Espetxe eskumenak premia eta lehentasuna duela diote EAJk eta EH Bilduk

Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeko bost taldeetako ordezkariak Zaballako espetxean izan dira. Lau orduko bisita egin dute

Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeko bost taldeetako ordezkariak, atzo, Zaballako espetxe atarian. BERRIA.
enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak espetxe eskumena datorren urteko urtarrilerako agindu dio Jaurlaritzari, eta Eusko Legebiltzarreko taldeak ari dira espetxe eredua finkatze aldera lan batzuk egiten. EH Bilduren ekimenez, Lan eta Justizia Batzordeko bost taldeak atzo Zaballako (Araba) kartzelara joanziren, nola funtzionatzen duen ikusteko, eta, otsailean edo martxoan, espetxe ereduari buruzko saio monografikoa egingo dute EAEko parlamentuan. Eskumena izateak «premia» eta «lehentasuna» daukala esan dute bi talde nagusiek: EAJk eta EH Bilduk.

Elkarrekin Podemos, PSE-EE, PP eta bostak joan dira Zaballara, eta lau orduko bisita egin dute. Kartzelako zuzendaritzak, taldearen aurkezpena egin ostean, azpiegiturei, presoen soslaiei eta okupazio mailari buruzko azalpenak eman dizkie, eta instalazioak ezagutu dituzte. Besteak beste, EAJtik Jone Berriozabal eta Unai Grajales joan dira, EH Bildutik Jone Goirizelaia eta Julen Arzuaga, Elkarrekin Podemosetik Juan Luis Uria, PSE-EEtik Alexia Castelo eta PPtik Nerea Llanos.

EAJk prentsa ohar baten bidez adierazi du Gernikako Estatutuan eta Jaurlaritzako gobernu akordioan jasota dagoela espetxeeskumena, eta aintzat hartzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari. «Deitoratu» egin du Madrilek «espetxeen kudeaketaren» negoziazioa aurtengo uztailera arte «atzeratu» izana eta 2020ko urtarrilean ixtea aurreikusi izana. «Eskumena premiazkoa dela uste dugu. Ezin da inoren apetaren mende egon. Ez dago arrazoirik atzeratzea edo legea bete gabe uztea justifikatzeko. Legea bete egin behar da, eta estatutua legea da, batzuek komeni zaienean soilik gogoratzen badute ere».

EH Bilduko ordezkaritzak espetxe atarian hitz egin du. Goirizelaiak azaldu du Zaballako bisitarekin ikusi dutela «gauzabatzuk ondo» egiten ari direla kartzela hartan, baina uste du eskumenarekin «gauzak hobetu eta beste era batera» egin daitezkeela. Transferentzia egitearen «premia» aldarrikatu du.

PP ere mintzatu da, baina ezbisitan izan den kide baten bidez, Iñaki Oiarzabal EAEko zuzendaritzakidearen bitartez baizik.Esan du ez dela hau eskumena igortzeko «garaia». «[EH] Bilduri besotik helduta, [Espainiako] Konstituzioari hordagoa jo dio EAJk. Estatutua gainditu nahi dutenek horko eskumenak eskatzeak broma bat dirudi», Oiarzabalen arabera. ETAren kontua ere atera du PPk, eta iritzi dio EAJk, eskumenarekin, «gustura» utzi nahi dituela EH Bildu eta «Batasunaren eta ETAren munduak».

Egun bost euskal preso baino ez daude Zaballan: Langraiz bideko lau eta EPPK-ko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.