusko Jaurlaritzak dekretu hori kopiatu duela.

Bai, zati batzuk kopiatzen ari da, baina ez dauka kontuan hemengo errealitatea. Kataluniako dekretuarekin kritikoak gara, baina bertako errealitateari erantzuteko dago pentsatuta. Hemen kopiatzeak, ordea, are zentzu gutxiago dauka. Neurri batzuk kopiatu dira, baina ez dira ondo sistematizatu; adibidez, ikasle zaurgarrien etiketatzea. Katalunian ikasle zaurgarriak identifikatzeko sistema ez da guztiz gardena, baina hemen ikusi dudana baino askoz sistematizatuago dago. Hemen, familiei bidalitako inprimakien bidez egiten ari dira.

Zer desabantaila dakar eskoletan ikasle zaurgarrien tasa bat ezartzeak?

Kritika nagusia da Kataluniako Onarpen Dekretuak —eta zuenak ere bai— eskola aukeratzeko askatasuna bermatzen diela orain ere gurasoei. Orduan, banaketaren ardatza ikasle zaurgarrien inguruan jartzen du. Horrek eragiten du ikasle zaurgarriak banatu nahi izatea, eta ez benetako banaketa ekitatibo eta bateratu bat egitea.

Eta zelan egin behar litzateke?

Segregazioaren aurka egiteko eta eskola publikoen dibertsitateari balioa emateko ez dituzu batzuk banatu behar, baizik eta zure hezkuntza eremuko ikasle guztiak, modu aleatorioan. Horrela automatikoki banatuko dituzu, etiketarik ipini barik. Horretarako, eskola publikoa sustatu behar da, itunpeko sare pribatuaren gainetik. Horrela bai, horrela egin dezakegu banaketa aleatorio bat, eskola publikoak hezkuntza eremuaren errealitate sozialaren isla izan daitezen.

Banaketa aleatorioak ez luke ekarriko guraso askok hautatzeko aukerari uko egin beharra?

Izan daiteke. Hezkuntzarako eskubidea oinarrizko eskubidea da, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioaren arabera arautu behar dena. Aukeratzeko aukera ematen duzunean, pribilegioa ematen diezu gutxi batzuei: egoera zaurgarrian ez dauden familiei. Ikasle zaurgarri moduan etiketatu dituztenek askoz leku gutxiago dauzkate aukeratzeko. Zergatik ematen diegu familia batzuei aukeratzeko askatasuna, eta beste batzuei ez? Haienaukeratzeko eskubidea murrizten ari zara, baliabide gehiago dauzkaten familiena baino askoz gehiago.

Ikasleak ausaz banatzearen kontrako jarrera izango luke guraso askok, seguruenik.

Iruditzen bazaigu banaketa aleatorioa oso txarto ikusita egongo litzatekeela familia batzuen artean, eta horregatik ez baldin badugu eredu hori hartzen, aitortzen ari gara Onarpen Dekretua saiatzen dela ez haserrarazten familia pribilegiatuenak. Ziur nago segregazio indizeak hobetuko dituela apur bat, baina ez da hori kontua. Bermatu behar dugu hezkuntza kalitatezkoa izatea denontzat, eta familiek ez sentitzea eskola aukeratzeko beharrizana.

Baina gerta liteke guraso batzuek seme-alabak eskola katolikora edo ikastola batera eroan gura izatea eta ez edukitzea aukera, eta alderantziz?

Bai eta ez. Zuk eskola katoliko batera eroan nahi badituzu zure seme-alabak, eraman ditzakezu. Horrek ez du esan nahi estatuak ordaindu behar dizunik. Eskola publikoak erlijio katolikoa bermatu behar dizu, zure gura hori bada. Beraz, eskola publikoak dagoeneko betetzen du eginkizun hori, ez dago beharrizanik estatuak zure gogoko eskola bat ordaintzeko. Ez litzaiguke normala irudituko batzuek Opus Deiren eskola batera joan nahi dutelakoestatuak ordaintzea.

Ohartarazi duzue itunpeko sareak leku gehiegi eskaintzen dituela.

Bai. Katalunian beldurgarria da. Herri batean eskola publiko bat eta itunpeko bat izatea ez litzateke gertatu beharko. Onarpen Dekretuak erregulatu beharko luke, arazo larriak eragin ditzakeelako. Lehian jartzen dituzu eskola publiko bat eta itunpeko bat, eta, azkenean, eskola publikoak beharrizan sozioekonomikoak dauzkaten ikasleen proportzio handiagoa hartzen du. Eta hori ez da ona ez elkarbizitzarako, ez testuinguru horretan hezten ari diren umeentzat.

Zeintzuk dira gehiegizko eskaintza horren ondorioak?

Administrazio publikoak ezin duenez itunpekoen gehiegizko lekuetan eta ratioetan esku hartu, eskola publikoetako lekuak murrizten ditu, gehiegizko eskaintza horretara moldatzeko. Itunpekoen gehiegizko eskaintzak segregazioa sortzen du, eta leku publikoak kentzen ari gara. Ratioa jaistenari bagara leku publikoak kentzearen truke, arazo bat daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.