Osakidetzako garbitzaileak hiru asteko grebara deitu dituzte

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek egin dute deialdia, apirilaren 26tik aurrera. ELA bere kabuz ari da greban, hilaren 30era arte

Garbitzaileak, Eusko Legebiltzarraren aurrean protestan. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Apirilaren 26tik maiatzaren 16ra, beste hiru asteko lanuztera deitu dute LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek Osakidetzako garbiketan. Osakidetzari eta garbiketarako azpikontratatzen dituen enpresei «presioa» egiteko deitu dituzte langileak grebara, azaldu dutenez. Izan ere, esan dute negoziazioaren fase «erabakigarri batean» sartzekotan daudela: karrera profesionalaren auziaren inguruan mintzatuko dira hurrengo asteetan.

Aurreikusi dute «negoziazio zaila» izango dela, eta, besteak beste, langileek karrera profesionalaren 2012ko eta 2022ko deialdiengatik egokitzen zitzaizkien atzerapenen ordainketaz hitz egingo dutelako. Horiek horrela, negoziazioa aurrera doan bitartean, langileek beharrezkotzat jo dute Osakidetzak eta enpresek «langileen presioa» antzematea: «Etengabe luzatzen ari den gatazka da hau, eta uste dugu momentu hau bereziki erabakigarria dela». Horrez gain, dei egin dute «borrokan» jarraitzeko, «martxoan egin dugun bezala»: «Osakidetza atzerapauso bat ematera derrigortzeko, ezinbestekoa da langile guztien ekarpena». ELAk, berriz, joan den astean esan zuen apirilaren 30era arte luzatuko zuela bere greba deialdia.

Langileek ia 40 egun daramatzate greban, euren lan baldintzak Osakidetzako langileenekin berdindu ditzatela exijitzeko, eta sindikatuek salatu dute lan gatazka ez dela konpondu oraindik.

Haserrea Basurtun

Bestetik, Basurtuko erietxeko (Bilbo) 35 zerbitzuburuk salatu dute Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale horretan egindako inbertsioak «muturrera arte» jaitsi dituztela, «azpiegituren narriadura geroz eta handiagoa den arren». Horrez gain, azaldu dute Gotzone Sagarduiren sailak ospitaleko unitate batzuk «desegin» dituela, eta bitartean, beste erietxe batzuei «punta-puntako materiala» eta «berrikuntzak» finantzatzen dizkiela. Hala, Osasun Sailari leporatu diote Basurtuko ospitalea «anbulatorio handi bat» bihurtu nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.