Albistea entzun

Jaurlaritzaren aurrekontuak. Jon Hernandez. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea

«Jaurlaritza ez dago prest kontuen logika politikoa aldatzeko»

Hernandezek uste du aurrekontuen eztabaidan Jaurlaritzak «bi neurri» dituela; zerga adostu zuen PPrekin 2018an, baina orain ez du gaiaz hitz egin nahi EPrekin: «Hasieratik argi zuten ez dutela apurrik emango».
GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko urtarrilak 19

Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziatu ditu 2021erako aurrekontuak, baina, hiru bileraren ondoren, ez dago akordiorik. Koalizioak gaur bertan jakinaraziko du osoko zuzenketarik aurkeztuko duen. Jon Hernandez koalizioko legebiltzarkide eta Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari nagusiak (Irun, Gipuzkoa, 1978) aitortu du, Jaurlaritzak gehiengo absolutua izanda, osoko zuzenketa aurkeztea «ekintza sinboliko» bat dela: «Ez dira gure aurrekontuak; ez dugu gustuko haien logika».

Hiru bilera telematikotan gauzatu da negoziazioa.

Pixka bat arraroa izan da; telematikoki egiteagatik bainoago, epeak oso laburrak izan direlako. Duela hilabete aurkeztu zituzten aurrekontuak, eta zuzenketak aurkezteko epemuga baino astebete lehenago deitu gaituzte.

Hitz bitan: zein da desadostasunaren mamia?

Ez dute ezer ukitu nahi izan aurrekontuen norabide politikoan. Esan genuen negoziatzeko prest geundela, baina gai politikoez hitz egin nahi genuela, ez soilik zenbaki sailak mugitzeaz. Ez dira prest egon ezein gai politiko negoziatzeko.

Pedro Azpiazu sailburuak zuen elkarrizketarako borondatea nabarmendu zuen; EH Bilduri, berriz, egotzi zion aurrekontuez harago joan nahi izatea.

Ez dute gai politikoez hitz egin nahi izan. Erantzunean, gure planteamendu [politiko] guztiak baztertu zituzten, eta ez da aukerarik egon hitz egiteko. Beste indar batzuekin izandako elkarrizketez, sailburuari galdetu beharko zaio ea interesik izan duten irudi jakin bat emateko. Guk negoziazioaren aldeko jarrera izan dugu, aitortuta maximoetako proposamen bat egin dugula eta ez zegoela marra gorririk.

Iaz, aurrekontuen negoziaziotik kanpo geratu zen Ezker Anitza, eta kontuak babestu zituen Ahal Dugu-k. Zergatik erabaki duzue aurten parte hartzea?

Iaz ere esan genuen ez genuela marra gorririk. Osotasun bat hartzen duzu kontuan. Iaz, momentu batean ikusi genuen gairik garrantzitsuenak ez zirela negoziatzen jarraituko; zerga erreforma, diru sarrerak bermatzeko errentaren murrizketak leheneratzea... Ez genuen tarterik ikusten negoziatzeko, uste baikenuen lor genezakeen akordioan ez ginela eroso egongo.

Abiapuntu hori aurrez negoziatu al duzue koalizio barruan?

Bai. Iazkoaren oso antzekoa izan da, haustura kenduta; plataforma bateratu bat osatu genuen, ezarri genuen ez zegoela lerro gorririk, eta negoziatzen hasi ginen. Eta, aurrera egin ahala, alderdi bakoitzak erabateko askatasuna dauka erabakitzeko aurrera jarraituko duen ala ez.

Ahal Dugu-k zuzendaritza aldatu du. Ezker Anitza erosoago al dago kide berriekin?

Esango nuke aurrekontuen tramitazioan baietz, erosoago gaudela, kontu politikoak guretzat garrantzitsuak direlako eta modua ematen duelako koalizioa batuta joateko bukaerara arte. Iaz, ez zen erraza bi posizio izatea, ez zen guk nahi genuen zerbait; uste dut oso ongi kudeatu genuela, koalizio barruan hala adostu genuela elkarri min ez egiteko, beste alderdiaren posizioa errespetatuz. Baina egia da posizio komun batean erosoago gaudela. Edonola ere, ez gaude deseroso desadostasunean; esplizitatzen ditugu, bi alderdi gara, programa komun bat dugu.

