Iñaki Moreno. Nafarroako Osasun Plataformako kidea

«Osasuna negozio handi bat da: hor dago arriskua, eta erronka»

Mutualitateen jarduna aztertu du Morenok. Nafarroako Osasun Plataformako kideak dio langileak kontrolatzea dela helburua: «Osasun pribatuak lehia bidegabea egiten dio publikoari».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako Osasun Plataformako kidea eta medikua da Iñaki Moreno Sueskun (Larraga, Nafarroa, 1956). Plataformako beste kide batekin, Mikel Diez de Ulzurrun Sagalarekin, mutualitateak aztertu ditu. Lan Istripuen Mutualitateen Elkarteak txosten bat atera du; hartan, gaixotasun arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren ondoriozko absentismoa aztertu du. Morenok Hego Euskal Herriko egoera salatu du, mutualitateek diru publikoarekin osasun pribatua indartzen dutelako.

Zer da gaixotasun arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren ondoriozko absentismoa?

Gaixo baimen arruntei egiten die erreferentzia; hau da, lan istripuei eta lan gaixotasunei lotuta ez daudenei. 1990era arte, lan istripuek eta lan gaixotasunek eragindako gaixoaldiez arduratzen ziren mutualitateak. Gaur egun, eskumen gehiago eman zaizkie: tartean, gaixotasun arruntek eragindako gaixoaldiak kudeatzea; adibidez, hotzeria. Gehienetan, zentro pribatuek kontratatzen dituzte mutualitateak, Gizarte Segurantzaren ikuskapenik gabe.

Nork kudeatzen ditu gaixo agiriak?

Gizarte Segurantzak, ikuskapen medikuak —osasun zerbitzu publikoak—, mutualitateak eta gaixo agiria preskribatzen duen medikuak. Hortaz, langile bakoitzak lau profesional ditu ikusteko bajan egon behar duen. Batzuetan enpresek mediku pribatu bat kontratatzen dutenez, bost pertsonak kontrolatzen dute langilea. Xahubide bat da, eta ez du justifikaziorik. Enpresarien interesengatik da; uste dute gaixoaldian dauden langileak ustezko iruzurgileak direla; ez du zentzurik.

Nondik dator dirua?

Mutualitateek kudeatzen duten dirua Gizarte Segurantzarena da. Gaixoaldian gaudenean, laguntza ekonomikoa Gizarte Segurantzatik ordaintzen da, eta osasun asistentzia, berriz, zergen bidez. Hortaz, kotizazio publikoa osasun pribatua finantzatzeko erabiltzen dute. Espainiako Estatua da hori egiten duen bakarra. Bost axola die prebentzioak; norbaitek gaixo baimena hartzean, ahalik eta azkarren lanera itzultzea nahi dute. Probarik gabe akusatzen dituzte, eta esan langileek arrazoirik gabe luzatzen dituztela bajak. Langile gutxi direla diote, ezin baitute esan denak iruzurgileak direla.

Nola eragiten diete mutualitateek osasun sistema publikoari?

Mutualitateek zalantzan jartzen dute osasun sistema publikoak nola kudeatzen dituen gaixoaldiak. Mutualiateek probak proposatu, diagnostikoak aurreratu eta tratamenduak proposatzen dituzte altak lehenago emateko.

Eta Gizarte Segurantzari?

Langileek Gizarte Segurantzarako kotizatzen duten diruaosasun sistema pribaturako erabiltzen dute. Biztanleria aktiboa hartu, eta sistema pribatua sortzen dute haientzat. Produzitzen dutenentzako sistema berezi bat sortu nahi dute, baliabide gehiago dituen sistema bat. Agintari politikoek esaten dute eredu publiko-pribatuaren alde egiten dutela, baina diru publikoarekin osasun pribatua ordaintzen dute. Gizartearen osasuna negozio handi bat da: hor dago arriskua, eta horren kontra egitea da gure erronka.

Horrek osasun sistema bikoitza egotea eragiten du?

Dudarik gabe. Osasun sistema publikoak pertsona guztiak artatu behar ditu, baina mutuek hautatu egiten dituzte pertsonak. Ikusten dutenean tratamendua zaildu daitekeela, ez dute onartzen lan istripua edo lan gaixotasuna dela, eta osasun sistema publikora bideratzen dute. Osasun sistema pribatuak lehia bidegabea egiten dio osasun sistema publikoari. Helburua da langileak azkar osatzea, ahalik eta azkarren lanera itzultzeko. Horrek bi sistema eragiten ditu: bata baliabide pila bat dituena, pribatua, eta bestea itxaron zerrenda luzekoa, baliabiderik gabea, publikoa.

Horrek osasun sistema pribatua indartzen du?

Bai, pribatizaziorako tresna bat da. Gainera, pandemiaren ondorioz, nabaria da osasun sistema publikoaren baliabideen gainbehera. Europako beste tokietan alderantziz egiten dute: dena osasun publikoan kudeatzen dute.

Zer dago horren atzean?

Bi helburu nagusi daude: batetik, langileak gehiago kontrolatzeko tresnak garatzea eta izua sortzea. Lan munduan oso orokortua dago beldurra, eta horrek areagotu egingo luke, gaixo baimen bat ukatu diezadaketelako, edo lanera lehenago joatera behartu. Bestetik, funts publikoen bidez osasun pribatua indartu nahi dute.

Zer dakar pribatizazioa gero eta gehiago zabaltzeak?

Bada txiste bat zera esaten duena: «Ikusiko duzu zer galdu duzun osasun txartelaren ordez kreditu txartela eskatzen dizutenean». Gero eta aseguru pribatu gehiago kontratatzen dira, lehen mailako arreta oso ahul baitago. OME Osasunaren Mundu Erakundeak dio gutxienez aurrekontuaren %25 erabili behar dela lehen mailako arretarako, baina %17n gaude. Urteak daramatzagu igotzeko eskatzen, baina ez dago modurik.

Desinformazioa al dago gaiari buruz?

Mutualitateek, poliki-poliki, gero eta gehiago kontrolatzen dute osasun publikoa. Ez da bat-bateko kontu bat izan: eskumen gehiago lortuz joan dira. [Espainiako] Estatuko aurrekontu orokorretako lege osagarrietan zehazten da hori. Abenduaren 28an bozkatuko dute, beste 500 artikulurekin batera. Oporretan daudenean egiten dute; hortaz, ez dago eztabaida sozialik, opakua da, eta ez dira erakunde handi hauen botereaz jabetzen. Sindikatuek ez dakigu zergatik ez duten deus esaten.

Diozuenez, badago alternatiba.

Legearen arabera, mutualitateen baliabideak osasun sistema publikorako erabil daitezke. Guk hori eskatzen dugu, baina gobernuek ez dute egiten. Esaten dugu osasun sistema publikoak baliabide gehiago behar dituela: mutualitateen baliabideak aprobetxatu beharko genituzke osasun publikoa indartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.