Nerea Azkona. 'Madre en duelo' liburuaren egilea

«Sabelean, erditzean eta erditu ostean ere hiltzen dira umeak»

Dolu perinatalaren inguruko ezjakintasuna eta enpatia falta salatu ditu Nerea Azkonak bere azken liburuan. Bizipenetan oinarrituta ere idatzi du: lau ume galdu zituen bost urtean.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Naroa Rios
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Jaiotzaren inguruko galerak hiru multzotan bana daitezke. Haurdunaldikoak hamalau astera artekoak dira; perinatalak, epe hori igaro eta erditu artekoak; jaio eta gutxira hildakoek osatzen dute hirugarren multzoa. Lau emakumetik batek galtzen du haurra. Nerea Azkonak ere (Barakaldo, Bizkaia, 1982) bizi izan du hori: lau haur galdu zituen bost urtean. Antropologoa eta zientzia politikoetako doktorea da. «Doluan dagoen amatzat» dauka bere burua. Adierazi duenez, hitz horiek «izaera politikoa» ematen diote bere eskubideak eta egoera berean dauden emakumeenak aldarrikatzeko, besteak beste. Madre en duelo (Doluan dagoen ama, Gato Mojado) izena du bere hirugarren liburuak, eta Auri Lizundia ezizenarekin sinatu du. Liburuak «oso ohikoa den errealitate isildu batez» hitz egiten du, eta bere esperientzia pertsonalean oi narritzen da.

Zer harrera izan du liburuak?

Oso ona, oso pozik nago. Liburua kaleratu baino bi egun lehenago, ordea, izutu egin nintzen. Izan ere, nire lau doluak ez nituen kontatu. Liburua kaleratu ondoren pasatu zitzaidan beldurra.

Zein behar asetzen du liburuak?

Batetik, jendeari tresnak ematen dizkio, horrelako zerbait pasatzen bada modu egokian erantzuteko. Bestetik, emakumeei jakinarazten die ez daudela bakarrik, ez daudela erotuta, eta ez dutela zertan isilik egon. Eta, azkenik, osasun sistemako langileek hausnartzeko idatzi dut liburua. Oraingoz, jarritako helburuak betetzen ari naizela uste dut.

Zergatik uste duzu ez dela hitz egiten dolu hauei buruz?

Emakumeen kontua denez, tontakeria bat dela erakutsi digutelako. Hori oso argi uzten digute haurdun geratu osteko lehen kontsultatik: «Ez esan ezer hamabigarren astera arte, badaezpada». A zer lasaitua... Ziur nago haurdunaldietan tripa barrurantz haziko balitz gehiago luzatuko luketela isilik egoteko denbora. Gainera, hamabigarren astearena ez da egia.

Zergatik?

Umeak amaren sabelean, erditzean eta erditu ostean ere hiltzen direlako. Gezurrak min egin dezake: garrantzia kentzen dio epe laburrean umeak galtzen dituen amari; hamabi asteon ondoren galtzen dituztenei, ordea, itxaropen faltsuak sorrarazten dizkiete.

Liburuan, dolua zeharkatzen duten hainbat faktore aipatzen dituzu: osasun arreta, harremanak, osasun mentala, senide eta lagunengandik jasotzen den erantzuna... Horietako zein da faktore nagusia dolu perinatalak tabu izaten jarraitzeko?

Osasun arreta. Osasun zerbitzua, gizartea bezala, oinarri matxistetan eta hegemonikoetan eraikita dago. Oso bortitza da, eta normalizatuta daukagu. Osasungintzan eskaintzen duten tratu txarra ohikotzat daukagu. Ginekologoarengana joatea, esaterako, ez da atsegina izaten. Gainera, ingurukoengandik halako tratu bat sentitzeak ustekabean harrapatzen gaitu.

Zergatik ustekabean?

Ingurukoengandik erantzun hobe bat espero baituzu. Gaiaren inguruko ezjakintasunak garrantzia kentzen dio, eta horrek min egiten du. Enpatia faltarekin egiten duzu topo. Jendeak ez daki nola jokatu, eta askotan ospa egiten du: doluan dagoen amari zer esan jakin gabe geratzen dira.

Zer ondorio dakarte osasungintzan jasotako tratu txarrek?

Zama besterik ez dizu eransten. Ez dira ohartzen osasun profesionalen hitzak zer garrantzitsuak diren amentzat: jasotzen dituzten lehen hitzak dira, ahaztezinak. Oso garrantzitsua da enpatia eta indarkeriarik gabeko komunikazioa garatzea. Kontsultatik atera, eta haien lanaldia amaitu egiten da; zure dolua, berriz, hasi besterik ez da egin. Kolpe batez desagertzen da dena, hiru hitzekin: «Ez dago taupadarik». Taupadak ez ezik, zure identitatea eta itxaropenak ere galtzen dituzu.

Nola da etxera itzultzea?

Beldurgarria. Etxea inoiz baino handiagoa da. Bakardade ikaragarria sentitzen da.

Liburuan salatu duzu medikuek oso informazio gutxi eman zizutela. Zein da arrazoia?

Ez diotela garrantzirik ematen. Ez dute hitz egiten hil diren haurrez. Eta, finean, hitz egiten ez dena ez da existitzen. Ez dugu hitz egiten erditzeaz, heriotzaz, gorpuaz.... Ebakuntzez hitz egiten dute. Amaren sabelean hilik dagoen horri, ume deitu beharrean, fetu deitzen diote, medikuen terminologia erabili behar omen dutelako. Primeran... Hori aski ez, eta halako ezjakintasun une batean erabakiak hartzera behartzen gaituzte. Sinestezina da zaurgarritasun handieneko unean, hildako haur bat erditzen ari garenean, erabaki guztiak hartu behar izatea.

Zer eragiten du ezjakintasunak?

Zure eskubideak bermatzeko aukera galtzea. Adibidez, erditu ondoren, gorpua ikusteko aukera gal dezakezu, eta haurraren aurpegia ikusi gabe gera zaitezke. Niri ez zidaten esan nire semearen gorpua lurperatzeko aukera nuela. Orain, badakit gorpua zabortegi batera bota zutela azkenean, giltzurrun baten ondoan.

Nola deitu beharko liokete medikuek umeari edo fetuari?

Hori amari galdetu beharko genioke. Norberak erabaki dezalaume, haur edo alien deitu nahi dion. Norberarena baita: nirehaurra, nire aliena, edota nire gauza. Askoren ustearen kontra, amarentzat ez da deserosoa izaten erditzean jaio behar duen horri izena ematea. Gainera, doluan eragin onuragarriak ditu.

Noiz izan daiteke garai aproposa erabaki horiei buruzko informazioa jasotzeko, egoerari aurre egiteko?

Zoritxarrez, taupadarik ez dagoenean. Orduan, presarik gabe jokatu behar da: ezinbestekoa da ama informatzea.

Zer egin daiteke medikuek informazioa ematen ez badute?

Elkarteetara jo. Esku Hutsik elkarteko kidea naiz ni, eta beharrezkoa den informazio guztia ematen dugu bertan.

Halako zerbait gainditzen al da? Mina desagertzen al da inoiz?

Ez, baina eraldatu egiten da. Egun batean konturatzen zara dena ondo dagoela, baina ez dela inoiz berdina izango. Barre egin dezakezu, zoriontsu izan zaitezke, beste proiektu batzuk eduki ditzakezu, beste seme-alaba batzuk izan... Nire kasuan, nire bertsio hobe bat bihurtu naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.