Euskal presoak. Bilboko eta Baionako mobilizazioak. Vincent Bru. Euskal ordezkaritzako kidea eta diputatua (Martxan)

«Biktimek ez dute erabakitzerik non atxiki presoak»

Egoera ez du «blokeatua» ikusten. Bruren irudiko, kontua da «pixka bat aitzinatzea zaila» dela, izan kondena luzeak dituztenentzat, izan emazte presoentzat. Bruk dio emazteei «proposamenak helarazi» behar zaizkiela.

Nora Arbelbide Lete.
Kanbo
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Diputatu denetik, euskal ordezkaritzako kide da Vincent Bru (Baiona, 1955). Gaurko manifestaldian izanen da; haren irudiko, «presoak hurbiltzea defendatu behar den kausa bat» baita. «Borroka hori zuzena da», dio. Eta pentsatzen du «zilegitasuna» baduela horretarako: «Kontua ez da gehiengoan naizelako mututurik gelditu behar dudala gobernuaren lana ez zailtzearren. Ez da gobernuaren aurkako jazarraldia. Alderantziz. Lekuko ere izan behar dugu».

Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak berretsi du bere «atea irekia» dela, elkarrizketa ez dela «hautsia». Zer diozu zuk?

Egoera ez da blokeatua, ez. Kontua da pixka bat zaila dela aitzinatzea. Pixka bat dorpeak diren kasu batzuk hunkitzen ditugulako. Gainera, hasieratik abisatu gintuen Helene Davok [Frantziako Justizia Ministerioko kabineteko arduradunak] kasu horiek agertuko zirelarik gauzak konplikatuko zirela. Baina erran gabe ezinezkoa izanen zela.

Zer diozu egoeraz?

Guk, orain, ez dugu aterabiderik ikusten. Ez baitigu deus proposatzen. Alabaina, ezin da erran egoera blokeatua dela, bere atea ez baita hetsia. Baina, halere, ez dugu ikusten harekin berehala biltzeko interesik. Kontua ez da hark ez duela gurekin bildu nahi, baizik ez dugula galdegin harekin biltzea azken alditik, ez baitugu ikusten zer aitzinamendu lor dezakegun orain.

Kasu dorpeak diozularik, zer erran nahi duzu?

Kondena dorpeak, batzuen kasuan, odol krimenak.

Ministroak dio, alde batetik, egoera normalizatua dela, baina, bestetik, aipatzen du dosier batzuetan «sentsibilitate politiko handia» dagoela, «partikularki terrorismoaren biktimen elkarteei begira», eta, horren ondorioz, ezin dituela denak maila berean tratatu. Ez ote dago hor kontraesanik?

Ez, dosierrak kasuan kasukoa lantzen direlako. Denak ez dira egoera berean eta ez dira gertakizun berentzat kondenatuak.

Orduan, egoera ez da normalizatua: zenbait presok ez dituzte eskubide berak.

Ez da horrela. Deus ez baita automatikoa. Garrantzitsua da onartzea gauzak mailakatuak direla.

Helene Davok erran izan du espetxe politikarako garrantzitsua dela ETAren biktimen elkarteen iritzia.

Bada zerbait ez dudana ulertzen nik: biktimen eskubideak aipatzea. Batetik, denak joan gara biktimen elkarteen ikustera. Nihaur Donostiara joan nintzen Max Brissonekin [LRko senataria]. Coviteko bi arduradun nagusiekin elkartu ginen udaberrian. Bigarrenik, puntu garrantzitsu bat dago: presoen hurbiltzea ez da biktimei egiten zaien ofentsa bat. Biktimek ez dute erabakitzerik zer presondegitan atxiki presoak. Hori ez da existitzen Frantziako zuzenbidean. Horretan ez naiz ados Davok egiten duen analisiarekin.

Grande-Marlaskak lortu du Davok presorik ez hurbiltzea aitzinetik kontsultatu gabe biktima elkarte nagusiei.

Guri ez digu nehoiz hori horrela erran. Ondorioz, ez naiz hain fermuki mintzatuko. Erran bezala, pentsatzen dut atea ez dela hetsia.