«Bertigo politikoa» izatea egotzi dizue Azpiazuk.

Gobernuak argi utzi du ez dagoela prest bere aurrekontuen logika politikoa aldatzeko. Bagenekien oso zaila zela, gehiengo absolutua dutelako, baina pandemiaren egoera eta Espainiako Gobernuak ezkerrera eginiko mugimendua ikusita, uste dugu aukera ona dela aldaketa politiko jakin batzuk ezartzeko. Guri ez digu bertigorik ematen; ados jarri gara leku diferenteetan, eta ez dugu aurrez EAJren aurkako posizio bat. Baina oraingoan ez zegoen nahikoa elementurik guk euren aurrekontuak babesteko.

Talde guztiekin eginiko bileretan, Azpiazuk gogorarazi du Jaurlaritzak gehiengo absolutua duela. Alperra pasatzen ari dira?

Lehen bileran argi utzi ziguten gehiengo absolutua dutela; denok dakigu hori, ez dago bilera bat hasi beharrik hori adieraziz. Horrek ez ditu gauzak errazten. Tratua atsegina izan da, eta negoziatu dute. Baina hasieratik zeukaten argi gehiengoa dutela eta ez zutela apur bat ere emango. Haiei ere interesatzen zitzaien, guk kontuak doan babestuz gero, bakarrik agertuko ez diren irudi bat ematea, alperra pasatzearen irudia kentzeko. Baina ez zeuden prest praktikara eramateko.

Zerga erreforma bat jaso duzue proposamenean. Jaurlaritzak atea itxi dio.

2016tik zerga erreforma bat eskatzen ari gara; eta 2018tik, guri zerga erreformaz hitz egiteko jartzen dizkiguten baldintzak ez zituztela bete 2018an aurrekontuak PPrekin adostean. Bi neurri dituzte; PPrekin posible izan zen, baina gurekin, ez. Horrek zerikusia du honekin: EAJren zerga eredua PPtik gertuago dago guretik baino.

Aurrekontuen eztabaidan, zenbateraino eragin dute Espainiako Kongresuko gehiengoek?

Testuinguruak eragina du, hori ukaezina da, baina ez genuen truke bat nahi. Errespetua izan behar zaio herrialdeari: Euskadiko aurrekontuak dira, eta hemen negoziatzen dira. Gainera, guk ezin dugu ados ez gauden aurrekontu bat babestu soilik hemen gobernatzen duen alderdiek Espainiako aurrekontuak babesten dituztelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Naziometroa: termometro eta iparrorratz

Barandiaran: «Herri estrategia baten definizioa beharrezkoa da»

Berria

Zelai Nikolas legelariaren gidaritzapean, Parte Hartuz ikerketa taldeko Arkaitz Fullaondo, EAJko Xabier Barandiaran, Unidas Podemoseko Roberto Uriarte eta Iratzar fundazioko Floren Aoiz ari dira solasean, Naziometroa: termometro eta iparorratz izenburupean.

Sindikatuek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, protesta iragartzeko. ©LAB

Zaintza, oroimena eta borroka aldarrikatuko dituzte Martxoaren 3an

Maddi Ane Txoperena Iribarren

45 urte igaro dira Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bortz langile hil zituela. Omenaldia eta manifestazioa eginen dituzte Martxoaren Hiruaren plazan, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta.

Eneko Calle eta Mikel Casado, gaur, Bilbon. ©FORO SOZIALA

Bizikidetza demokratikoari buruzko hitzaldi ziklo bat antolatu du Foro Sozialak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon eginen dituzte solasaldiak, martxoko lehen lau astearteetan, bizikidetza hainbat arlorekin lotuta: hala nola komunikabideekin, Elizarekin, kulturarekin eta gizarte mugimenduekin.

Olatz Garamendi, Eusko Legebiltzarrean. ©Raul Bogajo / Foku

Garamendik dio espetxe eskumenaren negoziazioa «nahikoa aurreratuta» dagoela

Jon O. Urain

Espetxe eskumenak «lehenbailehen» eskualdatzea espero du Jaurlaritzak, «letra txikia» negoziatzen ari direlako. Gainera, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea «aurki» berrosatuko dela aurreikusi du Autogobernu sailburuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.