Joan den asteburuko adibide bat: Roanneko presondegirako bisita. Bilbotik familia bat. Haur bat hamazazpi hilabetekoa ,eta beste bat lau urtekoa. Bi aldiz 900 kilometro, eta hiru gau hoteletan. Mintzategiak, gainberotuak. Bi haurrekin. Hori ere bada oraintxe batzuentzat bake prozesuak erran nahi duena.

Onartzen dut batzuentzat zaila dela, baina beste batzuentzat egoerak hobera egin du. Ez da karikaturarik egin behar. 25 preso hurbildu dituzte. Eta hau berria da, aitzineko egoerarekin konparatuz geroz. Gobernuak, lehen aldiz, eskaera hori kontuan hartu du. Baikorrak diren erabakien hartzen hasi da. Lehendakaritzarako hauteskundeak aitzin, bakar bat ere ez zuten hurbildu. DPS estatutua ere kendu die gehiengoari. Gero, gelditzen direnetan, emazte presoen arazo berezia dago. Zuk hartu bisita adibidea horri lotua da. Egia da Loire ibaitik behera ez dagoela emazte presondegirik. Ez dugu egitura egokiturik. Emazteen hurbiltzeko aukera errealik ez dago. Baina, halere, azpimarratu nahi nuke Justizia ministroak jarrera baikorra erakutsi duela emazte presoei begira irratiko elkarrizketa horretan.

Administrazioari dagokio aukera hori eskaintzea.

Administrazioa ez da behartua presondegi baten eraikitzea bakarrik euskal presoentzat.

Familientzat.

Pertsona aski guti hunkitzen du.

Gutxiengoan direnez, bi aldiz diskriminatzen dira.

Ez dut uste. Uste dut negoziatu behar dela preso emazteekin. Egina izan da partez, funtsean. Haiek hauta dezaten leku eskuragarriena zein izan daitekeen. Ez da erraza esatea, adibidez, Rennesera joatea Parisera joatea baino errazago den. Nahiz eta Rennesen ongi hornitutako zentro bat baden.

Mont-de-Marsanen solairu bat antolatzen ahal dela esan izan zen garai batez.

Baina horrek behar ditu azpiegitura aski konplikatuak. Ezin baitira gurutzarazi gizonak eta emazteak, bereziki ikusirik zein diren presoak, usu sexuari lotu aferengatik baitira preso. Beraz, biziki delikatua da. Horrek esan nahi du dena gainetik beherera berriz antolatzea, zirkulazio bideak eta. Obra inportanteak. Eta bizkitartean, neurri horiek ez lukete zigortu behar Mont-de-Marsaneko presoen bizia. Dena den, horretarako, lehenik erabakia hartu behar dute, gero, finantzamendua aurkitu, obrak abiatu... Espero dut hemendik zenbait urtera galdera horiek kudeatzeko errazagoak izanen direla.

Eta anartean?

Emazteei proposamenak helaraztea litzateke. Haientzat, aukera txarrenetan hoberena zen izan daitekeen. Arazo bat da hori, egia da. Eta gero, beste arazo bat da bizi guzirako presoaldira kondenatu dituzten presoena. Kasik 30 urte beteak dituzte. Hiruetarik bi ikusi ditut. Presoek ez dituztelarik gehiago ekintza terrorista horiek aldarrikatzen, bake prozesuarekin bat egiten dutelarik, ulertua dutelarik ETAren historia bururatua den historia dela, nahiz eta gaur egun ondorioak dituen, biktimentzat bai eta ere presoentzat. Guk pentsatzen dugu justiziak kontutan hartu behar duela aldaketa hori eta preso horiek askatzeko asmoa izan. Beren jarrera akasgabea izanez geroz, eta engaiatzen badira ordena publikoa ez trabatzera.

Frantziako presidentearen alderdikidea zara; Miarritzera etortzekoa zela eta, ohar bat pasaraztekoa zinela aipatu zen. Emmanuel Macron ez zen etorri azkenean. Pasarazi zenion halere beste bide batetik?

Gehiengoko diputatu gisa presidenteari ohar bat pasaraziko diot, bai. Baina ulertuko duzu presidenteak izatea lehentasuna oharrak dioena jakiteko.

Eskubideak lehenesteko garaia

Salbuespenetik bizikidetzara

«Presoen gaia desblokeatu da, baina itxaropenak ez dira bete»

«Madrilek ez ditu kontuan hartzen osasun irizpideak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.